Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Flandes

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Harribitxiak

2008-06-01

Beatriz Preciado: "Naturan ez dago feminitaterik eta maskulinitaterik"

Egilea: Onintza Irureta / Lierni Arrieta / Amaia Alvarez Uria

Beatriz Preciado

José Ramón Gómez

Iraindua sentitu zen; marimutila, tortillera, deitu zioten. Sexualitateaz, generoaz, gorputzaz mila galdera zituela New Yorkera abiatu zen. Han queer mugimenduaren erdi-erdian egokitu zen. Orain, Parisen, galdera berberen erantzunak aztarrikatzen segitzen du unibertsitateko irakasle eta ikasleekin batera.

Duela gutxi hautsak harrotu ditu Thomas Beatie “gizon haurduna”ren egunkariko albisteak. Zergatik aztoratu da jendea?

[Prentsako orria eskura eman diogunean irribarre zabal-zabala atera zaio].
San Franciscoko lagun batek bere adiskide baten argazkiak bidali zizkidan, haurdun zegoen eta gero haurra izan zuen. Argazkia Testo Yonqui liburuan sartzea pentsatu nuen, baina Beatieren argazkiarekin jendeak nola erreakzionatu zuen ikusita ez sartzea erabaki nuen. Jendeak liburura joko zuen argazkia baino ez ikusteko, morbo erraza eragingo zuen.

Bada jendea uste duena gizon bakarra dagoela haurdun, alegia transexuala bakarra haurdun, baina San Franciscon adibidez, aita haurdunen komunitatea dago.

Beatieren gaiari helduta, oinarrizkoena azaldu beharko nuke gertaera hori ezagutzen ez dutenentzat. Beatie, beste transexual asko bezala, transexual hormonatua da, baina obulutegiak mantendu ditu. Hormonak hartzeari uzten badio hilekoak izan ditzake eta umetokia erabil dezake haurdunaldirako.

Beatiek, beste transexual askok bezala, adierazten duena da ez diogula gorputzari begiratu behar jarraipen zorrotza duen sexuaren, generoaren eta sexualitatearen arteko bloke moduan. Beatieren gorputza ez da ez maskulinoa ez femeninoa, potentzialitate ugari duen gorputza baizik, norbanakoarena bezalaxe. Zentzugabea da pentsatzea testosterona maskulinoa dela eta estrogenoa femeninoa, edo umetokia femeninoa. Umetokia hainbat gorputzetan dagoen organoa da eta orain arte kulturalki gorputz horiek femeninotzat hartu dira. Ezerk ez digu esaten umetokia berez eta historikoki femeninoa eta femeninoa baino ez denik. Beatieren haurdunaldia feminitatetik eta maskulinitatetik harago doa, amatasunetik eta aitatasunetik harago. Testo Yonqui liburuan teknoaitatasuna eta teknoamatasuna aipatu ditut. Hau da, baldintza teknologikoak daude tartean eta ez biologikoak soilik. Beatieren kasuan teknologia hori oso agerikoa da, baina haurdunaldi askotan dago. Esate baterako, intseminazio artifiziala ez zen asmatu transexualentzako, ezta homosexualentzako ere, nahiz eta askok hala uste. Pildora bezalaxe asmatu zen; familia zuri, heterosexual eta klase ertainekoentzat ugalketarekin lotutako ikerketak egiten ari zirela. Beraz, ugalketa sexualarekin zerikusia duten prozesu teknologiko horiek, zeinak sexua, generoa eta sexualitatea banatzen dituzten, gorputz guztietan ageri dira, ez anormaltzat eta duintasunik gabekotzat hartzen ditugun gorputzetan soilik. Nire babesa eta esker ona luzatu nahi diet halako eraldaketa eta berrasmatze prozesuetan ari diren transexualei. (...)

Ikusi artikulua (HTML)



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan