Paleolito garaiko artea
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Prehistoria iturri idatziak existitzen ez direneko garai gisa definitzen badugu, "arte prehistoriko" izenak bere barnean hartuko lituzke Europako Paleolitoko lehenengo kreazio artistikoetatik hasi, eta egunotan oraindik Paleolitoan bezala bizi diren munduko hainbat kulturaren arteraino. Erreportaje honetan mendebaldeko Europari begiratuko diogu, eremu kronologiko eta geografiko zehatz batean kokatuko gara. Paleolito garaian mendebaldeko Europan garatutako lehenengo artea arakatuko dugu. Aztarnategietan aurkitutako objektuak, nahiz eta horietako batzuk ere artea izan, ez ditugu aztertuko. Izan ere, arte Paleolitoa bi adierazpen mota nagusitan banatu ohi da, batetik haitzulo eta harpeetako paretetan egindakoa (horma-artea), eta bestetik, euskarri aske edo mugigarrian egindakoa, hezur batean, harri batean, tresna edo objektuetan (arte higigarria). Lan honetan hormetako artelanen inguruan arituko gara, haitzuloetan egin ziren lehenengo artelanez. Paleolito garaitik aurrera, jakina, ondorengo kultura eta garaietan ere izan dira geroztiko arte espresioak, mesolito garaian, Neolitoan, metalen aroan...

Arte Paleolitoaren ikerketa nahiko berria da, jakintza-arlo honen onarpena XX. mendearen hasieran egin baitzuen zientzia "ofizialak". Gainera, kasualitatezko aurkikuntzetan oinarritu da batik bat, edota indusketa baten prozesu konplikatuan. Horrek eragin du arte prehistorikoaren kronologia, lekutze geografikoa eta interpretazio desberdinak, neurri batean probisionalak izatea, eta horrela ulertu behar dira. Izan ere, pinturadun koba berri baten aurkikuntzak, agian, konfirmatu egin ditzake orain onartuak dauden planteamenduak, edo agian aldatu.

Beraz, arte Paleolitoaren inguruan, gauza asko ez dakizkigu oraindik. Arte espresio hauek gutxi gora behera noizkoak diren bakarrik dakigu, irudiak gutxi gora behera nola egiten zituzten ere bai. Zer esan nahi duten edo zergatik egiten zituzten galdetzerakoan, zalantza handiagoak agertzen dira...

Paretetako artea goi-Paleolitoan agertu zen. Lehenengo arte espresioak emakume sexualitatearen errepresentazioak dira. Cromagnon gizakiak, duela 35.000 urte, emakume aluak marrazten zituen arrokan edo beste gainazal batzuetan. Duela 29.000 bat urte, lehenengo arte higigarria agertu zen: venus deitu diren emakume irudi txikiak, emankortasunaren sinbolo gisa interpretatu direnak. 10.000 bat urtetan zehar irudi hauek dominatu zuten espresio artistikoa. Iruditxo hauek ia Europa osoan aurkitu dira, Errusiatik mendebaldeko Atlantikoraino. Paretetako artea duela 23.000 urte agertu zen gutxi gora behera, eta zona batean kontzentratua: area franko-kantabrikoa deitu dena. Horma artearen lan gehienak duela 17.000 eta 12.000 urte artean eginak dira, Madeleine aroa deiturikoan.

Zero askoko urte kopuru hauek aipatzerakoan erraza da denboraren perspektiba galtzea. Horrela, askotan ez gara ohartzen gu denboran gertuago gaudela Madeleine aroko artista haietatik, beraiek duela 30.000 urte baino gehiago lehenengo irudiak sortu zituzten beren arbasoengandik baino.

Horma-arteak badu ezaugarri berezi bat, aurrerago ikusiko ditugun beste batzuekin batera: irudiak ez daude inoiz haitzuloen sarreran, gizakien eguneroko bizitza egiten zen lekuan, kobetako alderdi sakon eta gordeetan baizik, iristeko zailak diren sala ezkutuetan, eta askotan bistara ez dauden lekuetan. Haitzuloen barruan aurkitu izan dira garai hartan erabilitako koipe-lanpara asko, baina, bitxia da, inoiz ez dela aurkitu halako pasadizo gorde eta zail batean galdurik edo kanpora ezin itzuliz gelditutako "artista" haietako baten eskeletoa.


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403