Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

EuskaraSailak



Potentzialtasunaren galera

Jasone Cenoz, hizkuntzalaria

"Hizkuntz ereduak ezarri zituztenean, nahiko baikorrak izan zirela iruditzen zait. Astean hiru-lau orduz kanpoko hizkuntza ikasten jarduteak ez dakar hura benetan ikastea. “Hizkuntza jakitea” ere zer den ikusi behar. Jatorrizko hiztun eta goi-mailako ikasketak dituenaren maila izatea baldin bada “hizkuntza jakitea”, bada, nekez lortuko dugu. Haraino ez iristeak porrot egin dugula esan nahi baldin badu… Era guztietara, dela ikasi dutenen maila, erdizka ikasi dutenena, ikasi ez dutenena… gure hizkuntza sisteman potentzial handia galdu dela esango nuke. Bi muturren artean ibili gara: ikasleak, edo ikasi du eta EGA agiria ere lortu, edo ez daki ezer".

ARGIA, 2011-10-16

Euskararen aholku batzordeak

Gotzon Barandiaran, idazlea

"Azken 40 urteotan euskalgintzan eta euskarazko kulturgintzan lanean ari garen herri mugimenduok ez dugu ezer erabakitzeko botere gunerik irabazi. (...) Ez dezagun instituzio publikoen menpekoak diren Euskararen Aholku Batzorde eta enparauetan parte hartu, sortu ditzagun gure Euskararen Aholku Batzordeak eta instituzio publikoek parte har dezatela baina gure gidaritzapean. Har dezagun aginte-makila behingo batean. (...) Hizkuntza eta kultura politika geuk gidatuko dugula ulertarazi geniezaieke euskal herritarrei eta klase politikoari".

Gara, 2011-03-14

Prestigioa

Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteko zuzendaria

"Euskararen ulermenari dagokionez, kontuan izateko datua ageri da [Jaurlaritzaren Euskara: Erabilera, Jarrerak, Politikak inkestan]: 15 urtetik gorako EAEko biztanleen % 77 euskara ulertzeko gai dira; gainerakoek ez dute ezer ulertzen. (...) Pertzepzioei dagokienez, inkestatuen % 85en arabera, EAEn euskaraz hitz egiten dakienak aukera handiagoak ditu. (...) Hizkuntzaren prestigioa ez dago maila berean inondik inora, izan ere, % 45ek erantzun dute euskaraz hitz egiten jakiteak prestigio handiagoa ematen diola pertsonari. Euskarak ateak irekitzen ditu, baina ez du status sozialik ematen. Horrenbestez, hizkuntza prestigiatzen ere lan egin behar da. Hizkuntza gutxiagotuek bizirauteko, prestigio soziala eskuratu behar dute esparru guztietan, lan merkatura zabalduz, garapen ekonomikoarekin lotuz, komunikabideetan presentzia irabaziz..."

Bai berrikuntza agentzia, 2011-01-24
 

Plaza lortu dugula euskaraz dakigulako

Lourdes Unzueta, Deustuko anbulategiko medikua

"Aurrerapausoak egin dira. Askok egiten dituzte ikasketak euskaraz, nik dena egin nuen erderaz. (...) Erabileran pauso asko falta dira. Astiro ematen dira urratsak, nahiz batzuek esan arin goazela. Ez dago euskalduntze programarik. (...) Batzuetan ez da kexarik jartzen aldez aurretik badakizulako alperrik izango dela. (...) [Oposaketetan euskara erabakigarria ez izatea] galera da. Mediku euskaldunok ez dakit zer gehiago frogatu behar dugun. Plaza lortu dugu euskaraz dakigulako bakarrik? Hor mezu faltsu bat zabaltzen da, euskarari esker daudela batzuk lanean. Ez, nik karrera egin dut, gero oposaketa, espezializazioa eta hainbat gauza gehiago".

Prest!, 2011ko azaroa

“Hizkuntzek transmisioari esker iraungo dute bizirik”

Carme Junyent, Hizkuntzalaria

"Argi dago hizkuntza batek bizirik iraungo duela baldin eta hura erabiltzen eta transmititzen bada. Hizkuntza politikak garrantzitsuak dira, baina, berez, ez dute balio hizkuntzak salbatzeko. Ez dut hizkuntzarik ezagutzen hizkuntza politikei esker bizirik irautea lortu duenik. Hizkuntza batek iraungo badu, hizlariek erabiltzen dutelako izango da. (...) Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea lortu behar da, eta hori, noski, inoren eskuetan baldin badago, gazteen eskuetan dagoela uste dut. (...) Katalunian, esaterako, gazteak dira arazo, ez baitute katalanez hitz egiten. Hizkuntza ohikotzat jotzen dute, eta, horregatik, ez dute gehiago erabiltzen. Euskal Herriaren kasuan, erronka handiena euskaldunak ez direnek seme-alabei euskara transmititzea da. Eta hori ez da derrigortuta lortuko".

Berria, 2011-07-20

“Ez bagara gai nazio kulturala egiteko, nazio politikoak porrot egingo du”

Jose Luis Lizundia, Euskaltzaina

"Euskarak eta euskalgintzak pausu garrantzitsuak eman dituzte, baina politikan gauza asko ez dira ondo egin. Eta horrek batzuetan narrastu egin du euskalgintza. Utopia behar dugu baina errealismo politiko eta kulturala falta izan zaigu. Alderdi horretatik, esango nuke hizkuntzaren ofizialtasuna, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan, ez dela behar bezala aprobetxatu. Nafarroa eta Iparraldeko egoera eskasagoa da. Eta esan behar da, euskarak ideologia politikoetatik jasan dituen ajeak ez dituela gainditu ahal izan. Hala ere, euskalgintza indartsu ikusten dut. (...) Enkarterriak eta Zuberoa estatu bakar batean egon arte itxaron beharko al dugu euskararen lege bakar bat eduki arte? Baina Lanestosan eta Maulen nagoenean, nazio berean nagoela garbi daukat. Naziotasun hori politikoki epe luzera nola formulatzen den ikusi behar da. Gogoratu nahi dut Gernikako Estatutuak naziotasun kontzeptua azaltzen duela. Gauza bera aitortzen zaie Katalunya eta Galiziari".

Euskonews & Media, 2011-04-18
 

“Euskararen garabideak belaunaldi berri bat berpolitizatu behar du”

Jon Sarasua, Irakasle eta ikerlaria

"Euskararen arloan paradoxa bat kudeatzea tokatzen zaigu. Batetik, azken 50 urteotan egindakoa, ikuspuntu unibertsal batetik, itzela izan da. Bestetik, hizkuntzaren egoera benetan kezkatzekoa da, alarmak pizteko arrazoi asko daude, desafio zahar eta berri lodien aurrean pauso kualitatiboen beharrean gaude. Euskararen garabideak orain belaunaldi bat berpolitizatu behar du. Politizatzearen zentzurik zabalenean. Jakintza sozial batean eta ametsak produzitzeko gaitasunean hezteaz ari naiz. Beste politizazio mota bat, izan dugun ziklo honetatik guztiz desberdina. Eta uste dut amets berriak produzitzeko aroan sartzen ari garela. Amets doituak. Trantsizio garaikoa utopia desorbitatuen belaunaldia izan delako, ezker adoleszentea. Desoreka handia zegoen ametsaren eta gaitasun errealen artean, eta horrek kaltea dakar luzera. Oraingo belaunaldiari ez dagokio akats berdina egitea. Une honetan, garrantzi handia ematen diot transmisioari eta gazteak formatzeko mekanismoak sortzeari, bai euskalgintzan eta bai herrigintza zabalagoan".

 Ortzadar, 2011-03-21

Etorkizuna herritarron esku

Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendaria

"Euskararen etorkizuna herritarron esku dago. Hartzen dugun jarreraren arabera egongo da. Ez dezatela hori zama bat bezala hartu, baizik eta aukera moduan (...) Euskaldunok dugun arazoa da bizi garen lurraldearen arabera ditugula aitortuta hizkuntz eskubideak. Azken batean, hizkuntz eskubideak kontuan hartuta, maila desberdinetako herritarrak gaude. Hori astakeri galanta da. Norbaitek onartuko al luke, adibidez, hori osasun eskubideekin gertatzea? (...) Argi dago gaur egungo gizartea eleaniztuna dela. Baina hori ezin da hizkuntza gutxituen kaltetan izan. Bertakoari ezin zaizkio ateak itxi, bideak estutu. Hori eginda, aldarrikatzen duten eleaniztasunaren aurka doaz. Gure kultur aniztasuna pobretu besterik ez dute egiten (...) Komunikabideena sektore estrategikoa da euskararen berreskurapenean eta garapenean, eta horrela hartua izan beharko luke".

Berria, 2011-06-01

“Titulua lanagatik ateratzen du askok, ez, ordea, konpromisoagatik”

Koikili Lertxundi, Itzarri Consultingeko zuzendaria

"Zalantzak ditut ea titulua lortzen dutenek, lanpostua lortuta gero, beren lan eremuan euskara normalizatzeko konpromisoa hartzen duten. Asko dira lanpostuak eskatzen dielako titulua atera dutenak eta ez euskararekiko konpromisoa dutelako. Euskara normalizatzea nahi badugu jarraipenean ahalegindu beharko genuke eta ez sartzeko merituan bakarrik. Beste muturrean daude hizkuntza primeran menderatzen dutenak, harrera egin dezaketenak, eta beraz, bezero euskaldunen eskubideak errespeta ditzaketenak, baina titulua ateratzeko gai izan ez direnak. Pertsona horiek ez al dira gai zerbitzu profesionala emateko eta herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeko?"

Deia, 2011-09-02

“Lotu euskara diruarekin eta lanpostuekin, eta ikusiko duzu nola salbatuko den”

Benito Lertxundi, Musikaria

"Gure kultura, hizkuntza, salbatzeko, politika da bide bakarra. Zer egiten dute estatu independienteek? Beren kultura inposatu. Euskara dirua eta lanpostuekin lotu, eta ikusiko duzu nola salbatuko den. Elebitasunaz zentzurik gabe hitz egiten da askotan. Herri honetan ez dago elebitasunik, ezinezkoa da 24 orduz euskaraz bizitzea. Hizkuntza bat derrigorrezkoa da eta bestea aukerazkoa. Hau lasai asko esaten da, eta ez dakit nola ez diren lotsatzen. (...) Nik ez dut zerikusirik ingeles, aleman, frantziar edo español kontzeptuekin. Hauekiko harreman sano bat da falta zaiguna, baina horretarako askatasunarekiko errespetua beharrezkoa da".

Deia, 2011-10-03

Entzuten ez diren hizkuntza gutxituak

Paula Kasares, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua

"Soziolinguistika arloan eta bereziki hizkuntza gutxituen inguruan aritzen garenok gutxitan izaten dugu, ez buruan ez hizpide, gorren zeinu mintzaira. Ahozko hizkuntzen egoera soziala aztertu ohi dugu, haientzako estatusa aldarrikatu, hiztunen erabilera aukerak handitzeko plangintzak landu… baina ez gara sentiberak izaten gure ondoan bizi diren gorren komunikazio beharrekin. (...) Egun dakiguna da zeinu mintzairek, ahozko hizkuntzek bezalaxe, edozer mezu adieraz dezaketela inolako mugarik gabe, eta lagunarteko elkarrizketa informal baterako edo ipuin bat kontatzeko balio duten bezala balio dutela teoria zientifiko konplexua eratzeko edota poema bat egiteko. (...) 2007an Espainiako Gobernuak zeinu hizkuntzak aitortzen dituen 27/2007 Legea onartu zuen baina arau horrek espainiar eta kataluniar zeinu hizkuntzak baino ez ditu espresuki aipatzen. Euskal zeinu mintzaira oraindik ez da ofizialki onartu. Horrek euskal gorrak gutxitze egoera bikoitza bizi dutela esan nahi al du? Eskertzekoa litzateke euskal soziolinguistikak horretan ere ikertzea. Azken urteotan ugaldu dira euskal gorren komunitateak sortutako komunikazio aukerak (Zeinu TB, elkarteak, eta abar) baina gabeziak oraindik handiak dira".

Gipuzkoaeuskara.net, 2011-06-01

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan