Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

ARGIA.com
Itzuli ARGIA.comra
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Bost egun itulari Roberto Arlt-ekin

Iñigo Aranbarri

idazlea

Santandertik sartu ninduan Bilbon, trenez.

Badakidala diotsot, irakurri ditudala ordukoan hemen ikusitakoaz Buenos Airesko El Mundo egunkarian idatzi zituen aguafuertes vascas haiek. 78 urte pasa dira. Jeneralen altxamenduaren aurretiko negua zen, eta Ameriketatik Europarakoa Paulino
Uzkudunen ondoan egin zuen baporean.

- Berarekin egon eta hilabetera eraitsi zian Joe Louisek Madison Square Garden-en. Bere karrerako KO bakarra.

Esan ez esan egon nintzen.

- Jose Antonio Primo de Rivera kartzelatik aterako zuen komando batean ibili zen entrenatzen Sevillan.

- Gorila irribarre harekin, ezagun zian, zer nahi duk ba! –bota dit isil nadin.

Altzuzako Oteiza museoan, miraz begiratzen diola iruditzen zait Sainz Oltzaren eraikinari, urrats geldoz egin du Laborategi
Esperimentaleko osteratxoa. Bekoki garbiko gizon gorbatadun bat mila pieza txikiz osaturiko oihanean barrena. Ezezagunak gehienak, Oteizari izena eman dioten lanen ernamuin beste asko. Dokumentatzen ikusten dut, bere apunteak hartzen, eskola zaharrekoa izan gizona.

Ilunabarrak milaka ipurtargi piztu ditu haranean. Aurrean, Iruñerri zabala, ontzi baten hondoan. Gure oinetara, txalet berriak. Ozeanoaz bestaldeko hirigintza dakar hizpidera: “Xelebrea duk gero! Han, zer usna, pobreak biltzen dituk megapolien inguruetan; hemen, berriz, hiritik ihesi zebiltzak aberatsak”. Ezkerretara, Egues ibarreko lurrak erakutsi dizkiot, Lizarraga Elkanokoaren ardien bazkaleku behinola. Joana den mundu bat.

Ez da edonolakoa izan aurtengoa Oteiza museoan. Pedro Manterolak zuzendaritza utzi du, Gregorio Diaz Ereño da buru berria. Bost urte bete dira Sanzen gobernuak otsailean “Nafarroako kulturaren zati garrantzitsutzat” jo zuen proiektua hemen dela eta ehun Jorge Oteiza bera jaio zela. Zarautzen, Orion, Azkoitian, Donostiako Musikaldian zein Koldo Mitxelenan edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan, azaldu diot, horrexegatik izan ditugula aurten “Orioko artista handiaren” gaineko hamaika hitzaldi, hamabi jardunaldi eta hamahiru omenaldi.

Hau ez al zen botereak baztertuta bizi zena?

Beherako bidea hartzen dugula ahal denik eta garbien argitzen ahalegintzen naiz zertan izan den Oteizaren “baztertzea” azken urteotan. Eta hala azaltzen diot, zabarmari, Joseba Arregiren harria bidetik kendu orduko nola desagertu ziren Euskal Autonomia Erkidegoa Nafarroatik bereizten zuten gainontzeko harri, mugarri eta harresi guztiak; eta arbuiatzekoa zen Txillida apaingarriaren bidetik, nola ikasi zuen berak ere klarion txikiak berrogei tonako monumentu bihurtu eta pisura saltzen, baita jeltzaleei eurei ere.
Ea aukera dugun pare bat ikusteko.

Zarauzkoak ditut gogoan.

Eta Azkoitiko frontoiak?

Horretan ere, Txillidaren antza hartu zuen azkenean.

Jarri duen aurpegiagatik, ez didala ulertu oldoztu dut. “Artista hil ondorengo negozioa”, halako zerbait esan diot. Autoa gelditu dut. Gorraitzen gaude, bide korapilo batean galdurik. Landa giroko arkitektura berria inoiz erremolatxa bururik ikusi gabekoentzat.

Hegien itzala ibarra zedarritzen. Mendien eta espazio hutsen gaineko lerdokeria bat bota dut giroak hartaratura.

- Zer esan nahi duk?

- Hiru hilabete barru hasiko direla Tindaya zulatzen. Han, Fuerteventuran.

Eta?

Badirela sei urte Txillida hilda dagoela…

San Saturnino elizaren saihetseko ostatu batean eman diogu errematea arrats hezeari. Ezer egin gabe, leher eginda nago.

Nahiago nuke bera nire erdia balego.

- Eta hi, noren alde hago?

Zer esan nahi duen galdetu eta begira-begira erantzun dit, “badakik, argentinar guztiei galdetzen diezuena, Boca Juniors ala River, Borges ala Cortazar…”.

Hemen ez dugula horrenbesterainoko lehia bizi izan azaltzekotan egon naiz, gehienontzat Txillidaren eta Oteizaren artean aukeratzea ez dela odola gaiztotzerainoko ezer izan. Irribarre okerra dut zain eta atsedenik hartzen ez duen eskua koadernotxoaren gainean dabil.

- Amnistiaren txapak direla, edota Euskal Kosta Ez Nuklearraren zein Euskal Unibertsitatearen aldeko pegatinak, Txillida eraman izan dut, harro eman ere bihotzetik gertuen, mezuaz gain, estetikak banguardiatik asko zuelako. Gustatu, bere petralean askatasun aire bat ikusten niolako seguru asko, Oteiza gehiago. Baina sekula ere ez nion barkatu ustezko euskararen gainean muntatu izana zuena, nork eta adin horretan Orion euskaraz ez zekien bakarrak.

Ezinbestean, Nestor Basterretxea etorri zait. Oraintsu, hamazortzi pieza eman dizkio opari Bilboko Arte Ederretako Museoari,

“Euskal Kosmogonia” jarri dio izena, “ohartuta euskara, hizkuntza zahar hori, guregana iritsi dela neurriko erreferentzia ikonografiko eta artistikorik gabe”.

Horra gure hutsaren misterioa: zergatik dira euskararekin mitomanoenak hizkuntza bera ez darabiltenak? Nire aldean dotore esan zuen Aialdek: “Euskel sustrai/herri honen mamia non dago?/hauxe duk nere ustea/ez cromlech, ez dolmenetan ez harri koxkor zaharretan”.


Azaroak 20, osteguna


Euri langarretan doa labainka autoa Iruñetik Gasteiza. Eguraldi muxina dugu, eta euriak euriari dei eginda, gutaz bidali zuen azken kronika dakart hizpidera, 36ko urtarrila zen: “Banoa Bilbotik. Hemen da euri garaia, kale hauetan emakumeak mutil koskor bihurtzen dituena, belaunetarainoko bota, euritako xira, txapel eta aterkiarekin”.

Emakumeak txapelarekin?

Zergatik txokatzen naizen ekiten dio, ea nire begiak ez diren atzerantz egiteko gauza. Txapelaren kontu horrekin aurtengo Durangoko Azokako afixarekin nolako eztabaida piztu den esatera nindoanean erakutsi dit Arltek gasolindegia.

Kafe bana?

Tankea bete eta egunkaria erosteko baliatzen dut unea. “Iruña-Veleiako aurkikuntzak “faltsuak” direla azaleratu du Ikerketa Batzordeak”, irakurri diot Berria-tik.

Bart Campanas karrikako ostatuan bost egunotan erakutsiko nionaz mintzatu ginenean, Iruña-Veleiakoa aipatzea nahikoa izan zen begiak argi bi bezalaxe pizteko.

Erromatarrak Euskal Herrian?

Gauzak asko aldatu direla azaldu behar izan diot. Gure umetako ipuinak, Oihenartek berak koipetu eta Atxagaren Obaba gizendu zuten haiek, alegia, Lartaun buruzagiaren euskaldunek Ernioko magaletan Octavianoren mutilak egurtu zituztenekoa-eta, lekutan daudela; kantabriar menderaezinen elezaharrak desaktibatuta, mesede ederra egin digutela denoi Oiarssok, Zarautzek, Foruak eta Iruña-Veleiak. Irribarrea ikusten diodala, Txirritaren bertsoak kantatzeari ekin dio: “erromatarrak berendu nairik/gure zazpi probintziyak/garai artako abarkadunak/ziran jenioz biziyak”. Ez nuke harritu behar, bertsolariak maite dituela, erakutsi zuen 35eko abenduan Buenos Airesera bidali zituen kronika haietan.

Eta ostraka hauek orduan…

Ederra litzatekeela benetakoak izatea aitortzekotan egon naiz, ez hala munduko erromatar aztarnategi zoragarriena genukeelako, eta noski, ez horrek euskara non eta harako karistiarren lurretan eta noiz eta III. mendean kokatuko zukeelako, ezpabere hartara zapaltzen dugun lur hau ez litzatekeelako hain, nola esan… harrizkoa? Esan nahi diot: begira, orain arte Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca izan dugu Biblia; eta badakizu, osasunagatik bada ere, agnostikoaren zalantzak mesede egingo ligukeelakoan…

Ez diotsot halako ezer, ordea:

- Zer nahi duzu esatea, bi urte behar izan dituzte esan dutena esateko.

Aztarnategira iristea zaputzak hartzea izan da. Giltzatuta daude metalezko ateak, ezin sar gaitezke itxituraz bestalde. Hala ere, lokatzetan ekiten diogu harresia inguratzeari. Badela mosaiko eder bat duen etxe bat azaltzen diot, ur biltegia, Pompeia Valentinaren domusa…

Eta iruzurra bada, nork egin du? Zergatik?

Nahi den lekutik ikustea dagoela diotsot, jolasa izan daiteke eta dirua ateratzeko makina; euskararen presentzia frogatzeko saioa zein honen sustapen politikak kritikatzeko, non eta Araban gainera; zientzialari mainontzi bat nahiz hizkuntzalari psikopata bat, jakizu! Bi urteotan arkeologiatik politikara egin diren deribazioetako batzuk, ondo gogoan edukitzekoak izan dira. Ahaztu aurretik, eta umore pixka batez maneatzearren hau guztia, badirela bi liburu oparitu behar dizkiodanak aipatu diot, literaturak errealitateari aurrea hartzen dion kasu horietako bat.

Lehen ez didak erantzun: zein den hire iritzia galdetu diat.

- Benetan umezurtz gaudela munduan. Jainkorik ez dela erabakitzen duzunean, zientziak hartzen du, nolabait esateko, haren lekua. Hemen gertatu denak koska bat beherago uzten gaitu, baina. Filologia izan da Veleiako Enperadorea biluzik dagoela esaten aurrena. Iruzurra izan daitekeela publikoki esan ostean etorri dira maisu-maistrak, nahi dituzun logo eta ari guztiak. Zientzia ez da hizkuntzalariek hitz egin arte mintzatu. Eta zientzian ez bada, zertan sinistu behar dugu? Filologoa naiz ikasketaz, baina benetan, nik ezingo nuke erlijio horrekin bizi…

- Ez zenidan bart esan horixe zela hain juxtu Oteizari barkatzen ez zeniona?

Aterrunea zabaldu da Veleiako harresiaren gainean, argi izpi batek ganbelan jotzeko beharra banu bezala.


Azaroak 21, ostirala


Begiak larri, artega dabil Roberto Arlt ibai hegitik Bilbon. Pentsatzen dut zergatik den: hau ez da berak hitzetara ekarri zuen burdinaren eta burdinazko lore hura. Jendea ere, ez da bera, ez du ordukoaren inolako tankerarik. Aterkipean, agudo egiten dugu Deustuko zubitik ibiltokian aurrera. Harako hartan, dinamitak obratutako uhartetxo bat ikusi zuen ibaiaren erdian, eta bi Bilbo zirela kontatu zuen, Labe Garaietako “jauntxo feudalena” eta langileen Bilbo behartsua, bere kale estu, etxe zahar eta sukalde beltzekin. Oraingoan badakit lanak izango dituela ikusten ari dena kontatzeko. Unibertsitate gaineko txabolengatik galdetuta, Gereziaga ahizpei poema mindu hura idatzi zien Arestik izango lukeen bezalaxe.

Ezin Iñaki Uriarte arkitektoarekin hitz egin gabe egin aurrera. Guggenheim barruan sartzen gara, miraz begiratzen dio kaiola ederrari Arltek.

- Bizkaiko Diputazioak 100 milioi euro jarriko ditu beste Guggy bat egiteko. Badakizu non?

Barnean aterpetua, museoan sartzen naizen aldiro gogotik erauzi ezin dudan Thomas Krenz datorkit gogora: “Lehenago esan nuen bezala, programazioaren herena Euskal Herriko, Espainiako edota hispaniar kulturakoa izango da”. Beiratearen bestalde, errioa. Aspaldi eraitsi zituzten Aresti lotsarazten zuten ijito txabolak. Josu Ortuondo alkate ohiak behin Euskalduna ontziolak zeudeneko parean esandakoa ekarri du hizpidera Uriartek: “Hemen lehen ontziak egiten genituen, eta orain kultura egiten dugu”. “Orduan –aldarrikatu du Uriartek–, ontziak egitea ez da kultura ala? Jaso dugun herentzia industrial handia ez dugu txartzat hartu behar, nortasunaren, gizartearen eta kulturaren aldetik balio handia daukan erreferentziatzat baizik”. Baietz diotso Artlek. Eta Boca aipatzen du, “ez Caminito ordea, Lezama plazaranzko igoera baizik, turista gehienek ezagutzen ez duten abandonoa. Nik, –biluztu da–, jendea behar dut kroniketarako, turistentzako paisaietan ezin da bizi”.

Arestiren jaiotetxerakoa egiten dugu, “urrian 75 urte bete dira sortu zela” diotsot. Isozaki Atearen haize-ezkutuan, behinolako ontzi jabeen egoitzak, aduana zaharra, betirako joanak diren baporeen itzalak ur azalean. Tranbia bide gainetik pasa, eta bertan da Berroeta Aldamar kaleko 2. bebarrua.

- Hilabete lehenago iritsi izan bazina, Bilboko alkatea bera ikusiko zenuen plaka inauguratzen ez ezik omenduaren poema bat errezitatzen ere. Herri honetan gauzak nola diren. Orain lau urte, alkatetzatik bertatik agindu zen kentzeko, inolako azalpenik gabe, Mintzabarullok 85ean Arte Ederren Museo aurrean Arestiren omenez landatutako haritza eta oroitarria.

Arltek ez dio kasu gehiegirik egin plakari. Politikoen mihi zuriaz, ostera, zer esaten ahal diot, toki ederretik dator bera. Espaloi barrenetan babesten den jendea du begi ninian, eta nik ere nahiago honela. Bestela mendeku pertsonaletan sartuko nintzateke seguru asko, eta kontatuko nioke zer gertatu zaion euskal idazle bati baino gehiagori alkate txit agurgarriarekin, jende aurrean gertatutako pasadizoak ere badira hamaika-eta. Eta honezkero ezin isildu, kontuizu. Behin, ekitaldi publikoetan Bilboko erdal idazleen aipuak baino ez dituela aumentatzen gogorarazita, lasai ederrean zuritu zuen bere burua, “¡Pero es que la obra de Aresti es muy corta! Tiene algo sobre el Sendeja, algo sobre…”. Horrelako ateraldiak dituen agintariak merezi du Arlten karikatura bat, baina ez daukat ezer esan beharrik, neu baino zoliago dabil bera.

Eta hau?

Ibilaldiaren buruan azkenik Albiako kafetegi batean esertzen garenean, Kepa Junkerari Jaurlaritzak emandako 702.000 euroren inguruan sortutako kritikak jasotzen dituen albistearen gainean du atzamarra. Egunkaritik orria erauzten duen artean, hala begitantzen zait, bere Zazpi eroak nobelara doakiola gogoa, eromenaren bihotzera, boterearen logika betikora, zer ez zukeen egingo Remo Augusto Erdosainek “kultura erosiari” emandako dirutza horrekin “iraultza unibertsalaren” mesedetan.

Azaroak 22, larunbata

Ez dela sasoirik onenean etorri diotsot, hainbeste euri, gainera nora eta hona, guardasolek hegan dakiten Donostiara.

Baina nik itzuli behar nian, hona bai.

Moilako galtzadarrietan plista-plasta, haurraren ilusioz narama Aquariumera. Orain bera da nire itsu mutil, gauzak ausardiaz esateko gai ez den idi honen itulari lanbropean. “Umeek miraz oihu egiten dute Itsasoaren Jauregian sartzen direnean, eta helduek ere ahalegin handia egin behar dute ez egiteko” idatzi zuen orduan. Orain ikusgarriago dagoela, baina ez duela jendearengan ilusio aire hura sumatzen.

- Guztiarekin gertatuko zitzaigun hori, pentsatzen dut.

Iruña-Veleian agindu nizkion bi liburuak erostera laguntzeko eskatu diot.

Ordukoan ez du ahazteko olagarro bat, beste txikiago bat irensten Aquariumean, “metaforatik duenagatik”; eta kaleetan, euskaldunon erlijiozaletasun sutsua. 1935eko urtarrilaren 16an argitaratu zuen kronika hura dakarkit liburu-denda bidean: “Euzko Alderdi Jeltzaletik kanpo, Euskal Herriko intelektualak ez du gaur egunean inongo etorkizunik, eta alderdiak sortutako giroa dela-eta, euskal nazionalismoa da jendearen gogoa pizten duen gai bakarra”. Barre egin du. Barre egiten dut.

Erakusleihoan, Durangoko Azokarako atera diren liburu berri asko euskaraz. Gazteleraz ere, multzoa. Gai nagusia ez da nazionalismoa, ezta hurrik ere. Idazle gehienak, nik dakidala, ez dira Alderdiko agertzen, baina egia da honen kultur politikak, munduan beste hamaika herritan legez, ez duela jasotzen orain urte batzuetako eztenkaden laurdenik ere euskal intelektualen aldetik. Dena da arrunt gozoagoa: bidaiak, sariak, ospe makinak, eta Junkerari bezala, eskupeko esplendidoak. Nola bada. Bakoitza, bere zoroak barik, bere banitateak baitarabil. Eta hauek ez dira horren zailak moldatzen. Musikan, erdal taldeen publizitateak betetzen du beste erakusleihoa alderik alde. Logika merkantila zein den azaltzen diot, Buenos Airesen bezalaxe, diruak erosten dituela kristal garbiak ez ezik euskalgintza aberkoienak ere hemen.

Apaletan aurkitzen duenarekin harri eta belarri, euskaraz idazten duten egile asko dugula. Badugula, izateagatik, “idazle izan nahi duen jende gehiegi dagoela” garbi esaten duen ahotsik ere; egin beharko litzatekeela iradokitzen dutenak, Barakaldoko labe garaiekin bezala, nola halako birmoldaketa.

Ez duk egia!

Hemen baietz diotsot, hemen irakurlearen aukeragatik poztu beharrean numerus claususak proposatzen direla unibertsitateko kritikatik, hain gaude normalizatuak gure Euskal Herri moderno, noranahiko eta buru iritzi honetan.

Zer nahi den horrekin galdetzen dit.

- Lau izenekin lortu balizko homologazioa, lagunkeriaren apologia, ustezko garbiketa selektiboa, ideologikoa… nik dakit ba! Euskal literatura krisian dagoela entzungo duzu, baina diruaz ari dira, ez literaturaz. Ez dela nahi beste irabazten, azken batean, idazleak hazi bai, baina irakurle erosleak, daudenak daudelako. Ez da hori esaten ordea, negarra jotzen da, noiz, eta inoiz baino idazle gehiago daukagunean ondo idazten duena…

Gibel-erraietan ditudan olagarroak ukitu dizkit aluak, eta dagoeneko ez dakit zein erro den zeinena.

- Badakizu urtean zenbat poema liburu itzultzen diren munduko literaturatik euskarara? Bat bera ere ez.

Agindu bezalaxe Jon Alonsoren Katebegi galdua eta Euskal Karma ematen dizkiot, gure historia apokrifoarekin barre pixka bat egin dezan. Berak ere harrotu nahi du poltsikoa, halaxe esan dit, “euskal kulturaren alde”. Galdetzen entzun dut ordain mahaian. Beste galdera batez erantzun dio saltzaileak baina:

Leizarraga esan duzu? Eta euskaraz idazten du?

Ez gaude Aquariumean, baina hemen ere sano aldatu da liburu saltzaileen aldartea azken aldian izan zinenetik, Roberto.


Azaroak 23, igandea


- Arestik, zubi gain honetatik pasatzen zen aldiro, “Gora Euskadi Askatuta!” oihu egiten zuen.

- Beste garai batzuk zituan horretarako ere, ez duk ala?

Atertu gabe segitzen du, hala jarraituko du Pariserako hegazkina hartzen duen arte Miarritzeko aireportuan. Bi hilabete egin zituen aurreko hartan, bost egun ere ez ditu eman oraingoan, aro globalean dena gutxiago bizi izanda ulertzen errazagoa balitz bezala.
Hendaia atzean utzi eta kostako bidean goazela, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kulturaz galdetu dit. Ez dut errotari bi buelta eman beharrik izan : Maiatz eta antzerkia.

Literatura aldizkariak 26 urte bete ditu, eta bere eginbeharra zertzen segitzen du, Hegoaldeko gisa bereko aldizkariak desagertu direnean.

Normaltasunaren kalteak esan nahi duk…

Antzerkiaz berriz, luzeago aritu natzaio. Hegoaldean autonomiak, telebistak edo nahi den bezala deitu askari, nolabaiteko babesa ekarri duenean bihurtu ditu aktore amateurrak profesional eta talde euskaldunak elebidun.

- Hemen, ostera, dena da primarioagoa, hil edo bizikoagoa, badoan bizimodu bat, mutu hurran den hizkuntza bat eta oraindik “hemen gaude” esateko premia gorria.

Mattin Irigoienek Oier Guillani ARGIA-n aitortutakoek durduzatu egiten dituzte irakurlearen belarriak: “Ulertu behar da giroa hemen hizkuntza galera izugarriarena dela, eta gaur taula gainean euskaraz mundu bat sortzea mundua bera sortzea dela”.

Irigoien esan duzu? –eta letra txikiz ekartzen du izena kaierara.

- Ez da bakarra. Luku eta Hiru Punttu taldea dituzu, Oztibarrekoak, Mari Bi Sos, Fuch anaiak… eta aurten Lartzabalen Ibañeta revisited, Haizeberrik eta Artedrama laborategiak mustua.

Nahita ez dizkiot aipatu pastoralak, maskaradak eta gainerako errito parateatralak. Ez dut nahi pentsa dezan errepide bazterreko etxe zurietan inor bizi ez denik. Horregatik aipatzen diot Antton Lukuri jasotakoa, Hegoaldean dagoeneko inori entzuten ez zaizkion hitzak: “Ni komentzitua niz toberak edo karrusek lehen ere badutela dimentsio soziala eta klaseen arteko borroka izigarri argia, hauen gibelean badela beti antzerki politikoa. Pentsatzen dut horiek berreskuratzen baldin badira hori dela gure benetako antzerkia”.

Brecht da, jubilatuentzako golf zelai baten erdian aldarrika.

Euskal Herri amniotikoan ikara sortzeko gai diren arrazoiak.

Ez dira bakarrak. Kristian Etxaluz, Ibañeta-z: “Profesionalak merkatu batean kokatzen dira eta amateurrak aldiz komunitate batean.

Nik uste dut herrikoi antzerki batek ez duela ikustekorik kalitatearekin, komunitate batekin baizik”.

Kristal lausotuen atzean, Parmako aireportua eskuin aldera. Eta Irigoien, Luku eta Etxaluz antzerkiaz ari badira ere, orain kristala esku gainaz garbitzen dizudan bezala, azken bost egun bustiotan erakutsi nahi izan dizudanarekin duela zerikusia uste dut honek guztiak, kulturaren adierazpide guztiak jotzen baitituzte, nahi gabetan, hirurek itu-ituan: Oteizaren frontoiak eta Txillidaren Tindayak; hirigintza planak, museoak eta artista subentzionatuak; ezjakintasunak eta harrokeriak; larderiak eta otzantasunak; merkatu logikak eta miseria humanoak…

Agurraren unean, azkenean aitortu dit:

- Ez zakiat honetaz egundo idatziko dudan. Aurrekoa askoz errazagoa zuan azaltzen…

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan