Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

10. eguna

Estrategien ordua (analisia)

Egilea: Lander Arbelaitz

Estrategien ordua

Lander Arbelaitz

Bi urteren buruan herrialde independentea izan liteke Eskozia, Europar Batasunean hain “banaezin” diren herrialdeetako baten parte izateari uko eginda. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren urtebeteko agintaldiak independentistak animatu ditu, eta laboristen krisia aprobetxatuz, azkeneraino eraman asmoz dabiltza beren proposamen independentista.
 
Patuak hala nahi izan du, Britainia Handiaren hirugarren mendeurrena ospatu berritan, batzuk honen amaiera iragartzen jardutea. Gauzak asko aldatu dira azken 300 urte hauetan britainiarren inperio handian, eta behin 700 milioiko populazioa zuen inperioak egun 80 milioi ere ez ditu, eta beste bost gutxienez galtzeko zorian dabil.

Laboristak, berriz ere gora hasteko hondoa noiz ukitu zain dauden bitartean, ongi jakin dute independentistek egoera erabiltzen eta ez dute galdeketa 2010ean pentsatu gabe jarri. Lehenik eta behin denbora dute iaz inkestarik baikorrenek %30ean kokatzen zuten independentziaren babesa gutxienez erdira igotzeko. Bestetik, 2010ean Erresuma Batuko hauteskundeak dira, eta kiniela politiko askoren arabera kontserbadoreek Gordon Brown bazterrean utziko dute. Ikusi egin beharko da zer jarrera hartzen duten horiek Eskoziarekiko eta Alex Salmond SNPko burua honi probetxurik handiena ateratzen saiatuko da. Kontserbadoreak erreferenduma geratzen badute, independentistek “egoera ez-demokratikoa” independentziaren beharra azpimarratzeko erabiliko dutela jakinarazi dute. Eta ongi atera dakieke jokaldia, jakinik independentzia babestu ala ez, eskoziarren %85 bere etorkizunaz galdetzearen alde dagoela.

 

Hala, oso ataka zailean, laboristek erreferendumaren aurka ez egitea erabaki dute. Herrialdeko ekonomiaren bultzatzaile diren enpresek galdeketa ahal bezain azkar egitea nahi dutela argudiatuz, laboristen interes edo beldurra dago adierazpen horien atzean, independentzia babestuko luketen herritarren kopurua gora baitoa.

 

Galdera kopuruarekin ere eztabaida sortu da. SNPkoak “bai ala ez” bi aukerako proposamena bultzatzen duten bitartean, beste zenbaitek “bai, ez ala eskumen gehiago” hiruko formula bultzatzen du. Dena den, formula honekin unionistarik sutsuenak dira galtzeko gehien dutenak, izan ere, %50era iritsi gabe irabaz bailezake independentziak. Erreferenduma galduz gero, Salmondek azaldu zuen ez duela galdeketa berriz ere deituko, galdutzat joko duela. Horrelako aukera historikoak belaunaldi bakoitzean behin gertatzen direla bota zuen. Hori da laboristek tunel amaieran ikusten duten argi bakarra, indarrak parekatuta ibiliko baitira eta aurrea hartu eta ezetzak irabaziko balu, beste hogei bat urte irabaziko lizkiokete “mehatxu independentistari”.

 

Baietzak irabaziz gero, Londrestik esana dute onartu egingo dutela. Whitton laboristari ea Brown galdeketa geratzen saia litekeen galdetuta, herritarren nahia jakitearen aurka ezin direla joan erantzun zuen, baina independentistek Legebiltzarrean ez dutela gehiengorik eta horrek zilegitasun guztia kentzen diela Westminstergo Legebiltzarrarekin independentzia negoziatzera joateko, gaineratu zuen. Hala ere, zilegitasun faltan tematu eta egoera blokeatu beharrean, ezezko kanpaina egingo dutela argi dute laboristek.

 

Estrategia garbia darama SNPk. Independentziara hurbiltzen dituen pausuak ziurtatzen joan da azken urteotan, eta orain, azken pausua emateko prestatu da, edo hori diote behintzat. Orain hamar urte Eskoziako Parlamentua berrezartzea babestu zuten, argi utziz azken helburua independentzia dela. Orain, aurreko marko demokratikoa zaharkitua geratu dela azpimarratu dute gizarte osoaren aurrean eta eskumen gehiagoren transferentziaren aurka zeuden alderdiak (kontserbadore eta laboristak), beronen aldeko mezuak igortzera behartu dituzte.

 

Abertzaleek baikortasun irudia ematen duten arren, ez dute lan erraza independentziaren beldur direnak beren altzora ekartzen, etorkinen komunitatearekin egin zuten bezala. Bestetik, unionistek ere badute beldurtuta izateko arrazoirik, abertzaleak izan baitira Eskoziako Legebiltzarrak dituen eskumenak ongien kudeatu dituen taldea inkesten irudikoz eta Londresi lotuak izatearen mugak agerian uzten ari dira SNPkoak (hala Irakeko gudan parte hartzeari dagokionez, arma nuklearren kasuan edo Eskoziako arrantzaleen krisian). Pixkana-pixkana geroz eta gehiago dira independentziaren barkuan igotzen ari diren herritarrak. Nolanahi ere, ez litzateke harritzekoa independentziari ezetz esan, baina eskukada bat eskumen gehiago lortzea Eskoziako Legebiltzarrak. Horrela, ezetzak irabazi arren, Salmonden estrategian beste pauso bat emango lukete abertzaleek aurrera, eta independentziaren eztabaidak zilegitasuna irabaziko luke urte batzuk barru berriz ere berrezartzeko.

 

Estreategiak estrategia, ikusi egin behar bi urteren buruan zer gertatzen den. Hala ere, Eskozian behintzat herritarrei beren iritzia galdetzea ez da gizartea zatitzea bezala ulertzen, demokrazia ulertzeko beste modu gorenago bat bezala baizik.


Erantzunak

Nik behingoz askatasuna lortzea opa diet. Hauek argi erakutsi dute inbadituak izan zirela, gure kasuan hor dira kastillarrak esaten gure nahiez batu ginela... Gora eskozia askatua!

aitor 2008-07-02 22:34:45

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan