Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

LiteraturaSailak



Zilborra ere badugu

Euskaldunok espainiarren konplexu bera izaten dugu askotan eta uste dugu kanpokoa hobea dela. Konturatzen hasiak gara hemen musikan ere aberastasun handia dagoela, baina gakoa hori guztia ondo kudeatzea dela. Izan ere, Euskal Herrian bataz beste astero 150 bat kontzertu egiten dira. Horrek erakusten digu hori guztia posible izateko hemen ekimen erraldoia dagoela. Musika-zaleok luzaroan kontzertuen berri zehatza izateko egunkarietako agendak begiztatzen aritu gara, baina azken urteotan hori ez zen nahikoa ezta guztiz fidagarria ere. Horren jakitun, musika kazetaritza eta eragile alorretan eskarmentua duten lagun batzuek Musikazuzenean.com interneteko plataforma sortu dute, musikaren agenda erreferentziala baino gehiago bilakatu dena.

Europara gure burua gutxietsi gabe begira hasi garen honetan, musikaz bizi diren hainbat eragile-elkarte sortu eta erakunde publikoei laguntza eta inplikazioa eskatzen hasi dira: grabazio estudio, sustatzaile, soinu-argi teknikari, areto eta diskoetxeek Euskal Herriko Musika Industriaren Plataforma (EHMIP) sortu dute. Ildo beretik, Kultura Live musika aretoen elkarteak lortu du, Zuzen-zuzenean programaren bitartez, Jaurlaritzak 50 bat kontzertu antolatzeko 170.000 euro bideratzea. Erakunde publikoekin jarraituta, baina, kinka larrian egon da Gaztemaniak. Gipuzkoako Foru Aldundiak aspaldi sortutako programa aitzindaria desagertzear egon da aurrekontu publikoen murrizketagatik. Hala ere, kanpaina herrikoi batek salbatu eta aurrekontu txikiagoarekin jarraituko du musika proposamen bereziak zabaltzen.
 
Erakundeen inplikazioa esanguratsua izan daitekeen arren, ugariak dira babesle eta deitura komertzial gabe bultzatzen diren kontzertuak. Hala, adibidez, Olearso eta Bonberenea Sutan-ek bigarren edizioa antolatu dute. Aldiz, beteranoena den Euskal Herria Zuzenean-ek, haizetearen ondorioz, 200.000 euroko galerak izan ditu, eta bizirautea kolokan du.
 
Musika entzuteko euskarri, baliabide eta ohiturei dagokionez, Spotify da kuttunena; eta talde askok diskoak libre eta doan deskargatzeko jarri ohi badituzte ere, luzaroan dago martxan Ekaitzaldi bloga. Bestalde, badirudi Elkar biniloaren berpizkundea zabaldu nahian ari dela, 80ko hamarkadako hainbat harribitxi long-play formatuan berrargitaratu dituelako.

Plazei dagokionez, Des-Kontrol taldekoek Barakaldon izan zuten eraso basati eta ulergaitzaz gain, umorea eta ondo pasatzeko gogoa dira nagusi, zuzenean gehientsuen aritu diren taldeetako bi Bizardunak eta Esne Beltza izan direlako. Umorea eta gure buruaz barre egitea ezinbestekoak badira —nola ulertu bezala The Sparteens taldeak RRVaren garaiko hit-ak twist erara moldatu izana—, osasungarria da baita mitoak direnak errespetu osoz berrasmatzea. Horra hor, Bidehutsek Mikel Laboaren omenez prestatu duen Txinaurriak izeneko bertsioen disko bikoitza.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan