Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

8. eguna

Leialtasun istorio bat

Egilea: Lander Arbelaitz

Lander Arbelaitz

Mundu honetan ezer ere ez omen da erabat ziurra, heriotza eta ordaindu beharreko zergez aparte. Nolanahi ere, hirugarren elementu bat ere gehitzen diote zenbaitek zerrenda horri: zakurren leialtasuna.
 
1856 urtera atzera eginda, John Gray izeneko polizia baten zakur laguntzailea zen Greyfriards Bobby. Lagun banaezinak egin omen ziren, 1858an jabea tuberkulosiak jota hil zen arte. Hala, Bobby Edinburgoko zakurrik ezagunena bilakatu zen, jabea ehortzita zegoen lekura joan baitzen 14 urtez, sekula hutsik egin gabe, harik eta bera ere hil egin zen arte.

James Brown, garai hartako hilerriko zuzendariari abisua pasa zioten nola aurkitu zuten zakurra jabea ehortzi eta hurrengo goizean, hilobiaren gainean lo. Hilerriaren sarreran “Zakurrik ez” argi zioen kartelak, eta Brown behartua sentitu zen txakur txikia bertatik botatzera. Hala ere, hurrengo goizean berriz ere aurkitu zuten zakurra hilobian lo. Bigarren aldiz bota zuten, baina ez zuen ezertarako balio izan, hurrengo goizean berriz ere bertan aurkitu baitzuten hotzak dardarka, Grayren hilobi bustia zaintzen.

 

Zuzendariak, penatuta, bertan egoten utzi zion handik aurrera. Eguraldirik aldrebesenekin ere, Bobbyk ez omen zuen sekula bere lekua utzi, eta askotan uluka eta zaunkaka hartzen omen zituen bertatik bota nahi zutenak.

 

Bobbyren leialtasunaren berri berehala zabaldu zen herrian, eta txakur txikia berehala bihurtu omen zen hilerriaren inguruan bizi zen jendearen animaliarik gogokoena. Askotan jana eta ura ematen bazioten ere, inork ez zuen bere lizentziarik ordaindu, eta hurrengo urteetan Bobby kale-zakur bat gehiago bilakatu zen. Pare bat aldiz heriotzatik oso gertu ibili zen, lizentziarik gabekoei eutanasia ezartzen baitzien udalak.

 

Bobbyrentzat zorionez, hiriko alkate Sir William Chambers oso zakurzalea zen, oso gizon ahaltsua. Zakur honen lizentziaren arazoen berri jakin zuenean, Bobby ezagutzea eskatu zuen. Historia paperek diotenez, zakurraren zerga guztiak ordaindu zituen, eta denboran mugagabea zen lizentzia eman zion.

 

Jabea hil eta Bobbyk beste 14 urte egin zituen hilobia zaintzen. Hala, goiz batean hilik topatu zuten hobiaren gainean. Hiritar talde batek jabearen ondoan ehorzteko eskatzen zuten, baina bi aldeak dagoeneko hartuak izaki, aukera hori ezinezkoa zen. Beste batzuek jabearekin batera sartzeko eskatu zuten, baina hilobia “gizaki kristauentzat” izaki, ez omen zen onargarria zakur bat bertan ehorztea.

 

Azkenerako, herritarren presioak bultzatuta, hilerrian bertan ehortzi zuten txakurra salbuespen gisa, eta gainera, sarreran plaka bat jarri zioten. Hala dio bertan idatziak:

 

“Greyfriars Bobby. 1872ko urtarrilaren 14an hila 16 urte zituela. Bere fideltasun eta zintzotasuna izan dadila ikasgai gu denontzat”.

 

Edinburgon, hilerritik atera eta berehala Bobby zakurraren oroigarria aurki daiteke. Animalia bere zaintzailearen hobira begira pausatu zuten, eta atzean zakurraren izen bereko taberna bat ere ikus daiteke. Oroitarriak zenbat turista erakartzen zuen ikusita, tabernako jabeek zakurraren oroigarria hilerriari bizkar ematen jarri zuten, urtero oroitarriari ateratzen dizkioten milaka argazkien atzean bere taberna atera dadin.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan