Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

6. eguna

Eskozia idilikotik urrunago

Egilea: Lander Arbelaitz

Glasgow

Lander Arbelaitz

Ez da inolaz ere nire asmoa Glasgow bezalako hiri baten irudia zikintzea, ezta gutxiago ere. Eskozian barrena ibili ostean, ordea, azken gelditua (eta ez lehendabizikoa) hiri populatu honetan egin izanak, eragina izango zuen hiriaz jaso nuen pertzepzioan. Eskozia idilikoa ezagutu ostean, bati buruan sartzen zaio Eskozia osoa horrelakoa dela, eta argi dago, alde horretatik ere, kontrasteko herrialdea dela Eskozia.

Inverness oso herri lasaia da, 80.000 biztanlerekin. Hala, trena hartu eta hiru ordu inguruan milioi bat biztanleko Glasgow hiriko tren geltokira iritsi eta ez nuen espero horrenbesteko mugimendua aurkitzea kalean, atzera eta aurrera. Noraezean ekin nion ostatua bilatzeari. Denbora guztian elkarri ia hitzik egiten ez dioten enpresari eta bazkaltzera doazen langileez inguraturik.

Elkarrizketa batean irakurri nion Alderdi Kontserbadoreko kide bati, nazkatua zegoela Eskozia beti My Name is Joe (Nire Izena Joe da) eta Trainspotting bezalako filmekin lotzeaz. Hori aspaldi gainditua zegoela, eta orain aurrera begira zegoen herrialdea zela.

Hala, eraikin dotore altuen artean, zabor ontzietan zerbaiten bila zebilen gizon batengana joan zitzaidan begirada. Ilehoria bera, oso labur zuen moztua, kremailerazko jertse zahar urdinxka zuen gainean, galtza zabal batzuk eta kiroletako oinetako hautsiak. Hala ere, zur eta lur geratu nintzen, belarriaren puska bat falta zitzaiola ohartu nintzenean. Erditik gora, norbaitek laban batekin belarriaren erdia moztu ziola zirudien eta dagoeneko ongi orbaindua zuen. Norbaiti dirua zor dionari aukeran jartzen zitzaion/zaion zigorretako bat, zenbait liburu eta filmetan ikus daitekeenez. Honez gain, BBCn duela hiru hilabete argitaratutako artikulu batek zioen, Londresen adina banda dagoela Glasgown, bigarren hiri hau bederatzi aldiz txikiagoa den arren.

Bertan bizi den jendearekin solasean, kontatu zidaten zenbait auzotan ez dela batere arraroa agerian horrelako seinaleak dituen jendea topatzea. Eskoziako ekonomiaren gorakadak, herritarren arteko bizi mailan ezberdintasunak areagotu egin omen ditu nabarmen, eta hori oraindik kalean agerikoa da, bai Glasgown behintzat.


Erantzunak

Cranhill-eko berrik zur eta lur utzi ninduen zure erreportaian irakurri nuenean. Lan benetan bikaina egin duzu oraingoan ere, zorionak!

Ketevan 2008-06-26 11:36:01

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan