Lekutze geografikoa: bihotz franko-kantabrikoa
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Arte Paleolitoa (bai horma-artea eta bai arte higigarria) ia Europa osoan zabaltzen da. Mediterraneo ekialdeko lurraldeetan izan ezik, penintsula iberiarreko eta Italiako hegoaldetik Siberiako azken muturreraino aurkitu da, toki bakoitzean bere xehetasun eta berezitasunekin. Horma-arteak eta arte higigarriak, bakoitzak, hedapen mota geografiko ezberdina du: arte higigarriaren aztarnategiak ia Europa osoan barreiatzen diren bitartean, horma-artea haitzulo ugari dituzten lurralde bakan batzuetan agertu da, izan ere, arrazoi geologikoak direla eta, lurpe guztiak ez baitira haitzuloak edukitzeko egokiak.

Pinturaz apaindutako kobazuloak, hala ere, ez daude kobazuloak dauden leku guztietan. Orain arteko ikerketen arabera inguru nagusi batean kontzentratuak daude: penintsula iberiarraren iparraldean eta Frantziako erdialde eta hegoaldean. Italiako hegoaldean eta penintsula iberiarraren hegoaldean ere badira margotutako kobak, baina haitzulo kopuruagatik eta bertako lanen kalitateagatik, zona franko-kantabrikoa (Kantabria, Euskal Herria, Pirinioak, Dordogne, Lot) nabarmena da.

Europan paleolitoko pintura eta grabatuak dituzten berrehundik gora haitzulo ezagutzen dira egun. Horietatik 180 bat (%85a), aipatutako bihotz franko-kantabrikoan kokatzen dira, eta zonalde horretan daude, gainera, arte Paleolitoaren maisulan kontsideratzen diren kobak: Altamira, Lascaux, Niaux, Ekain... Haitzulo dekoratu esanguratsuak badaude penintsula iberiarraren hegoaldean (Escoural, Casares, La Pileta, Nerja, Las Palomas...) eta Italian ere bai (Levanzo, Romanelli, Addaura...). Europako ekialdean bakarra aurkitu da: Kapova haitzuloa, Errusiako Ural mendietan.

Espainia, Euskal Herria eta Frantzian haitzulo kontzentrazio nagusi hau egotearen zioa ezin da gainontzeko lurraldeetan koba egokiak ez egotean arrazoitu, izan ere, haitzuloz jositako inguru beretsuak daude Europako beste lurralde batzuetan ere: Karpatoak, Alpeak, Ural mendiak. Behar bezalako azterketa serio eta sakona egin ez izanari ere ezin zaio egotzi. Arte higigarri Paleolitoa duten aztarnategi andana topatu da Europa osoan, mendebaldeko penintsula iberiarretik ekialdeko Ural mendietara bitartean. Honek guztiak area franko-kantabrikoko horma-arte kontzentrazio hau are harrigarriagoa egiten du.


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403