Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

ARGIA.com
Itzuli ARGIA.comra
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Ilunpeko kudeaketaren arriskuak, agerian

Nerea Azurmendi

2008ak, besteak beste, Garziaren baieztapenaren zuzentasuna berretsi du, eta erakutsi du zenbait kalkulu ez zirela uste eta iragarri bezain errazak. Kultur kudeaketa publikoaren alorrean ikusi da batik bat gaizki eginda zeudela kontu asko, edo behar bezala errepasatu gabe, edo batugai guztiak aurrean izan aurretik eman zituztela amaitutzat. Zeren eta 2008ak agerian utzi baitu errentagarritasuna edo dena delakoa erdiesteko administrazio publikoek maiz erabili izan dituzten formulek noraino eta nola egin duten porrot. Iparraldean eta Nafarroan ere izango ziren estropezu, ezusteko eta lardaskeriak, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ardurapeko lurraldeetatik heldu dira alor honetan publikoa aho zabalik utzi duten berri kezkagarrienak. Barre edo negar, zer egin jakin gabe, alegia.

Lurralde Historikoen Legearen aplikazio ezin proportzionalagoan, 2008an bata bestearen atzetik hasi dira askatzen aspaldiko korapiloak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iruña-Veleiako aztarnategiko aurkikuntzen gaineko kalkuluak presazkoegiak izan zirela ikusi dugu; Bilboko Guggenheim Museoan fantasiatik hurbil zegoela kontabilitatea, eta Getariako Balenciaga Museoan aurrekontuek biderkatzeko gaitasun ikaragarria izan dutela, beste fenomeno paranormal batzuen artean. Hiru kasuak honezkero epaitegietan daudenez, epaileek kendu beharko dizkiete ustezko eranskinak beste horrenbeste film ikusgarri egiteko adina material eman duten ustezko iruzur horiei, baina, Guggenheim eta Balenciaga museoen inguruko auzietan bederen, erantzukizun politikoak argi samar finkatu dituzte Eusko Legebiltzarrean eratutako ikerketa batzordeek. Eta ageri-agerian gelditu dira eraginkortasunaren eta errentagarritasunaren izenean gardentasunari muzin egiten dioten kudeaketa ereduen arrisku eta ondorioak.

Lehen mailakotzat jo daitezkeen hiru proiektu horiei eragin dieten eskandaluek film banatarako emango luketela esan dut, eta halaxe da, osagai bakar bat ez baitzaie falta endredozko gidoi bikainak idazteko. Guggenheim eta Balenciaga kasuetan, Alfred Hitchcocken The man who new too much izan daiteke inspirazio iturri. Protagonista, gehiegi zekien gizona, ezustean bilakatzen da arrisku handiko informazio jakin baten jabe. Jakitea tokatzen ez bazaio ere, gehiegi daki, eta nahi gabe iritsi zaion informazio horrek nahigabetuko du film osoan zehar, konspirazio, pista faltsu eta gaizki-ulertuz osatutako amesgaiztoan.

Guggenheim eta Balenciaga museoen inguruko auzietan alderantzizkoa gertatu da hain justu. Eginbehar nagusia jakitea zuten arduradun politikoek ez zuten, antza, egosten ari ziren ustezko iruzurren berri. Azkenean, datu tematiak nagusitu direnean, ezjakintasuna baliatu dute aurretik egindakoa –hobe esanda, egin gabe gelditu dena– zuritzeko. Suspensearen maisuaren lana gurera egokitzekotan, beraz, Ezer ez zekiten gizon-emakumeak izan liteke izenburu aproposa. Baina, izenburua ez ezik, sinopsia ere behar du film batek.

Argirik behar ez zuen titaniozko lorea

Bada 1997an Bilbon inauguratutako titaniozko museo bat, askok hiriak azken hamarkadan bizi izan duen loraldi halakoaren ardatz kontsideratu dutena. Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2001ean egindako txosten baten arabera, euskal erakundeek Salomon R. Guggenheim Foundation-ekin hitzarmena sinatu zutenetik museoak ateak ireki zituen arte 27.705 milioi pezeta (166,5 milioi euro) inbertitu zituzten proiektuan Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta erakunde biek sortutako erregimen pribatuko bi sozietatek: Inmobiliaria Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao S.L. (honetan Bilboko Udala ere bada partaide) eta Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao S.L. sozietateek, alegia. Zera zioen txostenak sozietate bi horiei buruz: “Sortutako sozietateen kapitala (Inmobiliaria eta Ukanduna/Tenedora) guztiz publikoa da, baina Administrazio Publiko bakoitzaren partaidetza gutxiengoa da (batek ere ez du kapitalaren %50 gainditzen). Egoera honek ekonomia-finantzaren kontrolaren inguruan hainbat arazo sortzen ditu, izan ere, ez baita inongo Administrazio esku-hartzailetan Sozietate Publiko kontzeptuan sartzen. Arazo hauen artean aipatzekoa da bertako finantza egoerak ez direla beste inongo administrazio publikoko egoerekin finkatzen”. Kontu zaharrak izanagatik, zeharo argigarria da txostena. Eta iragarlea.

Bada, titaniozko loreek ez dutenez fotosintesia egiten, Bilbokoak ere ez zuen argi beharrik izan loratzeko. Ilunpean ere dirdira egiten zuen metalezko geruzak, hamar urteren buruan hamar milioi bisitari erakartzeko adina, eta hori zen kontua. Museoa hamargarren urteurreneko ospakizun handiak prestatzen ari zela, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Sozietate Ukandunaren jarduerari buruz egindako txosten bati esker jakin zen zortzi milioi eurotik gorako galerak eragin zituela dolar-erosketa operazio txar batek. “Kontabilitate-diferentzia” bati egotzi zioten lehenik aldea museoko arduradunek, baina zenbakiak uste baino tematiagoak dira, sekulako sorpresak eman ohi dituzte. Haritik tiraka, 2008ko udaberrian, abian ziren auditoriak ur sakonetan murgiltzen ari ziren unean, ezusteko protagonista azaldu zen, film gehienetan ezinbestekoa den “pertsonaia gris” horren rolari ezin hobeki egokitzen zaiona: Roberto Zearsolo, 1992 urteaz geroztik proiektuari lotua eta 1997tik aurrera museoko Administrazio eta Finantza Zuzendari izandakoa. “Desde el año 1988 me he ido apropiando de diversas cantidades de dinero de las sociedades Inmobiliaria Museo de Arte Moderno y Contemporáneo S.L. y Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao S.L. en mi propio beneficio por importe de 486.979,38 euros), aitortu zuen apirilaren 8an Guggenheim Bilbao Fundazioko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidarteri bidalitako eskutitzean, non zehazten zituen diru publikoa patrikaratzeko erabilitako teknikak eta aurreratzen zuen, txeke eta guzti, “apropiatutakoa” –556.000 euro, azken kalkuluen arabera– itzultzeko prest zegoela. Museoak berak, ohar baten bitartez, azaldu zuen “Roberto Cearsolo jaunaren aurkako salaketa aurkezteaz gain eta bera kaleratzeaz gain, eta nahiz Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren kudeaketarekin zer ikusirik ez izan arren, gertatutakoa guztiz argitzeko xedez” ongi aztertuko zituela kontu guztiak.

Luze gabe, ikerketa batzorde berezia eratu zuten Eusko Legebiltzarrean. Zearsolok berak damuz eta doluz aitortutako iruzurra eta dolar erosketa galgarria izan zituen aztergai. Batzordeak abenduaren 2an onartu zuen irizpena. EAJ eta EB izan ezik, gainerako alderdi guztiak bat etorri ziren: “utzikeria”, “kontrol falta” eta “kudeaketa egoki eza” leporatu zieten Inmobiliaria eta Ukanduna sozietateetako administrazio kontseiluei –Miren Azkarate Kultura sailburua da bien buru–, eta “gaitasun profesional falta” Juan Ignacio Vidarteri. “Huts egin zuten kontrol sistema eta prozedura guztiek”, dio irizpenak. “Egoera honek ekonomia-finantzaren kontrolaren inguruan hainbat arazo sortzen ditu” zioen 2001eko Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak Zearsoloren kontabilitate partikular eta paraleloa ahalbidetu zuten sozietateen ezaugarriez. Inork ez zekien ezer, baina abisatuta behintzat bazeuden. Osoko bilkura ere egin zuen gaiari buruz Legebiltzarrak, geroxeago azalduko diren emaitzak izan zituena.

Irizpenaren eduki nagusiak zabaldu eta lau egunera, ohar oso gogor baten bidez, ikerketa batzordearen zuzentasuna bera jarri zuen auzitan EAJk, ardura politiko eta profesionalak egon bazeudela finkatzen zuen txostenak lan-saioetan entzundakoa ez zuela jasotzen argudiatuz. Pare bat egun lehenago, eskutitz baten bitartez, bere burua gaitz guztietatik libratu nahi izan zuen Vidarteren defentsa kartsua ere egin zuen Alderdiak. Izan ere, EAJren eta Vidarteren ustez, doilor bakarra du filmak: guztien konfiantzaz abusatu zuen Zearsolo traidorea, hamar urtez Euskal Herriko kultur ekipamendu garestieneko eta nagusiko kontuak nahierara moldatu zituen administratzaile maltzurra. Herri-Kontuen Euskal Epaitegia eta museoak berak kontratatutako auditoria enpresa bat azken urteotako kontuak aztertzen ari dira, eta epailea ere ari da dagokion lana egiten. Guggenheim Fundazioak Estrategia Orokorreko Zuzendari izendatuz saritu du Vidarte. Abenduaren 15ean, Guggenheim Museoko Patronatuak sostengu irmoa eskaini zion Vidarteri, Legebiltzarreko gehiengoak egindako kritikak “neurriz kanpokoak” zirela azalduz. Saio berean onartu zuen Patronatuak 2012ra bitarteko Plan Estrategikoa, Urbaibaiko proiektua barne duena…To be continued, beraz.

Goi mailako joskintzako adabakiak

Berez urria dudan sintesirako gaitasuna ez da nahikoa Balenciaga kasuaren sinopsia egiteko. Film bat ere ez litzateke nahikoa azken hogei urteetan proiektu horren inguruan gertatutakoak kontatzeko. Trilogia bat, agian… Hobe, seguru, 250 kapituluko luxu, endredo eta amodiozko telesaila, denetarik baitu Cristobal Balenciaga jostun getariarraren omenez jaioterrian museo bat eraikitzeko proiektuak.

Labur esanda, bazen iragan mendeko 80ko hamarkadaren hasieran Getariako Udalean Balenciaga izugarri miresten zuen zinegotzi gazte bat. Mariano Camio zuen izena, eta 30 urte bete zituen urte berean, 1983an, aurreneko aldiz hautatu zuten herriko alkate. Lau bider segidan berretsi zioten konfiantza herrikideek 1983tik 1999ra, eta 2007ko udal hauteskundeetarako ere bera zen EAJren hautagaia, bat-batean bere kandidatura bertan behera geratu zen arte. Garai hartantxe hasi zitzaion zapuzten halaber aspaldiko ametsa: berak hasitako Cristobal Balenciagaren inguruko museoa berak amaitu eta inauguratu ahal izatea.

Historia, beraz, aspaldikoa du proiektuak, eta horren aurreneko urratsetan ere badira argitzea mereziko luketen gertaerak, baina ongi dokumentatutako historia 1999an hasi zela esan daiteke, Cristobal Balenciaga Museoa Fundazioaren sorrerarekin batera. Hubert de Guvenchy zuen buru, Juan Carlos I.a ohorezko presidente, Mariano Camio presidenteorde eta kudeatzaile, eta abizenak bata bestearen atzetik kateatzen dituzten sona handiko gizon eta emakumeak patroi. Garai hartan alkate Josu Ezenarro jeltzalea zuen Getariako Udala eta PP-ko Esperanza Aguirreren ardurapeko Kultura Ministerioa ere bildu ziren proiektura.

Ordurako bazeramatzan urte batzuk Getarian Julian Argilagos Pí izeneko arkitekto eta artista kubatarrak. Mariano Camioren adiskide min, 2001eko azaroan esleitu zioten, inolako lehiaketarik gabe, museoaren eraikinaren oinarrizko proiektua, exekuziokoa eta barne-egokitzapenari zegokiona. 6,6 milioi euroko aurrekontua zuen une hartan urte berean aurreneko harria jarri zuen museoak, eta horren portzentaje bat –ohikoa baino altuxeagoa, diotenez– kobratuko zuen Argilagosek ordainsari profesional gisara. Ez zuenez Espainian homologatutako titulaziorik, Mikel Alonso arkitekto donostiarraren izena zeraman COAVN arkitektoen elkargo ofizialak bisatutako proiektuak. Hasi ziren lanak, eta zintzo-zintzo ekin zioten erakundeek, baita Fundazioko kide ez ziren Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, proiekturako dirua jartzen edota agintzen. Diru asko.

Aurrekontuak, haatik, lanek baino errazago egiten zuen aurrera. Hobe esanda, gora. Proiektua hasia zen inauguraziorako aurreikusitako datak atzean uzten, batere aurrera egin gabe. 2005eko apirilean, Berroeta Aldamar S.L. sozietatea sortu zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak, enpresa horrek har zitzan bere gain Fundazioarentzat haginkada handiegia ziruditen lanak. Gerente izendatuz, kudeaketarako ahalmen guzti-guztiak Camiori eman zizkioten. “Beste eredu batzuk kontuan izanik, esate baterako Guggenheimen nola jokatu zen, erabaki genuen merkataritza-sozietate bat sortzea, erantzukizun mugatukoa”, esan zuen iaz Legebiltzarreko Kultura eta Hezkuntza Batzordearen aurrean Miren Azkarate Kultura sailburuak. Balenciaga Fundazio pribatua fotofobikoa bazen, hautatutako sozietate eredua ez zen argi zaleagoa. Aspaldi zuen esana Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak.

Zirrikituren bat aurkitu zuen ordea Aralarrek Berroeta Aldamarreko kontuak behar bezain argiak ez zirela ikusteko, eta eman zuen zegokion tokian susmoen berri harik eta, erantzun ezean, publiko egin zituen proiektuan antzemandako ustezko irregulartasunak 2007ko udaberrian. Ordurako, baziren ia bi urte Argilagos Getariatik falta zela, kobratzeari utzi gabe ordea. Floridan zeuzkan etxe dotore-dotore erosi berria eta negozioak eta, 2005eko irailaz geroztik kontratu bidezko baimena zuen “gainbegiraketa eta aholkularitza” lanak Estatu Batuetatik egiteko. Ordurako, aurrekontua 15 milioi eurokoa zen eta, 2005eko uztaileko kontratu baten bitartez, aurrekontu berri horren arabera kalkulatuko ziren Argilagosen ordainsariak. Berroeta Aldamarrek, hain zuzen, bere egin zituen –subrogatu— Mariano Camiok Balenciaga Fundazioaren izenean sinatutako kontratu horiek. Sozietateko arduradun instituzionalek gerora onartuko zuten aparteko azterketarik egin gabe subrogatu zituztela Fundazioaren betekizunak, zalantza izpirik gabe jaso zutela herentzia pozoitua.

Behin metxa piztuta, ziztu bizian egin zuen aurrera suak. Berroeta Aldamarrek erabaki zuen Argilagosen proiektuak ez zirela nahikoa obrarekin aurrera jarraitzeko eta berriak agindu –eta ordaindu– behar zirela; kanpo auditoria batek agerian utzi zuen 2006ko abendurako 1,2 milioi euro zituela kobratuak Argilagosek, horietako 439.905 soberan, ustez. Eta ustezko irregulartasunen katalogoa zabaltzen joan zen… Mariano Camiok Fundazioan eta Berroeta Aldamarren zituen karguak utzi zituen, seko astindu zuen Fundazioa lehendik ere diru-iturria itxita zeukan Kultura Ministerioak, eta hura birfundatzeari ekin zion. Camioren aurkako salaketa bateratua aurkeztu zuten 2007ko azaroan Fundazioak eta Berroeta Aldamarrek Gipuzkoako Fiskaltzan. Fiskalak auzia urtebetez ikertu ondoren, kereila kriminal batean gauzatu da salaketa, Camioren aurkakoa ez ezik Argilagosen eta ustez bigarren mailako pertsonaia zen Rolando Paciel kubatarren aurkakoa ere badena. Zurrunbilo horretan jakin zen, halaber, desagertuta daudela bildumako hainbat pieza.

Hori guztia argitzen saiatzeko ere osatu zen ikerketa batzorde berezia Legebiltzarrean. Legebiltzarkideek aurrean izan zuten desfileak zenbait gauza argitzeko balio izan zuen. Eta arduradun politikoek “ezer ez zekitela” behin eta berriro entzuteko. Fundazioak sistematikoki ezkutatu ziela informazioa; Camiorengan neurriz kanpoko konfiantza jarri zutela; horrexegatik sortu zutela alegia Berroeta Aldamar, gauzak gehixeago kontrolatze aldera… Kasu honetan ere, ordea, pistak egon bazeuden eskandaluak eztanda egin aurretik. Arkitektoen Elkargo Ofizialak idatziz eta lehen orduan jakinarazi zien Argilagos ez zela horrelako proiektu bat aurrera eramateko profesionalik egokiena, ezta kontratazio modua ere garbiena. Kultura Ministerioak ere esanak zituen esan beharrekoak alor horretan zegokion tokian, Balenciaga Fundazioan, 2000. urtean lehenik eta 2005ean gero. Camiok txostenak ezkutatu egin omen zituen… Behatzaile zorrotzak bestelako zantzurik ere bazuen eskura, horiei erreparatu nahi izanez gero: Argilagosek 2003tik 2005era Pasaian, Paco Rabanne jostunaren inguruan, aurrera atera nahi izan zuen proiektu surrealista samarra, azkenean ezertan gauzatu ez zena… Baina ofizialki inork ez zekien ezer, inork ez zeukan inolako susmorik, inori ez zitzaion bereziki deigarria edo argitu beharrekoa iruditzen 6,6 milioi euroko aurrekontua 21 milioira igotzea, arkitektoa desagertuta egotea, exekuzio eta barne-egokitzapenerako proiektu argirik ez izatea… Camiok tarteka txertatu izan ditu xehetasun pintoreskoak bere adierazpenetan, baina sendo eutsi dio diskurtsoaren ardatzari: egiten zuen den-denaren berri ematen ziela arduradun politikoei, ezer ezkutatu gabe.

Abenduaren 15ean onartu zuen irizpena ikerketa batzordeak. Film honetan ere bada doilor ofiziala, aspaldi honetan petxero etiketa zintzilik daraman Mariano Camio, eta gogor eman dio ikerketa batzordeak, Gipuzkoako Fiskaltza Nagusiak gogor eman dion bezala. Obraren egiazko aurrekontua eta sinatutako hainbat kontratu ezkutatzea, Argilagosi gehiegizko ordainketak egitea, dokumentuak faltsutzea eta beste leporatu diote. Fundazioa ere ez da libre gelditu, ezta Fundazioaren eta Berroeta Aldamarren arteko lotura instituzional bakarra ere, Getariako Udala. Berroeta Aldamar osatu zuten Jaurlaritzak, Diputazioak eta Getariako Udalak ere badute berariazko atala erantzukizunak ezker-eskuin banatzen dituen txostenean. Batzordearen aurrean azaldu zenean, zegozkien ardura politikoak euren gain hartu zituzten Miren Azkarate sailburuak, Josu Ezenarro Getariako alkate ohiak eta Foru Aldundiko Kultur zuzendari izandako Imanol Agotek. Mea culpa txandetan –mea maxima culpa-ra inor ez zen heldu, haatik– salbuespen bakarra izan zen: proiektuari hasieratik erabateko sostengua eman zion Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusi ohia.

Abenduaren 22an osoko bilkura monografiko bana eskaini zien Eusko Legebiltzarrak auzi biei. Guggenheim auzian, EAJk eta Ezker Batuak izan ezik talde guztiek eman zioten oniritzia museoaren kudeaketan izandako irregulartasunen inguruan ikerketa batzordeak egindako txostenari, erantzukizun politikoa Miren Azkaraterena dela salatuz, sailburuak dimisioa eman zezan galdatuz, erantzule zuzen nagusia Juan Ignacio Vidarte dela finkatuz eta arazoen iturrian dauden bi sozietateetako administrazio kontseiluak berritu daitezen eskatuz. Balenciaga auzia ikertu zuen batzordearen txostena ere onartu zuten, sorpresa eta guzti. EAJk batzordean abstentzioa iragarri bazuen ere, abenduaren 22an Legebiltzarrean zeuden 72 kideek eman zuten txostenaren aldeko botoa, EAJkoek barne. Azkenean, proposatu zituzten aldaketak ez zutenez aurrera egin, jatorrizko termino gogorretan onartu zuten jelkideek irizpena, gertatutakoaren ardura, Mariano Camiorena ez ezik, erakunde guztiena ere badela onartuz. Ontzat eman zuten, beraz, utzikeriaz jokatu zutela ez bakarrik Balenciaga Fundazioak eta Espainiako Kultura Ministerioak, baita hamar urteko prozesu korapilatsuan etenik gabe EAJren esku egon diren Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak ere. Ezohiko adostasuna, eta ezohiko autokritika ariketa… Balenciaga auziaren inguruko txostenak gomendio zehatzak ere biltzen ditu aurrerantzean diru publikoz hornitutako sozietate pribatuek kontrol zorrotzagoak izan ditzaten.

Camio, Argilagos eta Pacielen aurkako kereila kriminala onartu zuen epailea sekretupean ari da sumarioa bideratzen. Sumario-sekretua aurretik altxatzen ez badu, eta azkenean ahozko epaiketarik bada, hor argituko dira seguruenik ilunpean gelditu diren hainbat kontu, baina argitan gelditu direnak nahikoa dira Balenciaga foiletoiak edonor zur eta lur uzteko. Edonola ere, to be continued

Primum comprobare, deinde celebrare

Latina da? Latin zuzena? Noizkoa? Batzorde zientifiko bat osa dezakegu, handik eta hemendik etorritako jakintsuek erabaki dezaten ospatu aurretik gauzak ondo lotuta eduki behar direla-edo esan nahi duen esapidea zuzen edo oker ote dagoen idatzita, noizkoa den eta zer adierazi nahi duen… Neronek aurreztuko diet lana, latinik ez dakien batek idatzitako sasi-latin mordoiloa dela aitortuz. Ondo ulertzen da, haatik, Iruña-Veleian azaldutako idazkunetako ian, edan eta lo bezain ongi, eta zentzuzko aholkua izan daitekeela iruditzen zait.

2006ko ekainaren 8an, 200 gonbidatuko cocktail baten bidez ospatu zituzten Gasteizen Iruña-Veleian Eliseo Gil arkeologoak zuzentzen zuen taldeak egindako aurkikuntza harrigarriak. Aurretik, noski, hedabideen aurrean aurkeztu zituzten pozarren eta harro, galdera ikur bakar bat jarri gabe. Euskararen, kristautasunaren eta beste hainbat misterioren jatorriaren eta bilakaeraren inguruko iluntasuna argitzera zetozen, hasiera batean ageriko ezbairik gabe, aurkikuntza “historiko” haiek. Indiana Jonesen bosgarren pelikularako oinarri egokia izan daitekeen istorioak badu sinopsi erraz eta laburra: ospakizunen ondoren, hasi ziren aurreneko zalantzak plazaratzen; aurkikuntza harrigarriei iruzur kiratsa zeriela esatera ausartu ziren baten batzuk, betiere informazio oso eskasean oinarrituta, kontu handiz –ilunpean, alegia– baitzeuden gordeta Historia iraultzera zetozen piezak; aurkikuntzak ospatu eta urte eta erdira hasi zen lanean –sekretupean, noski– batzorde zientifikoa, 2008ko azaroak eman zuen ebazpena. Adituen ustez, faltsuak dira aurkikuntza harrigarrienak. Ahaztu egin zait gogora ekartzea ia lau milioi euroko diru(publiko)-laguntza zeukala konprometituta Gilen taldeak 2010 urtea arte…

Partida, edonola ere, ezin da itxitzat eman. Film honetako doilor ofiziala, Eliseo Gil, apartatu dute proiektutik, eta haren enpresak, Lurmenek, badu Arabako Fiskaltzan Diputazioak jarritako salaketa, Kultur Ondareari eraso egitea leporatzen baitiote. Batzorde zientifikoaren txostenen zuzentasuna zalantzan jarri duenik ere bada, Eliseo Gil barne. To be continued, beraz, baina Iruña-Veleian gertatutakoa –Iruña-Okan, aukeran– ere bada gauzak atzekoz aurre eta ilunpean egiteak dituen ondorioen isla.

Eta beste…

Debako Sasiola muinoa harrobi batekin partekatzen duen Praileaitz kobazuloaren auzia, non bost administraziok hartu duten parte elkarren arteko komunikaziorik gabe, eta oraingoz argi dagoen gauza bakarra den kultur ondarearen babesari lotutako auzi bati –hori ere, zuzen-zuzenean Miren Azkarate sailburuari eragiten diona– zeharkako bidetik ematea behin-behineko soluzioa. Bost urtez bueltaka ibili ondoren behin-betiko kokapena non izango duen zain dagoen Ipupomamua, ustez Asteasun eraiki behar zen haur eta gazte literaturari emandako zentroa. Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala hartuko duen Bilboko Besga eraikinaren inguruko azken notiziak, aspaldi hautatutako eraikin zaharra aprobetxatzea ezinezkoa dela eta berria eraiki behar dela diotenak. Behin eta berriro atzeratu den Gasteizko Arkeologia Museoaren irekiera. Iragarritako aurreneko datari zazpi urte eta lehenengo aurrekontuari diru dezente gehituta 2008ko udan inauguratu zen Ekainberriko erreplika Zestoan… Eta beste…

Salbuespenak eta lorpen biribilak egon badaude baina, jeneralean, ondarearen eta kultur azpiegituren kudeaketa publikoa non, arazoak han. Ez da kontabilitate maltzurra, estatistika soila baizik.

Kasualitatea? Baliteke. Gehiegizko kasualitatea? Horrela dirudi. Konponbidea? Errezeta konbinatua, seguruenik, besteak beste Antonio Maurak gobernatzeko behar zituen “argia eta takigrafoak” –besterik ez omen zuen behar, nahiz eta kontrakoa frogatu zuen– aintzat hartuko dituena. Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultur diputatuak elkarrizketa batean proposatu zuen errezeta ere ez da txarra, bere etxekotasun soilean: “Kanpaiak jo aurretik, gauzak ondo lotuta eduki behar dira”.

2008 urtea? Erabateko eta ezbairik gabeko lezio praktikoa.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan