Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

MusikaSailak



Iraganaz ikasi eta berrasmatu

Iker Barandiaran

Iker Barandiaran

musika kazetaria

Berrian idatzitako zutabe batean Leire Lopezi irakurri diot ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi izanak ekarri beharko zukeela RRV edo Euskal Rock Erradikala betirako desagertu eta pop-aren benetako loraldia ematea. RRVa aspaldi desagertu zen, nahiz eta soziologoek ez duten ikertu mugimendu edo sasoi hartako taldeek belaunaldiz belaunaldi oraindik ere duten eragina. Agian erantzunen bat emango digu Elena Espinosa kazetari gasteiztarraren Historia del rock vasco liburu mardulak, orain dela urte gutxi abiarazitako Badok.info web entziklopediarekin batera, bete beharreko hutsunea estaltzen saiatu dena. Halako ikerketaren bat egiteko ezagutza eta bizipenak dituen Marino Goñi iruindarra, aldiz, ez dago Lopezekin ados. Soñua, Oihuka eta Gor diskoetxeak sortu eta aurten erretiratu den Goñiren ustetan, bizi dugun krisi ekonomiko latzak musika talde bortitzak ekarriko ditu, erradikalagoak.

Musika negozioa, beste asko bezala, krisia sufritzen badabil ere, badira duintasunez diziplina horretaz bizimodua ateratzen saiatzen diren talde banaka batzuk. Zoritxarrez, Euskal Herrian kontraesanetatik tiraka gure musika talde kuttunetan guk egunerokoan ez ditugun ezaugarriak irudikatzea besterik ez dugu onartzen. Eta, beste aldean, badira inori ez ezeri erreparatu gabe, “zuk zeuk egin ezazu” (DIY) formula nekeza landuta AEBetatik barrena bira luze bat egiteko gai izan direnak, Zarauzko Humilitate taldea, adibidez.

Ondo egindako gauzek emaitza izaten dute askotan: desagertu eta 11 urtera Esan Ozenki diskoetxe aitzindariaren katalogoa digitalizatu izana; 15 urte lanean irmo ibili ostean, azken urtean Zea Mays taldeak jaso duen onespena; Gasteizko Azkena Rock jaialdiak 10. urteurrena ospatu izana; Kultura Live eta Jaurlaritzak abiarazitako Zuzen-Zuzenean programak hirugarren edizioa betetzea; eta Musikazuzenean.com, musikazaleak salbatu gaituen plataformak lehen urtea egitea, besteak beste.  

Atzera begiratuz gero, horretaz ikasteko da. Eta, bestela, berrasmatu. Euskal Herriko Lur Maitea ekimenak asko du hunkigarritik eta Xabier Lete omentzen jarraitzeko makina argudio daude, baina pozgarria da zenbaitzuk egiten duten ahalegina. Horra hor, RRVko garai grisari guateke kolorea ematen dion The Sparteens; hardcore eta metal muturrenekoan Jousilouli eta Naizroxarekin orkatilak apurtu ostean new wave dantzagarriaren alde egiten duen Anai Arrebak taldea; Obligaciones zein Brigada Criminalen punk-rockean barreneraino murgildutako batzuk bluesera hurbildu dira eta beste batzuk tabernako folkera arimak garbitzeko; eta Mikel Kazalisek inork errebindikatzen ez duen musika industrialaren aldeko apustua egin du Matxurarekin.


© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan