Arg.: Gorka Rubio / Argazki Press
Antzerkilaria
Antzerkia egitea orain eta hemen egotea da. Gauzak egiatan gerta daitezela era guztietako oholtzen gainean. Unearen zentzu hori harrapatzeko itxaropen eta xedearekin igotzen gara behin eta berriz taulara: gertakizuna xede, ikuskizuna baino gehiago.
Azkenaldian aukera ugari izan dut unea modu horretan bizitzeko… euskaraz. Oro har, aukera anitza dagoela sentitu dut sormen ereduei dagokionez, hala antzezlanen nola teatroaren inguruko ekimenen kasuan. Aurtengo izen pozgarri batzuk aipatzearren: Inorako bidaia, Gure bide galduak, Gloriaren kantua, Larria-kutsakorra-mendebaldekoa, Ttanttaka, Monzon, Kitzikazank-en libertimendua, Tripakiak, Errautsak-i Donostia Saria, ADEL, Eztena, Korrika Kulturala, Antzerkizale eguna, Cafe-Bilbao teatro sarien argitaratzea, antzerkiaren egoera aztertzeko han-hemen antolatu diren mahai-inguruak…
Euskarazko antzerkiaren inguruan sormenari dagokionez baikor egoteko zantzu horiek talka egiten dute betiko krisiarekin eta azkenaldi luzeko Krisiarekin. Bigarren K honek k-abreorako eta kritikarako arrazoi ugari eskaini dezakeen arren, haren ondorio da zirkuitu komertzialen kontzeptua denbora gutxian sakon eraldatu izana, eragina gero eta nabarmenagoa izatea “beltzean” eta formatu txiki-ertainetan dabiltzanen eremuan ere. Pentsatzekoa da horrelakoetan Diruaren Kudeatzaileek ezinbestean joko dutela gogoetara, azterketa sakona behar duela, adibidez, areto eta antzoki ugarien sareen erabilerak, baina ez dago horren zantzurik. Krisiak ahula kolpatzen du beti: gure kultura izugarri maite dugun herrikoak izan arren kultur arloa bereziki babesgabea da gurean, hainbat kontutan Europara begiratu arren Europa (ene aburuz bestetik, arrotz) hartan kultur arloari zor zaion errespetu eta babesetik ezin urrunago dugu inguru gertua, bereziki eredu espainol eskasaren eraginez Hegoaldearen kasuan.
Horrelako testuinguru batean zaila du aurrera egitea EHAZE bezalako proiektu batek, zeinak antzerkiaren errealitate hori aldatzen eragile izan nahi duen, elkargune eta aukera sortzaile. Euskal antzerkigintzak bere errealitatearen neurriko gogoetak eta apustu sendoak behar ditu, irizpideetan ispilu tranpatirik erabili gabe. Auzolana behar da, baina ez soilik antzerkilarien aldean, baita ere areto, kudeatzaile, kultur eragile eta, oro har, ikuslegoaren artean ere. Garai hobeagoen zain egon gabe, orain eta hemen.
© 2009 ARGIA.com