ARGIA EGUNA 2015: IBILALDI MITOLOGIKOA

Argia Eguneko egitaraurako bereziki prestaturiko bisita antolatu du Arrikrutzera Oinaztu aisialdi elkarteak irailaren 19an. Jolasen eta ibilaldi mitologiko baten bidez ezagutuko ahal izango dira kobak.

Etxeko guztiek egiteko moduko ibilaldi gidatua antolatu du Oinaztuk kobetara Argia Egunaren bezperan, Direnik ez da sinetsi behar; ez direnik ez da esan behar izenarekin. Bisita Arrikrutzeko aparkalekutik abiatuko da, irailaren 19an 16:30ean, eta jolasen bidez mundu mitologikoan sartuko dira bertara joandakoak.

Oñatin egingo dugun Argia Egunaren aitzakian asteburu pasa ederra egiteko aukera dago beraz. Arrikrutz Aizkorriko mendilerroaren bihotzean dago eta Euskal Herriko paisaia karstikoaren gune ikusgarrienetako bat da; historiaurreko animalien aztarna esanguratsuak ere aurkitu dituzte bertan.

Lekua mugatua da, erreserbak egiteko deitu ARGIAra (943-37 15 45), edo bidali e-posta bat sustapena@argia.eus helbide elektronikora edo formulario hau bete.