Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

IrakaskuntzaSailak



Hezkuntza kronika iruditan

F ilma bailitzan ikus dezakezu pasa den urtea hezkuntza betaurrekoak jantzita; kronika laburrean, irudi txikitan.

Guraso talde bat dator lehenik, sudur gorria jantzi eta bere seme-alaben etorkizuna ez dela barre egiteko kontua esanez.
Beste ertz batetik, hainbat udalerrik dihardute ikasleen heziketa D bitaminaz aberasteko aholkatuz.

Mezua ulertu dute Nafarroan. Milaka nafar ari dira euskara hautatzeko askatasuna eskatzen. Nafarrek ere D ereduan ikasteko eskubidea dutela, alegia.

Akitaniako kontseilaria ere murgiltze eredua sustatzeko eskatzen ari da.

Paueko Akademia ikuskaritzak, ordea, irakasleak gutxitu ditu eredu elebidunak kaltetuz, batez ere: irakasle gutxiago haur gehiagorentzat.

Legebiltzarrak ere hitz egin du, Jaurlaritzak hezkuntza dekretuari eginiko aldaketak berresteko, hain zuzen. Eta zer esan du?  Euskarak ez duela hezkuntzako hizkuntza nagusia izan behar.

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Oinarrizko Hezkuntzako Curriculum berria onartuko du hurrena: Euskal Herria terminoa kontzeptu kultural eta linguistikoa da, soilik hori. Bide batez, eskolako hizkuntzaren gaia ebatzi du, behingoz: euskarak eta gaztelaniak arau hierarkia bera izango dute.

Nafar Parlamentua dator, saltoan: zentsuraren guraize luzeak eskuan ez da ba hasi testu liburuak ikuskatzen! Lehengo lepotik burua, bestetan egin bezala herrietako plazetan sutan erreko ote dituzte gustuko ez dituzten liburuak? Ez dira akordatu, antza, bi hizkuntzen arau hierarkiarekin.

Bai, ongi ari zara. Hurrena datozen horiek Jaurlaritzako sailburuak dira, Herrizaingokoa, Justiziakoa eta Hezkuntzakoa. Zure buruari galdezka arituko zara zer egiten ote duten hezkuntzako film honetan… Bake Hezkuntzarako plana behar zuena Bizikidetza Demokratiko eta Indarkeria Deslegitimizatzeko Plana aurkezten. Heldu iezaiozu horri!

Eta bakea aipatuta, hara non agertzen den Donostiako gotzaina Munilla bera. Inguruan bakea eman eta zabaltzen ohitua bera, jendarteari esan dio hezkuntzaren porrota jasaten ari garela. Eskerrak bertan zen Isabel Celaák erantzun dion hezkuntza sistema inoizko onena dela.

Horregatik, beharbada, urteko egun askotan kaleak jendez beterik ikusi dituzu, Hezkuntza Komunitatea hamaika eratako protestak eginez Euskal Herriak behar duen Hezkuntzaren alde.

Eta Euskal Herriko gazteak, gure ikasleak, non dira, entzuten al dituzu? 

Euskal Herria da gure eskola! diote, ozen, garbi, motzean.

Urte berri honetako filma idazten hasiak gara. Ea hurrengoan zaharrak ez diren berri, berriro.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan