argia.eus
INPRIMATU
‘Los domingos’-ek irabazi du Urrezko Maskorra, eta Jose Ramon Soroizek aktore onenaren saria
  • Alauda Ruiz de Azua zuzendari barakaldarren lanak jaso du sari preziatua, baita Euskal Zinemaren Irizar saria ere. Bestalde, hunkituta jaso du garaikurra Jose Ramon Soroizek, mende erdiko ibilbide oparoaren ostean.

Gorka PeƱagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 28a
Alauda Ruiz de Azua, garaikurra eskutan. IƱaki Luis / Zinemaldia

Tradizio kristauko familian, zeinetan hiru alabak kristau eskolara joaten diren, zaharrenak, 17 urteko Ainarak, klausurako moja izateko bokazioa agertuko du. Horra 73. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso duen filmaren abiapuntua, Los domingos. Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendu du; aurrez, Querer telesaila eta Cinco lobitos filma egin ditu, esaterako. Bilbon grabatu du filma, eta badira aktore euskal hiztunak tartean, filmean euskaraz entzuten dena anekdotikoa izatetik harago ez badoa ere. Irakurri hemen filmaren kritika.

Aurten ere egon da saria ex-aequo banatzeko erabakia; aktore onenaren saria bi pertsonak jaso dute: Jose Ramon Soroiz donostiarrak euskara hutsezko Maspalomas pelikulan eginiko lanarengatik, eta Zhao Xiaohong txinatarrak Jianyu laide mama edo Her heart beats in its cage filmarengatik. Bigarren horren kasuan nabarmentzekoa da istorioaren zatirik handiena ez dela fikziozkoa, baizik eta berak gorpuzten duela bere iragan pertsonala. Gogorra da: haur jaioberri bat zutela senarra hil zuen, tratu txarrak eragiten zizkiolako, eta urteak igaro zituen espetxean; handik irtetean bizi izan zituen gauza batzuk kontatzen dira pelikulan.

Bost hamarkadako ibilbidearen emaitza edo emaitzetako bat izan da Jose Ramon Soroizen garaikurra. Batez ere telebistan eta antzerkian aritu bada ere, lan mordoa egin ditu zineman. Hemen, Maspalomas-en, kritikagileok oro har ez dugu zalantzarik egin nabarmentzeko modukoa zela bere lana. Emozionatuta eta "hustuta" igo da oholtza gainera saria jasotzera.

Taldeko interpretazio onenaren garaikurra, bestalde, Belén filmagatik Camila Plaatek egin duen lana saritu du epaimahaiak.

Joachim Lafosse zinegile belgikarrak bi sari jaso ditu Six jours ce printemps-là pelikularengatik: zuzendaritza eta gidoirik onenarena. Frantzia hegoaldeko kostaldean kokatzen da, luxuzko etxe huts batean. Funtsean, premia batek eraginda, bere jabetzakoa ez den etxebizitza bat okupatzea erabakitzen duen familia bati buruzkoa da.

Argazki onenaren epaimahaiaren saria Alberto Rodríguezek zuzenduriok Los Tigres-ek jaso du, eta epaimahaiaren sari berezia, aurten ere, eman da: Historias del buen valle dokumentalagatik, José Luis Guerínek eskuratu du.

Azken, publikoaren saria Palestinako kasu erreal bat kontatzen duen The Voice of Hind Rajab-entzat izan da, inoizko puntuaziorik altuena jaso du gainera; eta Gazteriaren Dama saria, berriz, La misteriosa mirada del flamenco-k jaso du.