Mikel Garcia, ARGIAko kazetaria.
Hori pentsatuko zuen Imanol Rayok, Bernardo Atxagaren eleberria hartu eta Bi anai zeluloide bihurtzeko erabakia hartu zuenean. Izan ere, esperimentutik asko du Iruñeko zuzendari gaztearen lehen film luzeak. Bere gorabeherekin, bestelako zinema molde batean barneratu da Rayo, eta halako saiakerak ere beharrezko ditu euskal zinemak. Urrats bat harago joan da Telmo Esnal ere, Urte berri on, amona! komedia beltzarekin. Ezohiko komedia errodatu du, jirabira buruargiz betetako istorio basatia, generoen arteko mugak hautsiz. Apustua izan da halaber zine-areto komertzialetan dokumental formatuko lanak estreinatzea (Bigarren Mundu Gerran sortu zen Comète sareari buruzko Azken bidaia, adibidez, Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzendua), eta berdin dokumental bat lauzpabost astez karteldegian mantentzea (Asier Altunaren Bertsolari kasu). Harrigarria, helduentzako animazioa pantaila handian ikusi ahal izatea, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot, konkista aitzineko konkista lan txukunari esker. Eta desafioa Alberto Gorritibereak bere buruari jarritakoa, errealismo magikoaren ur sakonetan sartzera ausartu baita Arriya filmean.
Horixe da, ausardia, aurtengo euskal zinemaren uzta definitzen duen ezaugarrietako bat, geroz eta gehiago baitira bide berriak eta anitzak –eskaintza bariatua izan da 2011koa– jorratzen dituztenak. Aurreko urtean Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean-ek edo Roberto Castónen Ander-ek egin moduan, zidor ezezagun eta interesgarrietan ari dira barneratzen euskal zinemagileak.
Dena den, ez gaitezen engaina, 31 eskutik industriak eta negozioak du, major-ek –eta hauek aretoetako jabeei egindako presioak– erabakitzen dute karteldegia. Haatik, publikoak ere badu zeresanik, superprodukzioen aurrean pelikula txikien aldeko erresistentzia egiteko. Altunak berak, malenkonia ukitu batekin, adierazi zuen filma estreinatu eta lehenengo asteburuan jendea ikustera joaten ez bada, filma kentzea dela ohikoena, eta publikoa sarri ez dela kontziente. Hemengo proiektuak aldarrikatzen baditugu, kalitatezkoak, horiei erantzutea beharrezkoa da gero, baina kontsumo ohiturak aldatu dira, eta kosta egiten zaigu aretoetara hurbiltzea.
Horri buelta eman eta sare komertzialenetik askatzeko, ekimen garrantzitsua abiatu zuten irailean: Zineuskadi, EAEko udal zinema aretoen sarea. Dagoeneko zortzi bat herrik hartzen dute parte eta ahalik eta leku gehienetara zabaltzea da asmoa. Areto horietan, euskarazko zinema eskaini nahi dute, zikloak antolatu, Kimuak programako film laburrak eman, eta abar. Beste ekimen erakargarririk izan da aurten: 2010etik bueltaka zebilen Zinema Katalanaren Legea aurrera atera da, hasierako eskakizunak bigundu arren: Generalitateak AEBetako major-ekin sinatutako hitzarmenari esker, 2014tik aurrera Kataluniako zine-aretoetan emango diren lau pelikulatik bat katalanera bikoiztua edo katalanezko azpi-tituluekin izango da. Horrelako proposamen egokitua ez litzateke batere gaizki etorriko gurean.
Sarrera honetako azken hitzak, ezinbestean, zendu diren bi zuzendariei daude eskainiak: Aitzol Aramaio ondarrutarra (Terminal, Un poco de chocolate) eta euskal zinemak izan behar lukeenari buruz teoria mardula garatu zuen Antxon Ezeiza donostiarra (Ikuska, Ke arteko egunak).
![]() |
Iraila |
![]() |
1 | 2 | 3 | 4 |
5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
© 2009 ARGIA.com