Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

MusikaSailak



“Gure herrian, zerbaiten kontra egiteko jendea erraz antolatzen da”

Xabi Strubell, Musikaria

"Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslariarekin egon ginen aspaldi gaiaren inguruan solasean. “Eredu ona litzateke guretzako Bertsozale Elkartea”, aipatu zidan. Izan ere, Bertsozale Elkarteak bide luzea egin du gurean. Belaunaldien arteko jarraipena eman da bertsolaritzan, eta baita elkartean ere. Baina, era berean, tristuraz aipatu genuen nola gure herrian zerbaiten kontra aritzeko jendea erraz antolatzen den —Kepa Junkeraren diru-laguntza kasu—; eta hortxe hasten dira emailkada kolektiboak, kritika zorrotzak eta zorrotzak hortzak; baina gerora, modu positiboan zer edo zer eraikitzeko, jendea ez da horrenbeste animatzen. “Beti zerbaiten kontra”, zioen Anarik. Bere garaian interesa piztu zidan bestelako eredu batek; Katalunian dagoen musikari sindikatuak. Badira urte batzuk funtzionatzen duela, eta musikariak langile diren heinean, sindikatu batean antolatzen ditu. Bere garaian mila afiliatutik gora zituen, eta ez da kopuru makala".

Berria, 2011-01-13

“Diskoak egitea garestia da”

Mikel Fernandez Krutzaga

"Jendeak musika doan jaitsi dezake, musika doan egiten ez bada ere. Norbaitek uste badu musikagatik ez dela ordaindu behar, teknikari, ekoizle eta abarren lana ez dela ordaindu behar pentsatzen du, eta hori ez zait ondo iruditzen. (...) Euskal Herriko edozein disko kanpokoak bezalakoa da, dirutza handia behar da egiteko. Dirurik gabe ezin da modu profesionalean aritu, eta ez dugu nahi gure musika baliabide eskasekin egitea. Gure musika eta gure kultura modu profesionalean landu nahi ditugu, gure ordezkari izan daitezen, nolabait".

Euskonews & Media, 2011-05-20

“Plaza nahikorik ez dago”

Agurtzane Elustondo, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria

"Trikitia betiko formatuan mantentzea ez da erraza izango, baina elkartearen eginbeharra ere bada hori, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi lan hori egitea. Ahal den neurrian ondarea berreskuratu behar da, balioa eman. Baina beti ezin dugu atzera begira egon, aurrera begira ere jarri behar dugu ezinbestean.

Irrati batzuk tartea egiten diote trikitiari, baina orokorrean programa bereziei lotuta, ez gainerako musika motekin tartekatuta, eta hori publiko zabalera iristeko muga da. Entzunaren poderioz hartzen diogu musikari zenbaitetan gustua eta trikitia entzuteko aukera oso murritza da.

Ikasten ari den jende guztiarentzat ez dago plazarik; horretan zalantzarik ez da. Lehen askoz ere trikitilari gutxiago zeuden, eta, gainera, zenbait plaza desagertu egin dira".

Gaur 8, 2011-03-21

Mundua alderantziz

Sorkun Rubio, Musikaria

"Banuen gogoa gelditasunetik barruan dudana emateko, kantuaren bidez, badakizu, artifizio gabe, modu batean non trikimailuak alferrik diren, zintzotasunez, eta abar. Ukabila goratuz eta bi gitarra elektriko distortsionaturekin entzuleak dantzan jartzea badakit zer den, ez da horren zaila, baina oso bestelako kontua da ia biluzik jendea ez aspertzea, ezta? (...) Prestigioak eta halakoek, bost axola… nazka ematen didate, egia esan. Azken aldian raperoekin elkartzen naiz Donostian, jende gazte batekin, eta haiekin halako txorakeria gutxi ikusten duzu. (...) Urte mordoa pasatu ditut hala, oharkabean, gehiegi pentsatu gabe, eta, hara non, orain 34 urte ditudan honetan, zinez musika niretzat lana den honetan, oso zaila egiten zait honetaz bizitzea…! Mundua alderantziz dabilela sentiarazten dit horrek: amarekin bizi zen gaztea nintzenean dirua irabazten nuen, eta, nire kabuz bizitzeko unea iristen zaidanean, ia ezinezkoa zait independente izatea. Bitxia, ezta?".

Gaztezulo, 2011-03-08

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan