sarrera: orokorra
Urte berriaren hasierarekin bat dator Euskal Kulturaren Urtekaria ere. 2008koaren berrikuntzarik nabarmenena Interneten ere osorik kontsultagai izatea izan zen, eta aurten ere hala izango da, hori bai, maiatzetik aurrera, ordura arte Argiako harpidedunek bakarrik izango dute Urtekaria Interneten kontsultatzeko aukera.
sarrera: orokorraUrtekariak iragandako urtearen kultur uzta biltzen du, baina aurtengoan aurrera begira ere jarri gara eta kultura munduko hainbat gairen prospektiba jorratzen duten hamaika artikulu daude. Beste urrats bat emanez, halaber, 2008ko pertsonaiak ere hautatu ditugu. Eta kronologiei dagokienez, paperean laburrago eta Interneten zabal jorratu dira. Iñigo Aranbarri eta Nerea Azurmendiren artikulu sakonek osatzen dute aurtengo eskaintza.
Kultur jardueraren anitz kontu aurkituko du irakurleak ondoko orrialdeetan, gozoak gehienak, baina gaziak ere bai, Iruña-Veleiako iruzur usain agerikoak esate baterako. Iruzurra ustel bihurtua ere aurkituko du, halaber, Guggenheim-eko erakusketa eta arte obra ikusgarrien artean. Eusko Legebiltzarra ere kritiko agertu da Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta, beste gauzetarako hain garrantzitsua den erakundearen epaia ezin da izan honetan eta Balenciagako aferan, adibidez, aintzat ez hartzeko modukoa.
Kepa Junkerarengana bideratutako dirutzak ere protesta hots handia sortu du musikarien artean. Musikariaren proiektuak berak eragin du kritikarik, publikoak gutxienak egia esan, baina euskal kulturaren bultzatze eta sustapena dela eta, beste proiektu askorekiko dirulaguntzen desproportzioa oso agerikoa da, eta salagarria. EAEn diru asko gastatu da kulturan eta euskaran azken 25 urtetan, egia da, baina errepide eta bestelako proiektu erraldoietan gastatutakoarekin –edo xahutu gura denarekin– huskeria, hori ere ez da egia txikiagoa.
Iparraldean edo Nafarroan kontua ez da gutxi edo asko, hausnarketa arras makurragoa da, duintasuna bete-betean ukitzen baita. Lasarte-Oriatik begiratuta, esaterako, 2008an Nafarroako Gobernuak euskarazko komunikabideei 2009rako emandako 9.567 euroak auzo lotsa itzela sorrarazten du. Iruñerritik begiratuta, miseria eta haserre bizia.
Kultur munduan nabarmendu diren zenbait pertsona erreferentzialek ere betirako agur esan ziguten 2008an. Mikel Laboarena izan da mediatikoena eta entzutetsuena. Erdi mito zen eta jadanik osoa da. Joandakoen artean dira, besteak beste, Enrike Knörr, Xabier Portugal eta Gotzon Garate; ez ziren gutxi izan hiru hauek Argiarako egindako kolaborazio lanak. Bihoakie eskerrik beroenak lerro hauen bidez.
Azkenik, jakin beza irakurleak 2009a oso berezia izango dela ARGIAkoontzat: 90 urte ospatzen ditugu. 1919an sortu zen Zeruko ARGIA erlijio aldizkaria Iruñean eta 1921an informazio orokorreko Argia astekaria Donostian. Bien oinordeko da egungo ARGIA eta dagokion moduan ospatuko dugu urtean zehar. Hainbat ekitaldi antolatuko ditugu, gehientsuenak elkarlanaren eskutik, euskarazko komunikazio esparruko eta kultur munduko hainbat eragilerekin batera. Ez da norbere zilborrari so geratzeko garaia, eta ospakizunak bikoitz balio du besteekin batera eta guztion zerbitzura mamitzen bada. Ereiten badugu jasoko dugu, orain arte hala izan da eta aurrerantzean ere hala bedi.
© 2009 ARGIA.com