Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Europar parlamenturako hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Europar Batasuna kohesio politikoaren atakan

Urko Apaolaza

Europa

Pentsaezina zen egoera hau duela lau urte. Orduan, abstentzioaren mamutxoak entretenitzen zituen eurokratak, ez hondamendi izugarri honek. Baina Itun Konstituzionala pikutara joan zen (bidali zuten herritarrek) eta haren ordezkoak, Lisboako Itunak, ez dirudi bidezidor zuzena hartu duenik. Ekonomia krisia estatuen aurpegirik zuriena erakusten ari da, eta hori guztia gutxi balitz, ipotx euroeszeptikoak burlaka ari zaizkie erraldoi negartiei. Zer pasatzen zaio Europar Batasunari?

Mundua eraldatuko omen duen G-20aren bileran, Txekia bezalako herrialde euroeszeptiko batek Europar Batasuna (EB) ordezkatzea, eskizofrenia baten sintoma izan liteke. Václav Klaus txekiarrak EBren presidentziatik EBren “totalitarismoa” salatzen duenean, denek dakite gaitz bat badagoela sendatzeko. Nahiz eta, arrazoiarekin, Euroganberan parlamentari jaun-andereak eserlekuetatik haserre zutitu txandakako presidente eurofoboaren eldarnioak arbuiatzeko, badakite eritasuna errotik datorrela, eta 27en Europa osoari eragiten diola. Krisia da EBren arazoa, nortasun krisia.

Europa batu bat sortzeko ideia ez da atzo gauekoa. Victor Hugok berak Europako Estatu Batuak sortzeko deia egin zuen 1849an. Baina Europako estatuen subiranotasunaren defentsak, horrelako zerbait sortzeko saiakera guztiak zapuztu zituen. Duela mende erdi inguru hasi zen egikaritzen askoren amets instituzionala, Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoarekin (1951). Europaren “aitek” (Monnet, Adenauer...) ekonomian oinarrituriko proiektuari ekin zioten, kohesio politikoa eta soziala pixkanaka lortzeko bidean. Agian hor egon liteke gaur egungo definizio krisiaren gakoetako bat, eduki teoriko sendorik eta herri babesik gabeko eskeleto ekonomiko hutsa dela Europar Batasuna.

Azken urteetan europeista askok desiraturiko integrazio politikorako pausoak eman izan dira (ez gorabeherarik gabe): Maastricht-eko Itunarekin (1992), Batasun ekonomikoa zenak moneta batasuna hitzartu zuen eta Europako Parlamentuak kohesio sozialerako eskumenak hartu zituen. Amsterdamgo (1999) eta Nizako Itunek (2000) hainbat eraldaketa ekarri zizkioten hasierako hitzarmenari eta Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeen integrazioa prestatu zuten, besteak beste.

Horrela, 2004an Europako Batasuna 15 kidetik 25 izatera pasatu zenean, politikarien artean baikortasuna eta poza zabaldu ziren; 75 milioi biztanle gehiago erantsi zitzaizkion Batasunari. Europa Mendebaldeko herritar askok errezeloz hartu zuen hedapen hori, “deslokalizazioa” bezalako hitzak entzuten ziren jendartean. Aitzitik, enpresa handientzat pagotxa ederra ekarri zuen EBren hedapen erraldoiak. 2012an Batasunak 33 kide izango zituela esaten zuten eta 41 kide 2025ean. 2009an gaude eta oraingoz, Kroazia da EBn sartzeko esperantzarik galdu ez duen hautagai bakarrenetakoa. Izan ere, Europar Batasuna geldirik dago, 2005eko maiatzaren 29an gelditu zuten frantziarrek, erreferendumean eskaini zitzaien Europa hori gustuko ez zutelako.

Europako Konstituzioa: zergatik esan zitzaion “ez”?

Erromako Itunak (2004) Europako Konstituzioa ezartzeko oinarriak ipini zituen. Aurreko Itunak ordezkatzen zituen itun berri bat zen, baina “Konstituzio” hitzak berak adierazten du ez zela edonolako ituna, baizik eta EBren nortasun bateratuari indarra emango liokeen testu bat, sinbolo bakarrak (himnoa, bandera, moneta...) eta presidente egonkorra izatea ekarriko lukeena eta beste etapa bati hasiera emango liokeena.

Europako Parlamentuak hala eskatuta, Estatu bakoitzak Itun berria onartu behar zuen, izan parlamentu bidez edo izan erreferendumean. Espainiako Estatuan egin zen Konstituzioa onartzeko lehenengo erreferenduma, 2005eko otsailaren 20an. Baiezkoak irabazi zuen askogatik (%76), alderdi nagusiak (PSOE, PP, EAJ, CiU...) horren alde azaldu baitziren –Hego Euskal Herrian eta Katalunian izan zuen ezezkoak portzentaiarik handiena–. Hala ere, abstentzioa izan zen bozketa horretan irabazle, bozemaileen %43k baizik ez zuen hautestontzira jo. Ezezkoaren aldekoek herritarren informazio falta handia kritikatu zuten eta Espainiako Gobernuak baiezkoaren aldeko propaganda itzela egin zuela, testu aski konplikatu baten edukiak zein ziren azaldu gabe iritzi publikoari.

Espainiako Estatua erreferenduma egiten lehena izateak bazuen bere arrazoia: “Europako gainerako herrientzat adibide” izan zedila (Zapateroren hitzak dira hauek). Jakina, denek dakite Espainia beti izan dela adibide frantziarrentzako. Frantziako Estatuan Konstituzioaren inguruko eztabaida pil-pilean jarri zen. Funtsean, urtebeteko atzerapenarekin sortutako eztabaida bat izan zen –EB-25en hedapenarekin hasi behar lukeena–, frantziarren ongizatea kalteturik aterako ote zen edo ez. Bestalde, langileen eskubideen inguruko kritikak sortu ziren ezkertiarren artean, segurtasunaren izenean eskubide murrizketa handiak ekartzen zituen herritarrentzat, neoliberalismoan eta pribatizazioan sakontzen zuen...

20 inkesta segidan, eta guztiek esaten zuten ezetzak irabaziko zuela. Emaitzak jakin zirenean baina, “katastrofea”, “hondoratzea” eta horrelakoak izan ziren gehien erabili ziren kalifikatzaileak hedabideetan. Frantziako eztandak Herbehereak bete-betean harrapatu zituen eta bi egun beranduago herrialde horretan ere ezetza gailendu zen. Iritzi politikoak eta publikatuak orduan besterik ez zuen ikusi bistan zegoena: Europar Batasunean zerbaitek huts egin zuela integrazio politikoa lortzeko.

“Eskuin setatienak eta arlo sozialean gehien borrokatzen duen ezkerrak ezetzaren alde bat egitea, kasualitate bat izan zen, konstituzio testuaren zabaltasunak eta orokorrean, haren handinahiak sortua” (Roberto Elissalde, Brecha, 2005eko ekainaren 5a). Frantziaren ezetza arrazoitzeko analisten argudioa hori izan da: muturreko ideiek bat egin zutela itun horren edukien kontra. Jakobinoak balore errepublikarren defentsan atera ziren, ezkerrak “beste” Europa bat nahi zuen. Hortaz, Europa sozialak eta politikoak ez zion Europa ekonomikoari segitu. Delors politikariak deskribatutako “Identifikatu Gabeko Objektu Instituzionala”ren patua errepikatu zen.

Izan ere, Frantziarik gabe nekez uler liteke Europar Batasuna, Iraultzaren herria izan baita historian zehar bere bultzatzaile nagusietakoa. Horregatik, Europako herrialde txiki batek Konstituzioa ukatu izan balu, herrialde horrek arazo bat luke, baina Frantziak ukatzean, arazoa Europarena bihurtu da. “Frantziak ‘ez’bozkatzen badu, dokumentua bertan behera geratzen da. Eta bertan behera geratzen da guztientzat” (Susan George, TNI, 2005eko maiatzaren 21a).

Lisboako Ituna, tramiteentzako trikimailua?

Frantzia eta Herbehereetako ezetzaren ondoren Luxemburgok baietz esan zion Konstituzioari (%57), baina oraindik zazpi estatu geratzen ziren erabaki bat hartzeko, horietako asko erreferendumaren bidez, eta ez prezeski oso herrialde europazaleak (Erresuma Batua, Danimarka...). Durao Barrosok esan zuen frantziarrek ez zutela erabakitzen Europa geldiarazi edo ez; baina Europa gelditu egin zen.

Urte eta erdiko impasse-a eta gero, Alemania Europar Batasuneko Kontseiluko presidentzian jarri zenean, Angela Merkelek integrazio politikorako prozesua berriz abiarazi zuen, “ibilbide orri” arras pragmatikoa diseinatuz. 2007an hitzartu zen Lisboako Itunean, handikeriak albo batera utzi eta Konstituzio itxura kendu zioten edukiari. Prozeduran ere aldaketa nabarmenak izan ziren, zenbait estatu euroeszeptikotan ez zen komeni galdeketaren tramitea pasatzea eta horregatik erreferendumik egin behar ez izateko itun “klasiko” bat onartu zen, “sinplifikatua” deitu zion Sarkozyk, herritarrak irainduz. Hain zuzen, garai bertsuan Financial Times-ek egindako inkesta baten arabera EBko herritarren gehiengoa Lisboako Itun berria onartzeko erreferenduma egitearen alde zegoen.

Lisboako Itunak hainbat aldaketa dakartza, batez ere Erresuma Batuak eta Poloniak onartu zezaten (botere banaketa berria Kontseiluan, bozketa sistema ezberdina, kanpo arazoetarako ministro bat izan beharrean “goi ordezkaria” izatea...). Dena den, Lisboak merkatu libreari edozer langa kentzen dio eta erabat neoliberala izaten jarraitzen du, defentsa arloan OTANekiko lotura indartzen du... Beraz, Konstituzioaren “esentzia” jasotzen du berdin-berdin, baina aldaketa txiki batekin: ez dute herritarrek onartu. “Defizit demokratiko” hori Europako integrazioaren harria da askoren aburuz. “Europar bilakaeraren bekatu kapitala izan da, urte askotik hona erabakiak hartu dituztela biztanleriaz paso eginez” (Oskar Lafontaine, Freitag, 2007ko urtarrilaren 19a).

Irlandarren ezetza: bigarren aldiz estropezu?

Europar Batasuna osatzen duten estatu-kideen gehiengoak onartu du Lisboako Ituna parlamentu bidez. Lurrikara instituzionala joan den urteko ekainean gertatu zen, Irlandan. Herrialde horretan, Ituna onartzeko galdeketa egitera behartzen du legediak eta irlandarren gehiengoak ez zuen ontzat jo (%53).

Berriz ere ideologia oso anitzen multzo batek esan zien ezetz Europar Batasunaren planei. Berriz ere herritarrak establishment-aren kontra arraunean. Zergatik? Ezetzaren atzean arrazoi ugari daude (Europaren militarismorako joera, pribatizazioekin jarraitzea, irlandarren katolikotasuna...) baina ematen du estatu txikien botere galtzea izan zela Lisboari ezetz esateko arrazoi nagusietako bat: “Ez dugu pisurik gabeko herrialde bat izan nahi EB barruan” (Sinn Féin-eko Eoin Ó Broin kanpaina arduradunaren hitzak dira). Berriz ere estatu-nazioen soberania europar integrazioaren gainean jarri dute testua bozkatzera ausartu diren herrialde bakarrean.

Irlanda ez da Frantzia, eta Sarkozy-Merkel tandemak Lisboako Itunaren onarpen prozesuarekin jarraitzea eskatu zuen. Baina nola? Lisboa aurrera ateratzeko EBren 27 kideek onartu behar dute. Ba al dago “B” planik? Bi abiaduratako Europa batek funtzionatuko ote lukeen galdetzen du askok. Oraingoz, Bruselak bigarren erreferendum bat egitera behartu du Irlanda. Esanez, irlandarrek Lisboaren kontra bozkatu zutela ez zutelako Ituna ulertu (410 artikulu, 12 protokolo eta 51 aitorpen ditu). “Iruditzen zait printzipioetan antidemokratikoa dela jarrera hori, eta praktikan arrakasta izateko aukera gutxi duela. Ni irlandarra banintz, jarrera hori oldarkorra eta paternalista dela pentsatuko nuke, eta beraz, ‘ez’ esatera bultzatuko ninduke”. (Timothy Garton Ash, El País, 2009ko urtarrilaren 11).

Eta Irlandarekin gutxi balitzaio, Txekia atera zaio EBri bide ertzera. Txekian Lisboako Ituna onartzeko tramiteak ez dira amaitu; Mirek Topolánek lehen ministroa zuen itunaren defendatzaile nagusi –eta Klaus presidentea haren kontrako sutsuena–, baina ekonomia krisiak hankaz gora jarri du herrialde eszeptikoa eta Topoláneken gobernua paretik kendu du. Itunaren onarpena arriskuan dago Txekian.

Ekonomia krisiarekin, akabo

Etorkizuna oraindik eta beltzago jarri zaio Batasunari ekonomia krisiarekin. Krisi honek mundu osoko zimenduak mugituko dituela ematen du eta Europa ez dago salbu. Ez gara sartuko datu makroekonomikoen rapsodia batean, baina zifra bat nahikoa da datorrena imajinatzeko: 4,5 milioi langabetu gehiago izango dira EBn urtea amaitzerako.

Lotsatzeko modukoa izan zen joan den urrian bankuen hondoratzea etorri zenean EBko kide bakoitzak hartutako jarrera, herritarren aurrean norbere burua salbatzeko enkante berezia izan zen. Bistakoa da egoera larrietan estatu bakoitzak bereari eutsiko diola: “Langabezian Baturik?” galdetzen zuen Bernard Cassen-ek urtarrileko Le Monde Diplomatique-n; logikoa da Alemaniak langabeziari aurre egiteko plan global baten aurrean zalantzak izatea, Alemaniako ekonomia ez da Espainiakoa bezala zementuaren gainean sostengatu.

Krisiarekin Europar Batasunaren mugak agerian geratu dira, ikusi da Europar Batasunean estatuek agintzen dutela. Estatuek dute fiskalitatearen monopolioa, ez Europar Batasunak. Bruselak estatuen jarduna koordinatu dezake, ez beste ezer: “Horrela, dirurik ez izan arren, ekintzarako ahalmena erakusten da. Hori politika ilusionista da” (Elmar Altvater, Freitag, 2009ko otsailaren 19a). Eta, esaterako, euroguneko estatu ahulenek (Portugal, Espainia, Grezia, Italia...), defizit fiskalaren ondorioz moneta bakarraren babesari eutsi ezin badiote, euroa bera arriskuan gera daiteke, Europar Batasunaren proiektua inoiz ikusi gabeko zuloan sartuz.

Azken batean, integrazio politiko faltak emergentzia egoera honetan faktura pasa dezake eta batek baino gehiagok esan bezala “egoismo nazionalera” itzularazi estatuak. Europar Batasuna bere nortasun zalantzen biktima da. Urte askoan, integrazio politikoa merkatuak berak ekarriko zuela uste izan zen, baina azken erreforma saioen porrotak erakutsi du ezetz: “Lerro bereko bi alde kontsideratzen dira, baina beraien bateragarritasuna da zailtasunak jartzen dituena” (Paul Thibaud, Le Monde Diplomatique, 2007ko urtarrila).

Kasik ezkutuan onartutako “itun kolpez” aurrera egiten duen Europar Batasun bat bere ezintasunaren ispilu da. Ondorioz, europar politikarien eta herritarren arteko leizea gero eta sakonagoa da eta azken urteetako hauteskundeetan izandako parte hartzearen beherakada da horren erakusgarri (%56,8 1994an; %49,8 1999an; %45,5 2004an). Apurtuko al da joera hori datorren ekainean egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan? Agian, baina ez Bruselak sustaturiko parte hartze programa birtualengatik, baizik eta krisi ekonomikoa ezker berri bat mugiarazten ari delako –Frantzian alderdi antikapitalista berria sortu dute, esaterako–.

“Krisiaren kontra, Europa gehiago!” esaten dute Bruselako ahots kualifikatuek. Baina lehenik galdera deseroso bati erantzun ezean, nekez egin dezake aurrera ezein proiektuk kontinente zahar honetan: Europar Batasuna zertarako? 65 orduko lan asteak jartzeko? Immigranteak kontzentrazio gunetan sartzeko? Zertarako Europa? Ezker berri bat sortzeko sozialdemokraziaren ordez? Greziako matxinada Estrasburgon imitatzeko? Zertarako? Errusiarekiko menpekotasun energetikoarekin amaitzeko? Obama europar bat izateko? Zertarako Europa batu bat?



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan