Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

2. eguna

Begira ezazu. Zer ikusten duzu?

Egilea: Lander Arbelaitz

Begira ezazu. Zer ikusten duzu?

Lander Arbelaitz

“Ez dugu ahaztu nahi Eskoziar Legebiltzarra Edinburgon kokatuko den arren, Eskozia osoarena izango dela, eskoziar herrialdearena. Legebiltzarrak beraz, gai izan behar luke ordezkatzen duen lurra islatzeko”.

Enric Miralles arkitekto kataluniarraren hitzak dira horiek, Eskoziako Legebiltzarra eraikitzeko lehiaketa irabazi zuenean esanak, 1999. urtean.

2004. urtean Erresuma Batuko Elisabeth II.a erreginak inauguratutako eraikinak laudorio asko jaso zituen, baina baita kritika ugari ere, proiektuaren kostuagatik, kokaguneagatik eta inbertutako denborarengatik.

 

Eraikina definitzea ez da erraza, bestela behean jarritako loturan sartu eta argazkiak begiratuta saia dadila irakurlea  hitz batekin zehazten ikusten duena. Originala da. Ongi pentsatuta egindakoa, duda izpirik gabe. Txoko bakoitza xehetasun txikiz betea dago, bakoitza bere esanahiarekin. Sartu nintzen lehen aldian Humza Yousaf gazteak bazterrak erakutsi zizkidan bere bulegora bidean. Harrituta geratu nintzen. Ez dut uste arrazoirik gabe jarritako ezer dagoenik.

 

Zorutik sabairaino Eskoziako materialekin egina, herrialdea bera ordezkatuko zuen legebiltzarra nahi zuen Mirallesek. Behin sabaia aipatuta, zenbait korridoretan, Eskoziako arrantzaleak gogoan itsasoa ordezkatuko zuten uhinak egin zituen. Beste zenbait lekutan, Eskoziako banderak abstraktuak aurki daitezke gurutze abstraktua forman.

 

Hala ere, Mirallesek herrialdearen alde gizatiarra ordezkatzeko zuen modua egin zitzaidan interesgarri niri. Eztabaida ganbaran, legebiltzarkide guztiek ikusteko moduan, leiho handi batean, pertsonena baino botila itxura gehiago duten figurak aurki daitezke. Legebiltzarkideek, begirada altxa eta bertara begiratzen duten bakoitzean, nork hautatuak izan diren, eta beraz, norentzat egiten dutela lan gogorarazteko helburuz jarriak.

 

Barnean dauden eskultura eta margoez gain, kanpoko ormetako batean, herriak hautatutako poeta eta idazleentzat ere txoko bat utzi zuen arkitekto kataluniarrak, Canongate Wall izenez bataiatua. Bertan hainbat dira irakur daitezkeen esaldi eta poemak. Bat ekarriko dut hona.

 

Begira ezazu. Zer ikusten duzu?

Edertasuna ikusten dut lakuetan,

Handitasuna ikusten mendietan,

Kondaira ikusten dut harkaitzetan.

Eta dena, geurea da.

Robert Adam.

 

Bestelako eztabaidetan sartu gabe, eraikina txundigarria da. Hala ere, Miralles jaunak ezin izan zuen amaitua ikusi, garun minbiziak jota zendu baitzen 45 urterekin.

 

Eskoziako Legebiltzarreko argazkiak


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan