Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

LiteraturaSailak



Liburu irakurterrazei buruz

Fernando Morillo, idazlea

Azkenaldian, behin baino gehiagotan ari naiz entzuten horrelako kezka: irakurterraztasunean erortzeko arriskua edo. Arriskua? Kalitaterik eza? Zergatik diogu halako beldurra irakurterraztasunari? Liburu irakurterrazetan, ‘irakurzailetan’ bezal-bezalaxe, ederrak eta ez ederrak egon daitezke, onak eta kaskarrak. Gainera, esango nuke irakurle gehienek (edozein hizkuntzatan) bilatzen duten “osagai” nagusia ez dela irakurterraztasuna, erakargarritasuna baizik. “Arerioa” nahasten badugu, aldapa gogorragoa izango da gero! (Deia, 10-04-09)
                               
Kepa Altonaga, Idazle eta biologoa

Lagun batek esan dit Darwin geurean ‘amenoa’ dela. Aurreko liburuekin izan nituen kritika batzuk, baina oraingoan gehiagotan agertu dela uste dut eta erraz irakurtzen dela irakurri dute horietako batean. Ni ez nago liburuak irakurterrazak izatearen alde; bai ingelesez erabiltzen den ‘readable’ terminoak adierazten duenaren alde, irakurgarri izatearen alde, alegia. Badaukat lagunen bat liburua zaila dela esan didana ere, noski. Euskaraz irakurtzeko ohitura handiegirik ez duen batentzat baliteke liburua erraza ez izatea, nik nire gustuko euskara erabiltzen baitut, eta hori egin ahal izatea ez da hain erraza, editore batzuekin gora-beherak izaten baitira. (Beterriko Liburua , 2010eko urria (47. zenbakia)

“Hezkunza aldatu behar dugu”

Luisa Etxenike, idazlea

Literaturari dagokionez, hezkuntza-sistemak baztertuta geratzen ari direnez, literaturaren bidea urratu nahi duten gazteek oso prestakuntza txikia dute, ia hutsaren parekoa. (...) Kulturaren pedagogia-alderdian buru-belarri inplikatu naiz, eta hala egiten jarraituko dut, funtsezkoa iruditzen zaidalako. Askatasuna eta kritika-gaitasuna elkarri zeharo loturik daude, eta kritika-gaitasuna pentsamenduaren muskuluari eta pentsamenduaren bazkari loturik dago erabat. Hezkuntza aldatu egin behar dugu. Gure herrialdeak inoiz baino aberatsagoak eta libreagoak dira, eta gure hezkuntza-sistemak zalantzaz beteak eta hala-moduzkoak. Paradoxa hori onartezina da
(Euskonews, 516. zenbakia)

“Moralistegiak gara denok”

Irati Jimenez, idazlea

Moralistegia da gizartea eta moralistegiak gara denok. Batzuk moralista zorrotzak, gainera, inori nola bizi esaten diotenak. Beste batzuk moralista moderatuak, beraien buruarekin zorrotzegiak. Denok dugu, beharbada, barne-moralista hori, zigortu egin nahi gaituena eta gure beldurrez elikatzen dena bere burua zuritzeko. Plazer handia da nazkante horri arrazoirik ez duela esatea.                

(ARGIA , 10-07-25. 2.240. zenbakia)

Noiz dago idazle bat konforme?

Karlos Linazasoro, idazlea

Hitz apokaliptikoak entzuten dira aspaldion gure literaturari buruz (...) ez dagoela irakurlerik. Ez dela libururik saltzen. Eta orduan negarra dator argitaletxeen begietara, eta lanturu mingotsa idazleen aho-zulora. Hau guztia badator behera. Bestalde, ordea, inoiz baino hobeto omen dago gure literatura kalitatez zein kantitatez, eta hementxe arazo humanistiko-existentzial bat planteatzen zaigu: zertarako idazleon ahalegin nekagarri eta eskergabe izugarri hau, lubakiaren beste aldean inork ezer irakurtzen ez badu? Zerk egiten du huts? Edo, dena da idazleon erretxinkeria eta ezin konformatze gaiztoa? Noiz dago idazle bat konforme? Zenbat sari, aipu eta lore, elkarrizketa, zenbat irakurle behar ditu zorioneko izan dadin?
(Diario Vasco, 10-02-16)

“Liburu arrakastatsuak euskaratu behar ditugu”

Naroa Zubillaga, itzultzailea

Kafka irakurtzea bururatzen zaion euskaldunak euskarazko bertsioa aukeratuko al du? Zalantza hori beti sortzen da, baina uste dut urte batzuk beharko direla normalizazio prozesu horretan, literatur itzulpenak irakurtzeko ohitura hori sortzeko orduan. (...) Itzultzea positiboa da, horrek ez du esan nahi jendeak lan horiek irakurriko dituenik, baina irakurriko baditu ezer baino lehen aukera eskaini behar zaio. Gero urteak pasa ahala ikusiko da funtzionatzen duen edo ez, espero dezagun baietz. Azken aldian, kanpoan arrakasta izaten ari diren lanak aldi berean euskarara itzultzen eta eskaintzen hasi dira, eta uste dut argitaletxeek arrisku hori hartu behar dutela; irakurleak bi urte lehenago liburu hori gaztelaniaz aurkitu badu beharbada gaztelaniaz irakurrita izango du, eta ez du berriz euskaraz irakurriko.

Beterriko Liburua, 2010eko martxoa (45. zenbakia)

Umeak

Myriam Cameros, ’Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi’ liburuaren ilustratzailea

Gure haurrei ematen diegunaren inguruko eztabaida piztu du Marizipriztinek eta, nire ustez, ezinbestekoa da eduki hauek guztiak errebisatzea; ipuinetako erreferenteak bestelakoak balira gure mundua ere oso desberdina izango litzatekeelako. Egia da haurrei zuzenduriko literatura ona egon badagoela, bilatu egin behar da, horretan denbora inbertitu. Baina askoz ugariagoa da inongo ekarpenik egiten ez duena. (...) Huts egitea gizatiarra dela esango diguten erreferenteak falta zaizkigu.

(Gaztezulo, 2010eko martxoa. 105. zenbakia)

Haragia

Iñigo Estankona, idazlea

Uste dut batzuetan euskal poesian, maitasunari falta izan zaiola haragi apur bat gehiago, eta poema erotikoei, maitasun apur bat gehiago. (Gara , 10-01-29)

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan