"Bilbon bizi naz, ahal dodan neurrian; baina, Madrilera joaten naz beharrera. (...) Hemen ez dago lan handirik guretzako. Ez dago antzerkirik, ez zinemarik, ez produkzinorik, eta Euskal Telebistan... Aktoreek txiste antzera erabilten dogu Euskal Telebistaren leloa: Etxean zaude. Bai, etxean gagoz. Danok itxaroten, lana noiz helduko zain. Baina, hori oso tristea da. Geldi dago dana.
Artisten egoerea larria baino larriagoa da. Lan egiten dabenek be, sarritan ez dabe kobretan, udalek ez dabelako ordaintzen edo atzerapen luze-luzeekaz ordaintzen dabelako. Hemen artisteak ez dauka ezelango babesik. Gure baldintzak patetikoak dira. Ez dozu topauko 35 urte kotizau daben artistarik. Bat bera be ez dozu topauko. Eta kobretan dozunaren parte handia Ogasunak eroaten dau. Hutsaren hurrengoak gara. Kirolagaz konparaketea egiten dodanean, sutan ipinten naz".
Bizkaie, 2011-06-03
"Politikaren eragina handia da. Lehenaldian emakumea okerrago zegoela irudi dezakeen arren, nire ustez emakumea diktadura garaian egon zen egoerarik okerrenean, bai antzerki alorrean, baita beste alorretan ere. (...) Aurretik, ordea, emakumeek EAJren babesa zuten, antzerkia ideologia abertzalea eta herrialde-ideia zabaltzeko egiten zelako. Alderdi politiko baten babesa izatean, gizarteak ere hobeto onartzen zituen, baina diktadura garaian emakume antzezle edo antzerkigile izatea izan zitekeen gauzarik txarrena zen.
Emakumeok sortzaile sentitzen gara, gure lana gustatzen zaigu eta ez zaigu interesatzen desberdintasuna ikustea, gizonen eta emakumeen artean bereizketarik egin nahi ez dugulako. Baina une honetan ikuspegi hori okerra delakoan nago; errealitatea ikusten ez baduzu, ez duzu errealitaterik aldatzen (...). Biziki sinesten dut gizartea antzerkiaren bitartez alda daitekeela. “Zinemara edo antzerkira nire kontuetan ez pentsatzeko joaten naiz” esaldia, tentelkeria hutsa da".
Euskonews & Media, 2011-07-22
"Ume eta gaztetxoen antzerkian, lan bat egiten ari da, baina ez da nahiko. Antzerki taldeek ez dugu jakin inguruarekin harreman eraginkor bat izaten, eta ziurrenik galdu egin dugu garai batean gizartearen partetik eduki genezakeen nolabaiteko atxikimendu edo babesa. Lan handia egin behar dugu hor. Udaletako kultura teknikarien ardura ere bada: artista eta publikoa harremanetan jartzeko eginkizuna dute".
Gara, 2011-02-07
"Uste dut askotan gutxietsi egiten dugula gorputza, eta gure gorputzean gorputz asko daude; XXI. mendean dago, baina historia, pertsonaia eta gertaera horien guztien ondorio bat da gure gorputza; beraz, gure buruak baino askoz ere gehiago daki, askoz ere memoria handiagoa du. Nire sentipena da gorputzari benetan entzunda informazio pila ematen dizula".
Berria, 2011-02-28
"Uste dut ez dela mezu edo aldarrikapenik gabeko euskal antzerkirik. Bere historiari erreparatzen badiogu, arrakasta izan duten obrek arauari jarraitzen diote. Dena den, ez da antzerki politikoa, ez bederen tesidun antzerkiaren zentzuan. (…) Ez dakit antzerkia lelo politikoa izan daitekeen, baina zerbait idazten denean, publiko jakin batentzat egiten da".
Le Journal du Pays Basque, 2011-04-04
© 2009 ARGIA.com