ARGIA EGUNA 2015: HERRI BAZKARIA

Dena prest dago irailaren 20an ARGIA Eguna ospatzeko Oñatin, Txikitik Eragiten lelopean. Berdintasunean, parte-hartzean eta inguruarekiko errespetuan oinarritutako egitaraua prestatu dugu, eta horren barruan azpimarratzekoa izango da bertako eta garaiko produktuekin egindako bazkaria.

Lur Lan baserritar elkartea arduratuko da otordu bikaina prestatzeaz, eta Debagoienako Ereindajan elkarteak ere parte hartuko du produktuen hornikuntzan.

Bazkalostean, Jakoba Errekondo Bizi Baratzea liburuaz solasean arituko da bertan bildutakoekin. Haren hitzei laguntzeko, hiru marrazkilarik jardungo dute bat-bateko lanean: Antton Olariaga, Ainara Azpiazu Axpi eta Joseba Larratxe Josevisky.

Bazkariaren prezioa 15 eurokoa da, eta 200 lagunentzat dago lekua. Txartelak Oñatiko Kultur Etxean eta Arrasateko Jai Zale tabernan daude salgai; ARGIAra deituta ere egin daiteke erreserba, 943-37 15 45 telefono zenbakian, edo sustapena@argia.eus helbidera idatziz edo formulario hau betez.