Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Flandes

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Historia

Horren ametsik ez egin

“Gure aita Buenabentura badator esanez: aizu, ikusi honako gure aita kaputxino gaztelarrek daukaten beste aldizkingi hau, El gran mensajero seráfico, begira zer polita den, ba hau bezain ona ta hobea egin behar dugu guk kaputxinoek Euskal Herrian” esan zuen Damaso Intza aita kaputxinoak, 100 urte betetzear zela, Iñaki Kaminok Argian 80ko hamarkadan egin zion elkarrizketan. “Nik esan nion: zoaz hortik, ez halako txorakeriarik esan, lehen ere hor gabiltza hirugarren ordenaren aldizkingiarekin hau dela ta bestea dela ta batzutan estu samar eta orain zera, berria, eta halako neurritako aldizkingia, ez horren ametsik egin. Baina aita Buenabentura setosoa zen”.

Aita Buenabentura setosoa zen, nonbait, eta aita Damaso ere ez zen oso bestelakoa izango, horren ametsik luzaroan egin gabe, “aldizkingia” gauzatu egin baitzuten: 1919ko urtarrilaren lehenean, Zeruko Argiaren lehen zenbakia argitaratu zuten Iruñeko kaputxinoek, Damaso Intzaren zuzendaritzapean. Hilabetekari erlijiosoa zen, formatu txikikoa.

Baina, berehala, 1921eko apirilaren 24an, Zeruko Argiaren senide lurtarra jaio zen Donostian: Argia informazio orokorreko astekaria, egunkari itxurakoa. Urtetan euskarazko komunikabide bakarrak izanik ere, bien artean, konpetentzia baino, elkarlana zen nagusi, Damaso Intzaren beraren hitzetan: “Argia saltzen zuten, baina Zeruko Argia utzi gabe”. Baina biek hala biek kaleratzeari utzi behar izan zioten 1936an, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean. Gerra amaitu ondoren ere, urte asko eman zituen itzalita euskarazko prentsaren argi txikiak.

Eta euskarazko kazetaritza sortu zen
50eko hamarkadan Zeruko Argia berpizteko saiakerak egin ziren, baina ale bakan batzuk baino ez ziren argitaratu. Gaur arte iraun duen ibilbidea 1963an abiatu zen. Astekaria gerra aurreko bi aldizkarien oinordeko zen: Zeruko Argia zuen izena eta aita kaputxinoen esku zegoen; itxura eta maiztasuna, aldiz, Argia zaharrarenak zituen, eta mamian, eduki erlijiosoak gero eta bakanagoak ziren, 1963ko lehen zenbakiko azalean aita santuaren argazkia eduki arren.

Idazleen, musikarien, pentsalarien eta, oro har, euskal kulturari lotutako guztien topaleku eta euskarri zen Zeruko Argia, besterik ezean. Baina 60ko hamarkadako Zeruko Argiako sinaduren artean gutxi ziren kazetari prestakuntza eta estiloa zutenak. Iritzi artikuluen bilduma zen gehiago, kazetaritza-produktua baino.

1972an Zenbat Gara izeneko atala sortu zen. Euskal Herriko eta euskal kulturaren inguruko berriak biltzen zituen, bizi-bizi, eta euskal irakurleen erreferente bihurtu zen berehala. Kazetari belaunaldi berria hasi zen aldizkarian idazten, kazetari-estiloa euskarara ekarriz. Edukien bilakaera itxuran ere islatu zen, 1976an, eta egunkari handi moduko hura magazin bihurtu; aurpegi berriko lehen ale horrek pil-pilean zegoen gai polemikoa eraman zuen azalera, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanen koloretako argazkia. Hain zuzen, 1976koa euskal kazetaritzaren urtea izendatu zuten.

Baina, itxuraz, euskarazko hedabide bakanen loraldia zirudien horretan, Zeruko Argiaren krisia ereiten ari zen. Frankismo garaiko euskal kultura batua trantsizioan zatitu zen. Halaber, kazetari belaunaldi berri hartan proiektu berriak sortu ziren. 70eko hamarkadaren amaiera aldean, Zeruko Argiako kazetari gehienak sortu berri ziren egunkarietan hasi ziren lanean, Eginen batzuk, Deian besteak.

Argiak txineraz daki
Txineraz zeinu bera erabiltzen da krisia eta aukera adierazteko. Bada, dirudienez “argieraz” ere bai. 80ko hamarkada odolustuta hasi zuen astekariak edo, nahi bada, odolberrituta. Kaputxinoek Zeruko Argiaren jabetza astekaria egiten zutenen esku utzi zuten, eta izana aspaldi aldatua zuenak izena aldatu zuen: soilik Argia izango zen handik aurrera. Baina proiektua galzorian zen, 1963tik astez aste etenik gabe kalean izan ondoren, aste batzuetan ez argitaratzeraino. Gutxik aurreikusiko zuten orduan 80ko hamarkada hain oparoa izango zela. Baliabidez urri zen, baina ekimenez gainezka zegoen. Argiako belaunaldi berriak azpiegiturak bildu zituen inguruan, proiektua bideragarri egiteko –Antza inprimategia lehenik, eta Apika informatika enpresa ondoren–. Hamarkada horren emaitza izan ziren, halaber, Larrun pentsamendu aldizkaria, Susa argitaletxea, Argia eguna, Argia Sariak...

Hamarkadaren erdialdetik Argiako kide gehienak euskarazko egunkaria sortzeko ekimenean sartu ziren buru-belarri, eta baita lortu ere. 1990ean, Euskaldunon Egunkaria sortuta, Argia hustuta geratu zen. Damaso Intzak aldizkaria sortu baino lehen ere aipatutako egoera “estu samar” ohiko hura, larri bihurtu zen berriro. Baina krisian zaildutakoek hondamena aukera bihurtzen asmatu zuten beste behin eta, euskarazko komunikabideen mundu gero eta anitzagoan, bere tokia egin zuen Argiak, independentziaren bidetik, goitik behera kolorez hornitua, Internet euskarri berria baliatzen aitzindari, eta duela 90 urteko Iruñeko kaputxinoak bezain temoso.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan