Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Sarrera orokorra

Irudimena, aldarrikapena eta elkartasuna

Xabier Letona

Euskal Kulturaren Urtekaria berritua aurkituko duzu, irakurle. Aldaketak ez dio egitura nagusiari eragin, baina bai ataletako albisteak erakusteari dagokionez, Urtekarian ere nabari baita Interneteko eragina. Funtsean, albiste gutxiago ikusiko dituzu kronologietan, hobeto antolatuak eta modu ikusgarriagoan aurkeztuak. Euskal kulturaren munduan gertatutakoez dokumentazio lan sakona bildu ohi du lan mardul honek eta hala izaten jarraitzen du, baina datu gutxiago sartzea erabaki dugu, gertaera soilen bilduma askoz zabalagoa Argia.com-eko albisteetako bilatzailean erraz topa daitekeelako.

Gertatutakoa bakarrik ez, ordea, prospekzio lana ere gero eta gehiago lantzen dugu Joerak atala medio, gai garrantzitsuetan arakatu eta datozen urteetan gerta litekeenari kosk eginez. Aurtengo bi kronika nagusiak Lorea Agirrek eta Angel Errok idatziak dira; Agirrek 2011koaren errepaso zabala egin du eta Errok detektibe lanari ekin dio, poesia nork hil duen miaketa lan sakon bezain zirraragarria bizkarreratuz. Eta ohi bezala, euskal kulturaren munduan erreferentzia diren milaka pertsona, enpresa, elkarte, talde eta telefono aurkituko dituzue Urtekariaren aurkibidean.

Bizi dugun krisi ekonomikoaren eraginaren ezpal ugari ere badira. Krisia ez da ezerekin ezkontzen, baina are gutxiago kulturarekin, berau baita bere haginkadak sufritzen duen lehenetarikoa, batez ere aurrekontu publikoen murrizketari dagokionez. Egoera larri asko sortzen ari dira han-hemenka eta kalte batzuk atzera ezinak dira dagoeneko –Nabarra aldizkariaren itxiera, adibidez–. Euskarazko hedabideekiko Nafarroako Gobernuak hartutako jarrera baztertzaileak ere ondorio atzeraezinak ekar ditzake.

Kukutzarekin ere pauso atzeraezinak eman ziren, baina Bilboko Errekaldekoa gero eta gehiago barreiatuko den kultur eredu parte-hartzaile, moderno, zabal eta jasangarriaren adibide paradigmatikoa da dagoeneko. Erakunde publiko eta gizarte mugimenduen arteko hausnarketa partekatu premiazkoa eskatzen du kasu honek, bai kultur kudeaketan bide berriak jorratzeko, bai halako astakeriarik berriz errepika ez dadin.

Eta ezin lerro hauek itxi, dagoeneko historiko bilakatu zaigun 2011ko urriaren 20a aipatu barik, ETAk orduan egindako iragarpenak euskal kulturaren garapenean ere ondorio sakonak ekarriko baititu epe ertain eta luzera. Erakunde armatuaren jarduna euskara eta euskal kulturaren garapenerako oztopo gaindiezintzat saldu du askok azken hamarkadetan, baina hemen ere jadanik ez dago aitzakiarik.

Egia esan, dena ez da aitzakia, bada zer hausnarturik ETA-euskal kultura binomioaz, bien arteko dialektika ez baita berdina izan azken 50 urteetan eta pentsatzekoa da epe ertainera aterako dela lan eta tesi mamitsurik gaia jorratuz. Euskal kultura ez da abertzaleen ondare, are gutxiago ezker abertzalearena, euskaldunon ondare eta premia da. Kontua da egunerokotasunean ere ikusgarri egin behar dela hori eta iazko urriaren 20tik aurrera aitzakia edo arrazoi bat gutxiago dagoela hala izan dadin; AMIA ospetsuetako mehatxua erori zaigu, balia dezagun aukera.

Borroka armatuaren amaierak ate erraldoi bat ireki dio herri honi, eta bereziki euskal kulturaren garapenari. Ez daitezela izan krisi ekonomikoa eta gure arteko mesfidantza ate hori trangatuko dutenak . Ez dira berriak krisi sasoiei aurre egiteko eskura ditugun lanabesak, baina gaur inoiz baino beharrezkoagoak ditugu: irudimena, aldarrikapena eta elkartasuna.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan