Egilea: Lander Arbelaitz
Futbola ingelesek asmatu zutela aitortzen duten arren, eskoziarrak izan omen ziren bizilagun ingelesei beren kirolean ongi jokatzen irakatsi zietenak. Hori diote behintzat beraiek.
Denak ez dut esango, baina gehiengo handi batek futbola oso gustuko du. Eta oso gustuko esatean, oso oso gustuko esan nahi dut.
Futbolaren gaia ateratzea ez da oso ongi ikusia leku askotan, ez elkarrizketa serio bat egitera bazoaz. Hala ere, azken aldiko teknologia berrien sarrerarekin, nahi baino denbora gehixeago behar izaten dugu elkarrizketa hasi baino lehenagoko prestaketa lanetarako, gure kamera, mikrofono eta abarrak ongi daudela ziurtatu behar baita. Minutu horiek ez dira oso erosoak izaten askotan. Hala, eskoziarren futbolerako grina ezagututa, “futbola gustuko al duzu?” galdera bota, eta baietzaren ondoren, ea Celtic ala Rangers zaleak diren, eta konpondua izaten zen isilunea. Azkenerako, gertatu izan zen, dena prest aspalditik izan eta azkenerako gaia moztu behar izatea elkarrizketa hasteko.
1871n aldarrikatu zuten kirol-independentzia eskoziarrek, nazioarteko lehen errugbi partida jokatu baitzen Edinburgon, Eskozia eta Ingalaterraren artean (Eskozia garaile). Orduz geroztik, ez da sekula zalantzan jarri beren selekzioa (Olinpiadetan ez, bertan Britainia Handiarekin joaten dira). Abertzale izan ala ez, gobernuak egindako inkesta baten arabera, %90 baina gehiago aurka leudeke Eskoziako selekzioa Ingalaterrakoarekin batzearekin. Beren selekzioa animatuz mundu erdian ibiltzen diren zaleei “Tartan Army” deitzen zaie. Tartana, gogora dezagun, Eskoziako oihal tipikoa da. Beraiek kontatua, eta Tales of the Tartan Army (Tartan Armadaren istorioak) liburuan kontatzen dena ikusita, ez da harritzekoa zalerik sutsu eta lagunkoienen saria irabazi izana zenbait aldiz, adibidez, Frantziako Munduko Txapelketan.
Kirolaren gaia hizpide, Stuart MacMillan Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) alderdiko kideak bota zidan komentario batek argi ikusarazi zidan zeinen testuinguru ezberdinetan bizi diren Eskozia eta Euskal Herria. "Zuetako askok ez badu Espainiakoa bere talde gisa ikusten, zergatik ez diezue zuen selekzio ofiziala eskatzen? Guk hala egin genuen". Bota zidan xalo-xalo.
"Galdeiezu hori Esaitekoei", pentsatu nuen. Eskozia eta Euskal Herriaren ezberdintasunik handienak, akaso, Londres, Madril eta Parisen daude.
Futbolzale eskoziarren argazkiak
Aze inbidia ematen didaten eskoziarrek, beren selekzioarekin alde batetik bestera...
Andoni 2008-06-29 19:26:07© 2008 ARGIA.eus