Pintura Paleolitoen hondamena
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Paleolito garaiko horma-pinturak haitzuloetako baldintza egonkorretan milaka urte iraun dutelako iritsi dira guganaino. Kobaren barruan tenperatura eta hezetasun maila konstante mantentzen dira, gauez, egunez, udan edo neguan. Horregatik, haitzuloetako asko duela urte gutxi arte deskubritu gabe zeudelako, eta sarritan sarbide zaila dutelako, artista Paleolitoen lanak ikusi eta miresteko aukera izan dugu. Baina pinturak hauskorrak dira oso, eta haitzulo barruko aldaketa txikienek ere eragina dute beren kontserbazioan.

Horma-pintura Paleolitoen hondatzearen arrazoi negargarriena nahita egindako ganberrokeriak eta aztarna prehistorikoen espoliazioak dira. Koba batzuk lehendabiziko hominidoek baino adimen gutxiagoko jende ezjakinek egindako pintadaz beteak daude. Altxor-bilatzaileek eta estalaktita zein estalagmita lapurrek ere egin dituzte hamaika txikizio. Sarbide errazeko haitzuloak aspalditik ezagunak izan ohi dira, eta aterpe edo biltoki gisa erabili dituzte belaunaldi ezberdinek. Horrek ere pinturak ez kontserbatzea ekarri du, eta hondatutako irudiak betirako galtzen dira. Ongien mantendutako irudiak, sarbidea modu naturalean itxita eduki dutelako, duela urte gutxi aurkitu eta erakunde serio eta arduratsuren batek berehala bere gain hartutako kobetan daude, Ekaingo haitzuloan gertatu bezala.

Lehenengo pausoa, beti, kobaren sarrera atez edo burdin-hesiz ixtea izan da, eta bisitarien sartu-irtenak kontrolatzea. Baina adituak pinturak bisitarien presentziarekiko eta kobak argiztatzeko instalatzen diren argiekiko izugarri sentikorrak direla konturatu ziren. Pertsonen presentziak eragiten duen tenperatura igoera, hezetasun saturazioak eta karbono dioxido kontzentrazioak eragin larriak dituzte pintura Paleolitoengan. Bisitarien presentzia masiboak, koba barruko mikroklima aldatzen du, eta kaltzitaren formazioa azkartzen da, pintura edo grabatuak estaliz. Koba argitua egoteak goroldioei bertan hazteko bide ematen die. Atzerabiderik ez duten horrelako kalte konponezinak Santimamiñe-ko haitzuloan gertatu dira, adibidez.

Publiko zabalak artelan Paleolitoak miresteko aukera izan dezan, errepliken aukera hartu da zenbait koba garrantzitsutan, Lascaux-en, Niaux-en eta Altamira-n esaterako, eta orain dela gutxi, Ekain-en ere bai. Teknologia modernoenak erabiliz, kobaren barrualdearen erreprodukzio fidel bat egiten da, eta gero, gizaki Paleolitoak erabilitako material berdinekin, haitzulo originaleko irudien kopia zehatz bat. Azkenik, koba originalaren barruan egotearen inpresioa emateko, efektu ezberdinak erabiltzen dira: koba barruko tenperatura jartzea aire egokituaren bidez, kobako soinuak (ur tantak erortzen) erreproduzitzea, lurra irregularra egitea...


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403