Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Urteko pertsonak

Bizi Toki

Eskola

Kontuan hartu beharreko eskola eredu berria proposatzen du Bizi Toki egitasmoak. Ekainean jarri zuten abian Ipar Euskal Herriko hainbat gurasok, eskola bizi-toki bihurtzeko helburuarekin. Besteak beste, hauek dira aurkezpen hitzaldietan azpimarratu zituzten balioak: euskara plazerez ikasiz eta mintzatuz, bere biziraupenaren alde jardutea; eguneroko oinarrizko beharrak euren kabuz asetzea (elikagaiak, tresnak eta energia beraiek ekoiztuz, adibidez); energiaren, elikagaien eta tresnen jatorriari, ekoizpen prozesuari eta bilakaerari buruz gogoetatzea; eta lehentasuna elkar-eskaintzari ematea.

Jesus Altuna

Arkeologoa

Ekaingo aitzuloan (Zestoa), 14.000 urteko altxor liluragarria aurkitu zuen 2009an Jesus Altunaren arkeologo taldeak: ugaztun baten sahietsean landutako hegazti itxurako pieza kutun bat, Europa osoan bakarra. Bi urteko ikerlanen eta azterketen ondoren aurkeztu zuten jendaurrera 2011ko martxoan; lan serio eta zorrotzaren saria da. Jesus Altunaren ibilbide profesionala zorroztasunak eta arkeologiaren arauekiko errespetuak ezaugarritzen baitute. Gisa horretan aberastu du arkeologoak gure historiaurrearen jakintza, Ekaingo indusketagunea ikur hartuta.

La Fundición

Dantza aretoa

Laura Etxebarria basauriarrak eta Luque Tagua katalanak orain dela 25 urte Bilbon abiarazitako proiektua indar betez iritsi da gaurdaino. Bizkaiko hiriburuan sona –eta tamaina– handiko aretoak ireki diren mende laurden honetan, La Fundiciónek primeran eutsi dio bere apustuari: eskaintza ausarta, berritzailea, ikusle gutxirentzakoa baina punta-puntakoa. Lan isila eginez, erreferente bihurtu dira, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, dantza eta antzerki garaikide abangoardistenak uztartzen diren eremu lausoan, eta horrez gain mantentzen jakin dute –badira urte batzuk– beren egoitzaren hormetatik kanporako sortutako eskaintza bikoitza: Dantzaldia eta Lekuz Leku jaialdiak.

Ainhoa Oiartzabal

Kazetaria

ETAren historiaren berriskusketa betean gauden honetan, Ainhoa Oiartzabal kazetariak erreportaje eredugarria kaleratu zuen Berria egunkarian “Nork hil zuen Begoña Urroz?” izenarekin. Espainiako hedabide eta erakundeetan ETAren lehenengo biktimatzat jo zuten 1960an bonba batek hildako Begoña Urroz haurra. Aitzitik, hainbat historialarik gezurtatu egin dute kontakizun hori eta Oiartzabalek ezin hobeto azaldu zuen erreportaje baten bidez benetan gertatutakoa, DRIL talde armatuak hil zuela Urroz, eta ez ETAk. Orain, gero eta gehiago dira hasierako kontakizun ofizialari ñabardurak jartzen ari zaizkien hedabideak. Lan periodistiko horrengatik Rikardo Arregi saria jaso zuen Oiartzabalek.

Hasier Etxeberria

Kazetaria

ETB1-en ohiko mailak erraztu zion nabarmentzea, baina horrek ez dio meriturik kentzen Hasier Etxeberriaren lanari. Azaro amaieran eta abendu hasieran ikusi ahal izan genituen Euskararen jatorria: enigma europar bat dokumentala eta Durangoko Azokari buruzko Sautrela berezia. Gustu onez egindako saioak, edukiz mamitsuak. Eskertzen da, halaber, produkzioan egindako ahalegina. Telebista publikoaren ohiko jarduna zein behar lukeen erakutsi du Etxeberriak. Euskararen Nazioarteko Eguna hurbil egon gabe ere.

Euskal twitterlariak

Internautak

Mundu osoan erabiltzen den tresna gure hizkuntzan nahi dugula aldarrikatzeko mobilizatu dira Twitterren erabiltzaile euskaldunak. Lander Arbelaitz Argiako kazetariak hasi zuen lehenbiziko kanpaina Act.ly webgunearen bidezko eskaerarekin eta milaka lagunek egin zuten bat. Joseba Kamiok hartu zuen lekukoa urtearen hondarrean eta “Tweet bat eguneko” kanpaina marxan jarriz. Lehenengo emaitzak eman ditu jada: Blackberry telefono mugikorretako Twitter aplikazioa euskaraz dago azken bertsioan. 2012 izango ahal da plataforma osoa euskaraz ikusiko duen urtea.

Telmo Esnal

Zine zuzendaria

Zarauztarrak Urte berri on, amona! estreinatu zuen Donostiako Zinemaldian, kritikaren eta publikoaren txaloak lortuz. Bakarkako bere lehen film luzean, zigilu propioa daraman komedia beltz originala egin du zuzendariak, ohiko komedien estilotik aldenduz. Dena den, oro har euskal zinemaren 2011ko uzta aipatzekoa da, molde berrietara irekitzeko emandako urratsagatik. Imanol Rayoren Bi anai, Asier Altunaren Bertsolari edota Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren Gartxot, konkista aitzineko konkista dira horren lekuko.

Jasone Cenoz

Hizkuntzalaria

Jasone Cenoz (Iruñea, 1960) Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako katedraduna da. Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sisteman eleaniztasuna aztertu du, eta 2011ko maiatzean, egindako lana saritu zioten. Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkartearen ikerketa saria jaso zuen Cenozek; Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective lanagatik (euskaraz, Hezkuntza Eleanitzaz: Euskal Hezkuntzaren Ikerketa Nazioarteko Ikuspegiarekin). Cenoz Eleaniztasuna eta HezkuntzaEuropean Master in Multilingualism and Education masterraren buru da Donostiako EHUren Filosofia eta Hezkuntza Fakultatean.

Kukutzako kideak

Kultur eragileak

Hondeamakinek bota zuten 2011ko irailean Bilboko Errekalde auzoko birika kulturala izan zen gaztetxearekin. 1998an hasitako ibilbidea modu bortitzean eten zen, neurriz kanpoko indarkeriaz. Baina horren guztiaren gainetik daude desalojoa saihesteko egindako mobilizazioak, munduko txoko askotatik etorritako elkartasuna adierazpenak eta, batez ere, urteetan egindako lana. Kukutza desagertu da eraikin bezala, baina praktikan jarri duen eredu kulturala inoiz baino biziago dago krisi ekonomikoak bestelako azpiegiturak kolokan jarri dituen garai hauetan. Eta hori posible izan da gaztetxean aktiboki parte hartu du duten ehunka lagunei esker, modu boluntarioan, edonor kultur eragile izan daitekeela erakutsi baitute.

Harkaitz Cano

Idazlea

Nobela berria argitaratu du Harkaitz Canok 2011. urtean eta irakurle espezializatuak bezainbeste konbentzitu ditu publiko zabala osatzen dutenak. Durangoko Azokako liburu aipatuena izan da eta zeresana emango du 2012. urtean ere. Soto eta Zeberio, Lasa eta Zabalaren trasuntuak eta Diego Lazkano idazlea dira nobelaren erdigunea. Horietatik abiatuta, generoak nahastuz eta erreferentzia literario ugari baliatuz, nekez ahaztuko den obra osatu du. Twistekin jauzi kualitatiboa eman du Canok.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan