Internet eta Euskal
Herria
Internet iraultzailearen hariari
tiraka
|
|
Komunikazioan
iraultza ekarri du Internetek, eta Ipar Amerikatik zabaldutako
uhinaren eraginak iadanik nabaritzen dira euskal gizartean ere.
Berrikuntzen hariari lotuta bizi diren pertsona urrien solasgai
izatetik dagoenekoz herritarron bizimoduan itsastera iritsi baita.
Guztion irudipena da, hala ere, iraultza hau hasi baino ez dela
egin. Orain arte Internetek gure artean eman duenaz, une honetan
eskaintzen ari zaigunaz eta aurrera begira izan beharko lukeenaz
beren iritziak emateko bildu ditugu gaia posizio ezberdinetatik
bizi eta ikuspegi oso ezberdinetatik ezagutzen duten lau pertsona.
Teknologia berrien arloan ikur izan nahi duen Arabako Miñaoko
Parke Teknologikoan bildu ditugu. Ez da izango LARRUN honek Internet
gaia jorratuko duen aldi bakarra. Edonor ohartzen baita zein hari
luzea duen.
Internet nobedadea edo moda izan zen momentu
hura pasatua da. Jadanik Internet, bere ezaugarriak, osagai diferenteak,
emaitza oso ezberdinak eta abar, ezagunak dira. Labur esaten saiatuz:
zertan da inportantea Internet herritarrontzako?
JOSERRA AIZPURUA.
Neurri batean nahasmen handia dago oraindik ere jende askoren
artean. Internet ez da berdina guztiontzat. Ezberdindu egin behar
da herritar arrunt, enpresa eta profesionalen artean, guztiek
ez dutelako harreman berdina Internetekin. Herritarrarentzat Internet
entzun duen zerbait da, baina ez da erabiltzailea, ez da egunero
erabiltzen duen zerbait, bere lanean ez bada. Enpresetan, ostera,
badago eboluzio indartsuago bat, gehiago erabiltzen den teknologia
da, batez ere Interneteko alor batzuetan, e-posta erabiliz; baina
oraindik zer gertatuko den zain daude. Azkenaldi honetan hasi
dira intranet eta horrelako teknologiak erabiltzen, baina zehatzegi
jakin gabe zein balio duen. Lehen pausoa eman da, baina oraindik
ez dago erabiltzaile gehiegi, duda asko dago gaiaren inguruan.
XABIER ORMAETXEA.
Internetek bi fase izan ditu Euskadin. Hasieran, Spritelekin,
e-posta bagenuen baina ez genituen web orriak ikusten; garai hartan
internautak izaten hasi ginenak, nahiz eta artean ez zitzaion
Internet deitzen, zaletasun bat duen zoroaren antzera ikusten
gintuzten. Ondoren, boom antzeko bat gertatu da, jendeak ofimatika
eskura izan duenean eta ordenagailuen bidezko komunikazioak eskaintzen
dituen aukerak ikustean. Beranduago Internet izenaren ezagutaraztea
etorri da, jendea egunkarietan hasi da Interneti buruz irakurtzen,
badaki zerbait dagoela. Momentu hauetan Internet zer den jakin
nahi duen edozeinek lor dezake informazioa.
Egun, denek daukate Interneti buruzko
ideiaren bat, ez dela bitxikeria bat. Baina oraindik herritarren
zati handi batek ez dio alde praktikorik ikusten.
Hasteko, Euskadin atzerapen handia dugu
etxe bakoitzean dagoen ordenagailu kopuruan. Telefonoa, bizpahiru
telebista, mikro-uhin labea eta horrelakoak edukitzea arrunta
da, baina oraindik ordenadore bat edukitzea nahiko salbuespena
da; eta etxean dagoenean, batez ere umeek erabili dezaten erosi
ohi dugu, gabonetako opari moduan erosten den zerbait da, umeek
jolas egin dezaten. Oraindik ere, ordenadorea beldurra sortarazten
duen tresna da, jendeak beldurra dio teknologiari. Eusko
Jaurlaritzak egin zituen saiakerak bere garaian, Spritel
bezalako esperientziak egin ziren, baina bertan behera gelditu
ere bai. Estatu Batuetan, aldiz, Internet ez da bakarrik enpresa
mailan erabiltzen, etxekoandreek eta jubilatuek ere erabiltzen
dute. Negroponte adituak esan zuenez, Internet ume eta jubilatuen
mundua da, batez ere hauek direlako nabigatzeko denbora dutenak.
Hemen oraindik zail egiten da jubilatuak nabigatzen imajinatzea.
Horretarako Internet eta ordenagailuen
erabilera popularizatu egin behar dira lehenik. Baina horretarako
erraztasunak eman behar dira kostuak jaitsiz: BEZ baxuagoa lortu,
tarifa planoa ezarri... Estatu Batuetan Internetek izan duen arrakastaren
arrazoi bat da dei lokalak doanekoak direla. Prezio baxuak ezartzen
ez diren bitartean ezinezko izango da Euskadik eta Europak Interneten
garapena lortzea.
AITOR LOPEZ DE ABERASTURI. Moda
hori oraindik ez da iritsi gure artera. Internet ez dago zabalduta,
ez etxekoen artean ezta enpresa mailan ere. Nahikoa da pentsatzea
Euskal Herriko zein enpresak eskaintzen dituen benetako edukiak
eta zein enpresa dagoen arlo horretan inbertsioak egiteko prest.
Nik mundu honetan daramadan denboran, ideia eta proiektuak sortzen
ikusi ditut, batez ere proiektu txikiak, baina orohar geldirik
gaude. Proiektu gutxi egiten da eta egiten direnak oso baliabide
gutxirekin.
LUIS FERNANDEZ.
Moda ez da pasatu oraindik, nire ustez. Ni Xabierrek aipatu duen
bigarren fase horretan iritsi nintzen Internetera; eta ordutik
hona bi aldi ikusten ditut. Amateurismoaren eta herrikoi egitearen
fasea batetik: gustuagatik nabigatzea eta gustuagatik gauzak sortzea,
Kaixo sortu zen bezala adibidez. Orain, "pelotazoaren"
arora ari gara iristen: dagoeneko Internet ez da dibertsioa bakarrik,
baizik eta negozioa ere bada, edo behintzat izango dela susmatzen
dugu. Oraingo kezka beraz, negozioa eta "pelotazoa"
harrapatzea da. Fase espekulatiboa da, beraz. Hala ere hau ere
pasatuko da eta profesionaltasunaren fasera iritsiko gara. Amateurismoak
ere bizirik jarraituko du baina batez ere profesionaltasunera
joko da. Nola aldatuko den hori? Bada, inork ez daki. Gaur denek
esaten dute Interneten eraginez mundua aldatuko dela. Egia da,
baina ez dakiguna da nolakoa izango den aldaketa, ezta zer ekarriko
digun ere. Denborarekin argituko da dena.
AITOR
LOPEZ DE ABERASTURI. Egia esan, gutxi dira hemen
"pelotazoa" jo dezaketen enpresak. Hispavista
zegoen, baina dagoeneko jo du bere kolpea.
X. ORMAETXEA.
Internet fenomeno kultural bat izatetik fenomeno ekonomikoa izatera
pasa da. Eta niri ez zait interesatzen Interneten etekin ekonomikoa
ateratzearen kontu hori. Badu bere garrantzia baina garapena beste
arlo batetik etorriko da, bere baitan duen ahalmenetik. Hau da,
negozioa sortzen den momentutik bere kabuz garatuz joango da;
beraz administrazioaren eta jendearen esfortzuak ez du bide beretik
joan behar. Enpresa batek web gune bat lehenik irudiagatik sortzen
du, baina azkenean etekin ekonomikoa aterako du hortik; ondorioz,
ez da esfortzurik egin behar web orria sortu nahi duten enpresei
laguntzeko; sortzen duenak negozio itxaropenak dituelako da.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Enpresei ez bazaie laguntzarik ematen, nola
lortuko dute Interneterako produktuak garatzea?
X. ORMAETXEA.
Azkenean merkatuaren legeak arautzen du dena. Interesgarriagoa
da Interneteko beste aldea. Euskaldunoi dagokigunez, Interneti
buruz hitz egiterakoan, pertsona klabe bat dago: Blas
Uberuaga (Buber). Idahon bizi den euskaldun batzuen semea
da, eta unibertsitatean eta web orrialde bat egitea erabaki zuen,
Euskadin inork Internet zer zen ez zekienean. Berea da Euskadi
munduari erakutsi dion lehen orrialdea, interes ekonomikorik ez
zuen pertsona batek egina.
Zergatik garatu da Internet Estatu Batuetan?
Unibertsitateko ikasleei, doaneko sarrera eta web guneak sortzeko
aukera ematen zaielako. Batzuk pornografiako orrialdeak sortuko
dituzte, baina beste askok orrialde interesgarriak sortu dituzte.
Hori da sustatzea interesatzen zaidan arloa. Honetan oinarrituko
baita beste guztia. Jendea ez doa Internetera erostera, komunikatzeko
erabiltzen du batez ere, urrutiko lagun edo familiarekin harremanak
izateko, informazioa aurkitzeko... Egia da ere salerosketa elektronikoa
egongo dela, inbertsio bila dabilen kapital bat dagoelako, baina
bere kabuz joango da. Ez zait gai hori interesatzen. Oraindik
ere jendeak interes ekonomikorik gabe proiektuak ateratzen ditu
aurrera, Guttemberg proiektua bezala. Azkenaldi honetan baztertu
egin dugu Internetek duen kutsu erromantikoa eta zentzu komertzialari
begiratzen diogu bakarrik.
L. FERNANDEZ.
Argi dago Estatu Batuetan hezkuntza arloan egindako apustuak aurretik
jarri dutela. Ez bakarrik Estatu Batuetan, berdin gertatzen da
Finlandian eta, esaterako, Linus Torvalds-ek Finlandiako unibertsitate
batean sortu zen Linux
sistema. EHUn antzeko ezer sortzea pentsaezina da.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Bueno, Kaixo
hala sortu zen, EHUko
Master batean Internet ezagutzeko aukera izan nuen eta horrek
bultzatu ninduen Kaixo egitera. Dena den, Blas Uberuagak orrialde
hori sortu baldin bazuen, Internet ezagutzeko aukera Euskadiko
askok baino askoz ere lehenago izan zuelako da.
X. ORMAETXEA.
Beharrezkoa da hezkuntzan izena ematen duten ikasle guztiek helbide
elektroniko bat jasotzea, zuzenean; matrikularekin batera, helbidea,
web gune bat sortzeko aukera eta geletan Interneterako konexioa.
Deustuko Unibertsitatean,
nahiz eta ordenadoreen gela handia izan, dagoeneko arazoak daude,
dagoena ez delako nahikoa. Internet erabili ahal izateko lekuak
sortu behar dira, jubilatuen etxeetan, udal liburutegietan, kulturetxeetan...
Azken finean, ordenadore aurrean gauzak sortzera edozein eseri
ahal dadin.
L. FERNANDEZ.
EHUn ez dute hori ondo bideratu. Ez da hori egin dutena. Campus birtuala sortu
dute, eta marketing operazio bat da irtenbide erreala baino. Arduratuegiak
daude, hardware, bideokonferentziak eta abarrekin horrelako gauzak
antolatzeko, Interneten barneratzeko modurik errazena e-posta
denean. Horrelako esperientziak gehiago dira unibertsitateak bere
buruari proiekzioa emateko, ikasleei erabilera errazteko baino.
Etorkizun hurbilari begira Internetek dituen
muga eta oztopoei buruz mintza gaitezke, iruditzen bazaizue.
J. AIZPURUA.
Oztopo fisikoez gain, hau da, azpiegitura eta abiaduraren oztopoez
gain, oztopo mentalak eragin handiagoa du. Internetek dena aldatuko
du, enpresa eta aliantza berrien sorreran lagunduko du. Baina
horretarako eskema zaharrak desegin beharko ditugu gure buruetan
eta berri batzuk sortu. Eta kosta egingo zaigu Internet ez bakarrik
web orrialde bezala baizik eta oraindik ezagutzen ez ditugun negozio
aukera bezala ulertzea. Aukera hauek ez ditugu oraindik ikusten,
web orrialdea sortu eta nahikoa dela uste dugu. Ez da Interneten
inguruan kulturarik ikusten.
X. ORMAETXEA.
Interneten garapena, kable bidezko transmisioan oinarritzen da.
Kablea izan da AOL
eta TimeWarner-ek
egin duten fusioaren arrazoia. AOL Interneteko zerbitzarietatik
garrantzitsuena da eta Time Warner munduko nagusia kable telebistan.
Bi hauen elkarketak, kable bidezko transmisioa ekarriko du Internetera.
Kobrezko hariak zuntz optikoko kablez ordezkatzen ditugun neurrian
garatuko da Internet.
Baina Interneterako beharrezkoa diren
materialen prezioak ere jaitsi egin behar dira, ordenagailuak
garestiegiak dira, eta tarifa planoaren ezarpena beharrezkoa da.
Estatu Batuetan dei lokala doanekoa baldin bada, hemen ere izan
liteke. Galdera hau askotan egin izan diet telefoniako enpresetakoei,
baina inor ez da erantzun bat emateko gai.
L. FERNANDEZ.
Hemen negozioa telefono gastua sortzean datza. Hor daude Terra
eta beste hainbat atari, eta hauen guztien atzetik telefoniako
taldeak daude. Itxura batera, badirudi hemen iraultza teknologikoaren
abangoardia "telefonistak" direla.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Bai, hala da. Euskaltelek
etekin handiagoa ateratzen dio Interneti telefoniari baino. Euskaltelek,
Canal 21
bidez, Interneterako sarrera eskaintzen du, eta banda zabalera
horretatik kontsumitzen denaren zati bat, Euskaltelek eramaten
du. Canal 21etik sartzerakoan Euskaltelen lineak erabiltzen dira,
eta horren irabazien portzentai bat bertzako da. Zein nodo erabiltzen
den Internetera sartzeko, hor dago negozioa. Hau da, adibidez
Euskaltelen softwarea instalatzerakoan, Interneterako sarrera
Euskaltelen nodoen bidez egiten duzu eta telefono gastu bat egiten
duzu. Gastu horren ehuneko bat Euskaltelentzako da. Tarifa planoa
ezartzerakoan bukatu egingo da hau.
Posta elektronikoa Internet da, web orri sinpleak
ere bai, dokumentazio baseak, bilatzaileak, komunikabide elektronikoak,
ohiko komunikabideen bertsio elektronikoak, aisialdirako tresnak,
iritzi foroak... Horietan zer aukera topatzen dugu Euskal Herrian?
Eta aukera bila nora jotzen dugu?
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Eduki aldetik ezer gutxi dago aukeran, eta
aurkitzen dugun gehiena, jendeak bere kabuz eta afizio moduan
eginikoa da. Aurki
dezakegun informazio ia dena modu pribatuan egina da.
L. FERNANDEZ.
Xabierrek dion azpiegitura horrek baino (hardware, banda zabalera...
) gehiago kezkatzen nau Alfons Cornellak, Extra-net
idazten duenak, infoegitura esaten dion horrek. Hau da, edukiak
kezkatzen nau; hemengo internauta harrapatzeko hemengo edukiak
erabiltzea. Momentu hauetan, eskoletan-eta hardwarea ipiniz gero,
haurrek Madrilgo orrialde eta atarietara joko dute, trafikoak
hartara zuzentzen gaituelako. Hemen ez dago harrapatuko gaituen
infoegitura hori. Euskal internauta 'aditu' moduko bat izan behar
da, adibidez, Kaixo
bilatzailea aurkitzeko.
Eta hori da behar duguna, informazio
sareak eta hemengo zerbitzuak sortu eta garatu. Ez bakarrik euskaraz,
baita gazteleraz ere, gaztelerazko euskal internautak ere ez duelako
ezer aurkitzen bertako edukietan.
X. ORMAETXEA.
Gehienetan ez da ezer aurkitzen eta aurkitzen denean, ia beti
orrialde estatikoak izaten dira; argazki bat eta ezer gutxi, informaziorik
gabe. Edukia eskaini dezaketen liburutegiak, oraintxe bertan hasi
dira Interneten sartzen Euskadin. Sar gaitezke Espainiako Liburutegi Nazionalera,
Estatu Batuetako
Kongresuko Liburutegira,
Frantziako Liburutegira...
eta hemengoetara ezinezkoa da.
L. FERNANDEZ.
Izan ere hemen inork ez du ezer egiten aurretik diru laguntza
lortzen ez baldin badu. Adibide bat ipintzeko, Euskaltzaindiak
ez du urrats bat emango Interneten Eusko Jaurlaritzak laguntza
segurtatu arte.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Kaixok ez du inolako diru laguntzarik jaso
eta seguruenik ezta jasoko ere. Nik egin ditzakedan inbertsioak
oso txikiak izango direlako eta Kaixoren eraginez sor daitezkeen
lanpostuak oso gutxi direlako. Hala ere, proiektuak garatzen eta
egiten jarraitzeko asmoa dut.
L. FERNANDEZ.
Ez naiz maila pribatuaz ari, instituzioei buruz ari naiz, beraiek
dutelako beharrezkoa den edukia. Euskaltzaindiak, adibidez, digitalizaturik
ditu euskal klasikoak, eta ez dizkizu ematen. Nik Toribio Etxeberriaren
obrak eskatu ditut, eta ez dizkizute ematen.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Instituzioak ez dira izan behar Interneten
garapenerako bidea.
X. ORMAETXEA.
Instituzioek Interneten eskuragarri jarri behar dituzte eduki
horiek guztiak, Guttemberg
proiektuarekin gertatzen den bezala.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Nik instituzioekin esperientzia nahiko ona
izan nuen. Jendeak euskal abizenen jatorria zein zen jakin nahi
zuen eta datu base bat sortzen lagundu zidaten.
J. AIZPURUA.
Gero eta gehiago begiratzen dugu Madrilera. Pixkanaka-pixkanaka,
Madrilgo atari erraldoiak nagusituz doaz, eta hori arazo bat da.
Eta Luisek lehen esan duenaren harian, euskal kulturaren munduan
beti egon da nolabaiteko kultura subentzionista bat. Ez bakarrik
subentzionista, protekzionista ere bai, bakoitzak bere informazioa
besteen eskuetatik babestu nahi du; horiek dira aurrera egiteko
ditugun oztopoak. Eta Internet guk ditugun printzipio horien aurkakoa
da: beharrezkoa da elkarlana, aliantzak, arriskatzea, frogak eginez
esperimentatzea... eta horretan ez dugu entrenamendurik.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Ez, ez dugu entrenamendurik. Hiru-lau enpresa
ari gara momentu honetan gauzak egiten. Denok ezagutzen dugu elkar,
noizean behin hitz egiten dugu, baina ez dago elkarlanik, ez dago
akordiorik proiektu bateratuak aurrera ateratzeko. Eta elkarlanaren
ondorioz sortutako proiektuak dira kanpoan aurrera ateratzen direnak.
J. AIZPURUA.
Horren eraginez, gune kulturalak Madril, Paris eta beste lekuetara
trasladatzen dira. Hori saihesteko gune erakargarriak sortu behar
dira Euskal Herrian, atari bat sortu egunkari, elkarte eta talde
ezberdinen arteko elkarlanaren ondorioz. Baina ez da horrelakorik,
ez garelako gure artean inorekin fidatzen.
X. ORMAETXEA.
Interneten freelance-en eskutik etorriko da booma. Gainera, informatikaren
mundu honetan ohituta gaude hutsetik sortu den jendearen arrakasta
ikusten. Beraz, multinazionalen aliantza handi horiek ez zaizkit
interesatzen, ez direlako sarea dominatzeko gai izango. Sarean
edozeinek sor dezake berea irudimen pixka batekin, Internetek
guztioi ematen digu aukera.
L. FERNANDEZ.
Horren inguruan mito bat dago. Interneten zerbait sortu nahi izanez
gero, inbertitu beharra dago, gastatu beharra dago.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Yahoo
behin bakarrik existitu zen, eta norbaitek proiektu ezberdin bat
martxan jartzen duenean, eta benetan balio duenean, azkar etortzen
dira enpresa handiak hori kopiatzera eta, marketing kanpaina baten
laguntzaz, hasierako ideia hori izan zuenarekin ahazten dira.
Kasu hoberenean ideia kopiatu ordez, erosi egiten dizute proiektua.
L. FERNANDEZ.
Euskal Herrian bada beste oztopo bat: kontrolari diogun beldurra.
Beti saiatzen gara dena etxekoekin egiten, lagunekin eta gure
artean. Interneterako konexioa Euskaltelen bidez egingo dugu,
Euskal Herrikoak direlako, aliantzak ere hemengo batekin... eta
horrela pentsatzen dugu, nahiz eta agian merkeagoa izan atzerrian
edo atzerrikoekin gauzak egitea.
Obsesio bat dago hemengo hardwareak
erabiltzeko eta horrek, azken finean, berdin du, produktu hori
lehen aipatutako infoegitura horri zuzentzea garrantzitsuagoa
delako.
X. ORMAETXEA.
Euskal baliabideez hitz egitean, edukiez hitz egiten da. Udaletxeek,
liburutegiek eta beste guztiek dituzten baliabide guztiak jarri
behar dituzte sarean. Administrazioak ere ahalegina egin beharko
du, herritarrekin harremanak Internet bidez egiten hasi behar
du, errenta aitorpena, isunak eta abar Internetez ordaindu ahal
izateko.
Euskal enpresaria konturatu da Interneten
egon behar duela, eta garapena iritsiko dela. Enpresa eta abarretan
gero eta jende gehiagok eskatzen du e-posta helbidea, ezin dute
esan ez dutela, atzeratuta daudenaren irudia zabaltzen dutelako.
Internet ez duen enpresa bat atzeratuta dagoela dirudi, bere buruaren
irudi oso txarra ematen ari da. Lehen pausoa Interneten egotea
da, e-posta bidez eta katalogo itxura duen web gune bat sortuz.
Aurrerago etorriko da bigarren pausoa, Internet enpresan integratzekoa,
alegia. Enpresariei lotsa ematen die Internet ez dutela esateak.
J. AIZPURUA.
Momentu hauetan irudiak du garrantzia, enpresetan-eta ez dira
teknologia horrek dituen baliabide eta aukera guztiak aprobetxatzen;
pixkanaka jokaera horiek aldarazten joan behar dugu.
X. ORMAETXEA.
Hasiera batean e-posta erabiltzen da, gero orrialde estatiko bat
edukitzen da katalogo moduan. Azkeneko pausoa enpresa Interneten
integratzea izan behar da: gerenteak etxetik bertatik langileekin
chat-ak egitea, bezero bat web orrian sartzea eta datu baseak
kontsultatzea eta abar. Gero, hau guztia egin dezakete edo ez,
baina behintzat aukera hor dagoela jakin behar dute enpresariek.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Oraindik, nire ustez ez gara iritsi Internet
enpresan integratzeko fase horretara.
Industria bat ere bada Internet: zerbitzariak,
atariak, publizitate agentziak, komertzio elektronikoa... Hemen
dagoen industria eta egon daitekeena.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Egon badago, baina oso gauza gutxi. Esperientzi
solteak daude, batzuk besteak baino arrakasta gehiagorekin, baina
ez dago industriarik. Hemendik irtendako informatikari gehienak
eta Interneten inguruan dabiltzanak, Madrilera edo Bartzelonara
joan dira. Horrek zerbait esan nahi du.
X. ORMAETXEA.
Hasi gara industria pixka bat edukitzen. Euskadin fenomeno bitxi
bat gertatzen da. Beste gizarteetan aldaketak gradualki jazotzen
diren bitartean, hemen kolpeka bezala gertatzen dira. Gure artean,
aldaketak bat-batean jazotzen dira.
J. AIZPURUA.
Ari da garatzen Interneten inguruko industria bat. Ez Madrilen
sortzen ari diren foko kulturalekin lehiatzeko modukoa, baina
denborarekin sortzen joango da, industria etorriko da.
L. FERNANDEZ.
Bai, proiektuak sortuko dira, batzuk hemen gelditu eta beste batzuk
Madrilera joango dira. Guay.com-ek,
adibidez, Madrilen bukatuko duela iruditzen zait.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Egia da publizitate eta harremanen inguruan
mugimendu gehiena Madrilen dagoela. Baina horretarako delegazio
bat sortu daiteke, eta Guay.comen kasuan hemen jarraitzen du egoitza
nagusia edukitzen, bertan garatzen dira proiektu eta ideia berriak.
X. ORMAETXEA.
Horixe da hain zuzen Interneten abantaila, kokapen ezarena, berdin
du non zauden fisikoki.
Komunikazioa den neurrian, multinazionalei
loturik dago Interneteko jarduera teknologiaren atalean, gehiena
Estatu Batuetatik dator. Horren aurrean, komunikazio-industria
eta teknologiaren sorkuntza eta salmentaren alorrean, zeintzuk
dira aukerak Euskal Herrian?
L. FERNANDEZ.
Euskal Herriak leku marjinala izango du, mapan duen lekua marjinala
den bezala. Ezin da gauza gehiegirik espero: bizirautea eta euskal
internauta bertako edukiekin harrapatzen saiatzea. Zaila da lehiatzea,
baina hori da egin behar duguna. Gainera, sortu daiteke ideia
bat hemen eta gero atzerrian saldu. Hori ere etor liteke. Baina
ez da halako ideia bikainik sortuko herritar guztiek Internet
bere esku izan arte. Orduan sortuko dira benetako ideia bikainak,
benetan popularizatzen denean. Baina popularizazioa ez da gertatuko
askok uste duen bezala, salerosketa komertzialaren eraginez. Prozesuak
alderantzizkoa behar du izan eta e-posta eta nabegatzaileak erabili
ondoren etorriko da bestea.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Salerosketarekin hasi baino lehen, edukiez
eta beste gauzez hitz egin behar da. Denda jarri aurretik erosten
jakin beharko da. Jendea erakarri eta harrapatuko duen edukiak
sortu behar dira, gero etorriko da gainerakoa. Salerosketaren
inguruan ari gara eta oraindik ez dugu oinarrizkoa egin. Nik ez
dut Internet bidez erosi duen inor ezagutzen.
X. ORMAETXEA.
Begira, salerosketa elektronikoak arrakasta izan du, lehendik
posta bidez egiten ziren erosketak arrakasta zuen leku berean.
Beste oztopo bat ordainketarena da; oraindik inor ez baaita fidatzen
ikusten ez duen inorekin.
L. FERNANDEZ.
Ezin da Interneteko erabiltzailerik sortu salerosketa elektroniko
bidez, e-posta da lehen pausoa. Oinarritik hasi behar da eta oinarria
e-posta da, aurrerago erosiko du. Ezin da alderantzizkoa gertatu.
Ezin dugu erabiltzailerik sortu oinarritik hasi gabe. Pausoz-pauso
egin behar da.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Nik e-postaren aldeko apustua baino web
orrien aldekoa egingo nuke. Bi horiek dira gehien erabiltzen diren
zerbitzuak.
J. AIZPURUA.
Euskal Herrian esperientzia berriak sortu behar ditugu, sistema
mistoak, osagarriak direnak eta euskarri ezberdinak nahasten dituztenak:
CD-ROM, Internet eta papera integratzen dituztenak. Pausoak pixkanaka
emateko eta modu global batean. Pixkanaka murgildu behar dugu
Interneten eta beste baliabideak baztertu gabe. Dirudienez, Internetek
Euskal Herrian garatzeko duen aukera, Latinoamerikako merkatura
zuzentzea da. Ez gara zuzentzen Europa edo Estatu Batuetako merkatuetara,
izan liteke ingeles hizkuntza ez dugulako ezagutzen.
Internetek espainolago egiten gaitu?
X. ORMAETXEA.
Euskaldunago bihurtzen gaitu. Ez dago zertan Espainiatik pasatu
behar Internetera irteteko.
L. FERNANDEZ.
Ba hori da juxtu gertatzen ari dena. Jendea Espainiatik pasatzen
dela.
J. AIZPURUA.
Honek guztiak kontraesan handiak ekarriko dizkigu euskaraz aritzen
garenoi. Euskaldunak bi milioitik gora gara eta horietarik zazpiehun
milak hitz egiten dugu euskaraz. Munduan 10 milioi euskal jatorriko
biztanle dago eta horietara iristeko hizkuntza gaztelania da.
Kontraesan handia dago hor.
X. ORMAETXEA.
Historikoki beti begiratu izan dugu Espainiara, gure merkatu nazionala
hori izan dela argi dago, gero eta gehiago Akitania izan behar
dela ere argi dago. Toki guztietara begiratu behar dugu, gure
ikuspuntua zabaldu. Ikuspegi industrial batetik gaur egun mundua
da merkatua. Hizkuntzaren arazoa dago. Oraindik ere ingelesa ama
hizkuntza bezala erabil dezaketen euskaldunen kopurua oso txikia
da, baina bidea hizkuntz aniztasuna da. Niretzako Euskadi ideala
hiru hizkuntza hitz egiteko aukera izango duena da: euskaraz,
espainolez eta ingelesez.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Internetek ematen digun aukera garrantzitsu
bat ez dugu kontuan hartzen. Teknologia honi esker, euskara erakuts
dezakegu bertatik. Gutun asko iristen zaizkit Katalunia, Hego
Amerika, Estatu Batuetatik eta beste leku batzuetatik euskara
non eta nola ikasi dezaketen galdetuz.
X. ORMAETXEA.
Beste hizkuntza batzuk ikasteko metodo asko dago eta merke eskuratu
daitezkeenak. Aldiz euskaraz ikasteko bi edo hiru metodo daude
bakarrik eta gainera oso garestiak dira. Azkenean beti bezala
merkatuak agintzen du. Garestiegia denez ezinezkoa bihurtzen da
euskara ikasteko CD horiek saltzea edo sarean jartzea. Euskaltxip
izan zen metodo horietariko lehenengoa, oso itxura zaharkituarekin.
Euskadin beti berdina gertatzen da, oso ideia onak edukitzen ditugu,
baina horren aurkezpena nahiko kaxkarra izaten da. Azkenean ez
da lortzen euskara erakusteko CDak aurrera ateratzea.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Euskara irakatsi daiteke teleformazioaren
metodoa erabiliz, baina ez dago horretarako ezer.
PELLO ZUBIRIA.
Oso zaila da momentu hauetan euskararen teleikasketa planteatzea
Euskal Herrian, euskararen irakaskuntzan dabiltzanak eguneroko
jardunean ere hain larri dabiltzanean. Momentu hauetan HABE,
AEK,
gainerako euskaltegiak... izan daitezke hori egin dezaketenak,
baina instituzioen laguntzabeharko dute.
X. ORMAETXEA.
Internetek ez gaitu espainolago bihurtzen. Alderantziz, izan dezakegun
menpekotasun hori murrizten du. Espainia hor dago eta hor izango
da, mugakidea delako. Baina egun edonora jo dezakegu.
L. FERNANDEZ.
Hala izango da, baina jende gehienak atari espainolak erabiltzen
jarraitzen du. Batez ere hasi berria denak.
X. ORMAETXEA.
Jendeak atari espainolak erabiltzen ditu, baina baita ere Estatu
Batuetakoak. Ingelesa dakienari berdin zaio atari espainola edo
atari ingelesa erabiltzea. Eta horrek garrantzi handia du, dagoen
eskaintzetatik bakoitzak bere aukera egin dezakeelako. Ez dugu
Espainiarekiko beste arloetan izan dezakegun menpekotasun kulturala.
L. FERNANDEZ.
Ea egia den. Aukera hor dago eta hori da nahiko genukeena, baina
dudak baditut.
X. ORMAETXEA.
Euskadiko herritarrak telebista espainiarrarekin loturak apurtzeko
dituen aukerak oso txikiak dira. Aldiz, Euskadiko herritar batek
Interneteko espainiar zerbitzu batekin loturak apurtzeko aukera
oso handia da. Aukera hor dago eta norberak egiten du. Menpekotasuna
baldin badago, norberak nahi duelako da.
L. FERNANDEZ.
Euskal industria sortzen bada, normala izango da kanpora ere begiratzea,
beste edozein industriarekin gertatzen den bezala. Nahiz eta ez
den berdina komunikazioa edo beste edozein gauza saltzea, nik
uste egin daitekeela.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Komunikazioa saltzerakoan ez da berdina.
Euskararen merkatua gehienez 40.000 erabiltzaileetakoa izan daiteke.
Espainolez eginez gero, merkatu erabiltzaile posibleen kopurua
biderkatu egiten da.
L. FERNANDEZ.
Komunikazioa saltzea ez da beste edozein produktu saltzea bezain
erreza. Hizkuntz aniztasuna abantaila bat da dudarik gabe, lehiatzeko
orduan, eta horri etekina ateratzen jakin behar da. Atal batzuetan
garatu daiteke bertako industria bat eta atzerrian saldu. Nik
ez diot ezeri uko egiten. Beraz, orain arte bezala euskararen
helburua bizirautea da. Unamunok hiltzat eman zuen euskara baina
2000.era iritsi gara; hori da orain ere egin behar duguna.
X. ORMAETXEA.
Hori bera esan zuen Humbolt-ek 1803. urtean, euskara ez zela mende
bukaerara bizirik iritsiko.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Kaixon ikusten dudanaren arabera, argi dago
jendeak euskara erabiltzen duela. Baina ez dago aukera gehiegirik
edukiari dagokionez. Horregatik agian ez da gehiago erabiltzen,
eduki egokiak ez daudelako.
J. AIZPURUA.
Lehenik eta behin euskarak, Luisek esan duen moduan, biziraupena
lortu behar du. Honen ondoren, berriz ere aldaketa mentala, kulturala,
beharrezkoa da euskarak Interneten izan dezakeen garapenerako.
Euskarazko talde eta elkarteetako zuzendarien artean eta agintarien
artean eman beharreko aldaketa. Egoera berrira egokitu behar dute,
euskara biziraupenetik bizitzera pasatu ahal izateko. Eta argi
izan behar dugu euskara ere izan daitekeela teknologiarako erabiltzen
den hizkuntza bat. Euskarak dituen ezaugarri eta egiturengatik,
asko eskaini dezake bilatzaile eta abarren inguruan. Interneten
nahi adina informazio dago baina ez da erraza aurkitzea. Bilatzaile
gehienak ingelesaren egituretan oinarritzen dira, ingelesaren
filosofian oinarritzen dira, ez dira egin euskara edo beste hizkuntza
batzuetan pentsatuz. Horregatik, erdizka funtzionatzen dute. Arlo
honetan egin dezake euskarak bere ekarpena.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Jendeak bilaketak nahiko modu sinplean egiten
ditu, ez da arduratzen zein den hitzaren bukaera ezta ezertan
ere, aurkitu nahi duen hitza jarri eta listo. Praktikan ez da
betetzen bilatzaileen teoria hori.
L. FERNANDEZ.
Horregatik garatu behar da bilatzaileen teknologia. Teknologia
bilatzaileetan integratuz, jendea ez dadin arduratu nola bilatu,
edo zein bukaera jarri behar zaion aurkitu nahi duen hitz horri.
Jendeak ez du jakin behar zein teknologia dagoen bilatzailearen
atzetik. Bilatzaileak erabiltzaileak agindutako hitza aurkitu
behar du, teknologiaz arduratu gabe, eta bilaketak hobeak izango
dira. Horretarako lematizadoreak sartu behar dira. Euskarazko
bilatzaile batean teknologia hori erabiltzeak inplikazioak ditu,
badagoelako euskararen egitura eta bukaera sistema erabiltzen
duen beste hizkuntza asko. Gai hau funtsezkoa da. Euskara hizkuntza
aglutinantea da, finlandiera, estoniera, hungariera, turkoa edo
beste hainbat bezala.
Honekin esan nahi dudana da, euskararen
ingeniaritza linguistikoak eragina duela beste hizkuntza askotan.
Neurri berean, finlandiarraren ingeniaritza linguistikoa euskararentzat
lagungarri izan den bezala.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Bilatzaileen teknologiaz gain, euskarak
ere itzultzaile automatiko bat behar du: ingeles-euskarazko itzultzaile
on-line bat. Nahiz eta itzulpen traketsa egin, gutxienez egin
dezala. Horrek ingelesez dagoen edozein orrialde euskaraz ikusteko
aukera eskaintzen du. Nahiz eta itzulpen nahiko literala izan,
gutxienez euskaraz nabigatu ahal izateko tresna bat da. Egokiagoa
da horren gainean aritzea, programak edo sistema operatiboak itzultzea
baino. Hori izan liteke alternatiba bat. Noraino irits gaitezkeen
ikusi behar dugu. Ni ondorio batetara iritsi naiz: orain arte
nik garatu ditut Kaixon dauden produktu guztiak baina hemendik
aurrera Estatu Batuetako eta Kataluniako enpresekin hitz egingo
dut, euskarazko produktuak interesatzen zaizkienekin, eta elkarlan
bat egingo dugu. Ezin litekeena da, bost hilabete edo gehiago
behar izatea produktu bat sortu ahal izateko teknologi mugatua
dugulako-, teknologia hori eskaintzen didan norbait dagoenean.
Akordioak eginez, produktuak hobeak izango dira. Kanpoko enpresa
asko dago euskarazko produktuak egiten dituena.
Erakunde publikoak eta Internet. Euskal Herriko
erakundeen jokabidea beste leku ezberdinetakoekin alderatuta.
Orain arte egin dutena. Egin beharko luketena.
X. ORMAETXEA.
Oso astiro ibili dira, axolagabekeria aro bat bizi izan dute baina
orain kezkatuta daude, egunean jartzeko beharra ikusi dutelako.
Eta euskal administrazioan denak ohartu gara Interneten garrantziaz.
Honako proposamena dago orain: departamendu guztiek beraien aurrekontuen
%5 eguneratzeko erabiltzea. Lehendakariak apustu garrantzitsua
egin du, baina oso mantso doa dena. Kezkatik ekintzara pasatzea
falta zaigu. Baina beldurra ere badago, ez dakigulako ondo zer
gerta litekeen. Industri Saila ere gogor ari da lanean planak
garatzen, Lehendakaritzan berdin...Gero Parlamentuaren gogoeta
eta lana dago antolatu diren ponentzien bidez. Baina ekintza exekutiboaren
esku dago. Gobernuak ekintza zehatzak noiz mahaigaineratuko dituen
zain gaude
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Bilakaera ikusten da; mantso, baina aurrera
egin dugu. Kaixorekin hasi nintzenean, Eusko Jaurlaritzara jo
nuen laguntza eske, euskal produktua zenez, zerbitzaria behar
nuelako. Proiektua leku batetik bestera ibili zen eta azkenean
ez dakit ezta non bukatu zuen ere, ez bainuen erantzunik jaso.
Azkenean nire kabuz egin nuen dena. Ordutik hona aurrerapausoak
eman dira. Elkarlan bat proposatu zidaten
Eustatekin, ikerketa bat egiteko, Europa
Pressekin harremanetan jartzeko kontaktu bat eman zidaten...
agian Kaixoren izenean joan nintzelako, eta Kaixok euskal gizartean
leku bat duelako izango zen akaso. Gauzak egiteko gogoa ikusten
dut baina astiro doa. Parlamenturako ponentzia hori, adibidez,
orain dela urtebetekoa da, eta Interneteko munduan sei hilabete,
urtebete, denbora asko da. Interneten ideiaren bat sortzen denean
ahalik eta azkarren egin behar da, urtebetean gauzak asko aldatzen
direlako.
X. ORMAETXEA.
Parlamentuarena ezberdina da, testua hor dago baina ez dugu inongo
ekarpen praktikorik lortu. Inork ez zuen ezer eskaini. Agerpenen
bigarren fasea bizitza politikoak baldintzatzen du eta geldi dago.
Arazo burokratikoengatik atzeratu da.
L. FERNANDEZ.
Badirudi ekiteko asmoa eta kezka badagoela Eusko
Jaurlaritzan. Baina egitura aldetik zaharkituta dauden egiturak
erabiltzen ditu eta agian bide zaharkitu horiek erabiliko ditu
Internet gizarteratzeko. Administrazioak ematen dituen laguntzak
jaso ahal izateko, buletinetan aditutako abokatu edo gerente izan
behar duzu. Ideia moldatu eta buletinak eskatzen duen modura mozorrotzen
dute. Azkenean, jende mota honek lortzen ditu laguntza horiek,
ez ideiak edo ekiteko gaitasuna dituen jendeak. Baldintza gehiegi
eskatzen dute laguntzak jasotzeko: agente teknologikoa izatea
eskatzen dizute, unibertsitateko ikerlariekin tratuak egin...
eta hamaika gauza. Erraztasunak jartzen dizkiete martxan daudenei
eta oztopoak hasi berriei, hasi berriak lagundu behar direnean.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Azkenean beti hitz egiten da dirulaguntzei
buruz eta irtenbidea ez dago hor. Ahaztu ditzagun subentzioak
eta indartu ditzagun produktuak. Interneteko enpresa batek ere
etekinak behar ditu aurrera egiteko, horretarako publizitatea
beharrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak ez du ezer inbertitu arlo horretan.
Publizitatea egin nahi duenean, beste medioak erabiltzen ditu:
prentsa, irrati eta telebista, eta ahaztu egin dira Internetez.
Instituzioetatik ez da subentziorik behar, probetxugarriagoa litzateke
publizitatea sartzea Interneten; medio horretan konfiantza duela
esan nahi du horrek eta hori baliagarriagoa da edozein subentzio
baino.
J. AIZPURUA.
Sentiberatasun bat dutela dirudi. Ibarretxe eta bere lan taldea
horren gainean ari direla dirudi. Departamendu batzuk hasi dira
kezkatzen eta lanean horren inguruan. Gobernuak eredutzat jar
dezake bere burua, adibidez gobernu osoa Interneten jarriz, hau
da, eskaintzen dituen zerbitzuak sarean jarriz.
X. ORMAETXEA.
Batez ere Hezkuntza eta Osasun Sailetan egin beharko luke ahalegin
ekonomikorik handiena. Hezkuntzako erronka itzela da, ondoren
Osasun Saila, zentruen artean lotura egon dadin. Dirulaguntzena
iruditzen zait errazena, programa bat egin, aurrekontuen zati
bat horretarako erabili eta subentzioak banatu. Arazo bat dago:
subentzioak emateko irizpideak industria arloko subentzioetan
erabiltzen diren berberak dira, eta noski, hauek ezin dira Interneten
aplikatu. Ez duzu pabilioirik behar, ez hamar milioi pezetako
makineriarik... Beraz parametro horiek aldatu behar dira.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Interneterako parametroak finkatzerakoan,
orriak dituen bisita kopuruen inguruan, langile kopuruan... oinarrituta
jarri beharko lirateke.
L. FERNANDEZ.
Badaude baita ere Internetekoak diren enpresa zerbitzuak eta horietako
batzuk ezin dira bisita kantitatearen arabera neurtu; kasu, ingeniaritza
linguistikoaren inguruan ari direnak.
J. AIZPURUA.
Gobernuak beste filosofia bat sortu beharko luke, egiten duenaz
gain.Euskal kulturaren defentsa egin behar du, nahiz eta zaila
izan zer den eta zer ez den definitzea. Baina bultzatu egin beharko
lituzke horren inguruko proiektuak; euskaldun atariak sortzea
adibidez, interesgarriak izango direnak, bilbotar, donostiar...
denontzako erakargarria izan daitekeen atari handi bat sortzea.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Enpresa batzuek justifikatu egin behar dute
beren subentzioa eta horretarako bat-batean filosofiaz aldatzen
dute. Subentzioak produktu bat garatzeko izan behar du, eta produktuak
garatzearen ondorioz sortu behar dira, ez bestela.
J. AIZPURUA.
Gazte jende asko dago ideia honekin eta hauei bidea ireki behar
zaie.
L. FERNANDEZ.
Eta horretarako ez dezatela horrenbeste baldintza eskatu.
X. ORMAETXEA.
Beste lekuetan Interneten garapena ez da subentzioei esker egin.
L. FERNANDEZ.
Subentzioei esker ez baina diru publikoari esker neurri batean
bai; ezin dugu ahaztu Internet bere sorreran Pentagonoaren produktua
dela eta helburu militarrak zituela.
X. ORMAETXEA.
Sorrera militarrei lotuta dago, misil bat erortzen baldin bazen
beste guztiak inkomunikaturik gera ez zitezen, baina garapena
eta zabaltzea unibertsitateari esker izan da. Unibertsitari horiek
web guneak sortzen zituztenean eta aurrerago enpresak, ez zituzten
subentzio bidez egiten.
L. FERNANDEZ.
Subentzioak baino, lehiaketa publikoak, inbertsioak... egin behar
ditu.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Katalanek izan dute horrelako laguntza.
Telepolisek,
adibidez, Generalitatearen laguntza garrantzitsua eduki du, baita
Olé-k
ere. Denok dakigu Olé-k eman duen "pelotazoa".
Ez dut uste Hispavistakoek horrelako laguntzarik jaso dutenik
Eusko Jaurlaritzatik.
Amaitzeko, zer ondorio aterako zenukete hitz
egindako guztiaz.
J. AIZPURUA.
Euskal kulturaren kasuan, ez dakit beste industrietan nola izango
den, biziraupenetik bizitzera egin behar da salto. Biziraupenak
defentsiban egotera behartzen gaitu, bakoitzak berea zaintzera,
nork bere informazioa ezkutatzera elkarlanaren kaltean. Elkarlana
eta zabalkundea ekarriko dituzten egitura berriak behar ditugu.
Ez dugu ahaztu behar beste euskarri batzuk daudela, Internet ez
dela bakarra, eta oraindik paperaren osagarri dela.
X. ORMAETXEA.
Euskalduna atzeratuta dago Interneten eta ahalegin berezia egin
beharko dugu. Administrazioen zeregina garrantzitsua da, eta honen
partehartzerik gabe enpresari eta ekintzaileek egin dezaketena
ez da nahikoa. Internet denontzat, eta hemendik etorriko da beste
guztia. Funtsezkoa da herritar guztiek izatea Internet.
AITOR LOPEZ
DE ABERASTURI. Ekintzaile eta ideia berriak eskola eta
unibertsitatetik sortuko dira. Horretarako Interneten erabilera
bultzatu behar da, batez ere unibertsitateetan. Eta bitartean,
ideiak sortzen joan daitezela eta aurrera joateko laguntza aurki
dezatela.
L. FERNANDEZ.
Aurrerantzean, Infoegituraren inguruan arreta berezia jarri behar
dugu; hemengo edukiak behar ditugu, ez bakarrik kultura, baita
zerbitzuak ere. Zaharkitutako egiturak aldatu behar dira, ikuspuntu
berri bat sortuz
Pello Zubiria - Auria Etxeandia
(Larrun
31. zenbakia)
(2000-03-26.
1755.alea)
|