Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Europar parlamenturako hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa
12:36, apirilak 30

Apokalipsia orain?

Joxerra Garzia

Joxerra Garzia

Sozialistek –popularren akuilupean– Euskal Oro suntsituko dutelako izu-ustea zabaltzen ari diren hainbat euskal fariseori gustura esango nieke honako hau, Eneko Olasagastik aurrea hartu izan ez balit (Argia-2179, 19. or.): “Badira txiringito majoa antolatu dutenak azken hiru hamarkadetan, eta horiek beharbada izango dute zergatik kezkatu. Biziraupenerako lekutxo bat eraikitzen saiatu garenok ez dut uste”.

Kezkatu ez ezik, kexatu ere galanki egin dira batzuk: Legebiltzarreko lehendakari euskaraz ez dakien bat izendatu dutelako, esate baterako. Nik neuk –esan beharrik ba ote dut?– euskararen kontrako ez ezik aniztasunaren eta demokraziaren beraren kontrako atentatutzat jotzen dut kargu publiko baterako elebakar bat izendatzea.

Jakin nahi nuke, ordea, non –eta, batez ere, zertan– ziren Arantza Quirogarenarekin apokalipsia iragartzen diguten horiek Euskal Irrati-Telebistako buru Gorordo, Ortuondo edota Ortuzar bera izendatu zituztenean.

Galdera, bistan da, erretorikoa da, ondotxo baitakit non zeuden: txiringitoan, majo asko. Primeran etorriko zaie osteratxo bat Biziraupenerako Lurraldean barrena; besterik ez bada, hankak luzatu eta garunak zabaltzeko, behar baino luzaroagoan egon baitira –beren baitan– bilduta, txiringa jotzen.

erantzun
13:23, apirilak 26

Europar Batasuna kohesio politikoaren atakan

Urko Apaolaza

Europa

Pentsaezina zen egoera hau duela lau urte. Orduan, abstentzioaren mamutxoak entretenitzen zituen eurokratak, ez hondamendi izugarri honek. Baina Itun Konstituzionala pikutara joan zen (bidali zuten herritarrek) eta haren ordezkoak, Lisboako Itunak, ez dirudi bidezidor zuzena hartu duenik. Ekonomia krisia estatuen aurpegirik zuriena erakusten ari da, eta hori guztia gutxi balitz, ipotx euroeszeptikoak burlaka ari zaizkie erraldoi negartiei. Zer pasatzen zaio Europar Batasunari?

erantzun guztia irakurri
17:12, apirilak 12

Aspaldiko

Joxemari Ostolaza

Joxemari Ostolaza

Aukeraren zain zeuden, eta iritsi zaie tenorea. Euskal zelaia zuten begiz joa eta ezker abertzalea aitzaki. Eginekin egin zuten aproba. Kazeta itxi, irratiak berdin, eta ustezko arduradunak preso eraman zituzten. Ez zuten prezio berezirik ordaindu behar izan eta harrotu egin zitzaizkigun. Ondoren Euskaldunon Egunkaria. Eginekoekin bezalaxe, itxi eta gogoak agindu eran atxilotu zituzten zirenak, izandakoak eta hura sortzen ahaleginetan ibilitako zenbait. Torturatu zituzten herri honetako atxilotu gehienen eran. Manifestazio erraldoi batek ez zituen kikildu eta bere hartan jarraitu zuten gibelka egin gabe. PPren garaiak. Aznarren dema. PSOE etorri zen. Bazirudien Zapaterok aire berriak ekarriko zizkigula. Bazirudien Aznarekin alderatuta lasaigarria izango zitzaigula. Oker genbiltzan. Ez zuen lotsa izpirik izan Nafarroan eskuindarrenekin gobernatzeko eta euskal usaina zuen ororen aurka estrategia suntsitzailea martxan ezartzeko. Laborategia. Emaitzak ikusirik, EAEra esportatzea erabaki du. Lehen zantzuak agerian dira. Gaztelera defenditu behar omen du nonahi, EAEn zapalduta dagoen gaztelera. Irakaskuntzatik hasi behar omen du. Erne jaun-andereak, doan ateratzen bazaio, erretzaileen antzera ibiliko gaitu euskaldunak, aurki euskaraz pribatuan soilik egiteko aukeran emango baikaitu.

erantzun
16:06, martxoak 29

Ongi etorri klubera

Aingeru Epaltza, idazlea

Aingeru Epaltza

Alberto Elosegi

Boto bakoitzaren garrantzia apalesten dutenek izan zuten zer ikasia: Araban, papertxo bakarrak eman zion PSEri azken diputatua, EAri bere bigarrena kenduta. Dena den, hori huskeria da hauteskundeetara etxeko lanak eginda eta norbere ahalmenen mugak jakinda aurkeztu beharraz azken bozketek utzi diguten oroigarriaren aldean. EAren apustu bakartiak bera hondora eraman ez ezik Erkidegoaren etorkizun hurbila ere bihurrarazi du. Egizue alderdi horrek eta EAJk ateratako botoen baturaren proiekzioa.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
17:06, martxoak 22

Ziurgabetasuna euskararen mundu zabalean

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Patxi Lopez lehendakaritzara heltzekotan zegoela ikusi ondoren jende askok galdetu dit “eta zer gertatuko da zuekin, ARGIArekin edo euskal prentsarekin oro har?”. Dirulaguntzez ari dira guztiak, tonu kezkatiz gainera. Nik ez dakidala, pentsatzen dudala orain arte bezala arituko garela. Eta hala uste dut benetan, baina zalantza tartea ere hor da zabal zabalik. Euskal kulturaren eremuan PSE-EE ez dela gogor arituko diote hormek, eta profilaz aritzean, transbertsalitatearen diskurtsoan dabilen pertsona independenteari buruz entzuten da sailburutarako.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
17:03, martxoak 22

Haratago

Mikel Irizar

Mikel Irizar

Dani Blanco

Egoera oso irekia dago martxoko 9. honetan. Zenbaitek egintzat jotzen duen arren PSE-PP ituna, nik ez nuke hazienda jokatuko. Izan daiteke Patxi lehendakari, nola ez, baina zaila du Ajuria Eneara daraman bidea, eta oraindik hilabete falta da gutxienez. Gauza asko gerta daiteke tartean.

Patxi bai. Matematikak lehendakaritza eman dio, eta puxtarri horrek doble balio du. Zapatero ahul dago Galizia galdu ondoren eta garaipen bat behar du. Patxirengan agindu erraiek agintzen dute neuronen gainetik, eta herra dio Ibarretxeri: gorputzak eskatzen dio haren tokia hartzea. Ibarretxek bereganatu ditu abertzale mordo baten botoak baina ez da gai gehiengorik biltzeko; aldiz Patxik nahikoa du aurkeztea gehiengoa lortzeko. Edo?

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan