Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

AntzerkiaSailak



Problemak

Aitor Basauri, antzerkigilea

Euskal Herriko antzerkiaren egoera oso pobre ikusten dut. Ez dut gaizki ikusten. Talentu handiko jende asko ezagutzen dut, eta lan jenialak egiten dituen jendea ere bai, baina problema da ez dietela uzten. Arazoa politikoengan eta beren politiketan dago entretenimenduaren industria edota antzerkia gaizki tratatzen dutelako. Ezagutzen ez duten industria delako gaizki tratatzen dute, eta horrek esan nahi du baten bat kanpotik etorri beharko litzatekeela erakusteko zelan egiten den, eta horretaz gain, inbertsio handia.
(Nontzeberri, 10-07-22)

“Jendeak gurago du komedia”

Itziar Ituño, aktorea

Telebistan oso gustura nabil, badaramatzat sei bat urte, ia funtzionario ere bihurtu nau Goenkalek. Aktore batentzat oso garrantzitsua da holako lan batek ematen duen ziurtasuna. (...) Jendeak gurago du komedia bat drama bat baino. (...) Jendea, barre eginez gero, poz-pozik ateratzen da, nahiz eta zentzurik eta mezurik gabeko istorio bat ikusi.
(Aizu!, 345. zenbakia)

Tristuraren zentsuratzaileak

Arg.: Dani Blanco

Alfonso Sastre, idazle eta editorea

Intelektualek gizartean duten erantzukizun morala beti bera da: beren bokazio intelektualari leiala izatea. Bokazio hau egiaren bilaketa eta justiziaren defentsaren aldekoa da. (…) Antzerkiko programatzaileak dira gaur egungo zentsuratzaileak. Eta ez gara zentsura ideologikoaz soilik ari; azalekoagoa den zentsura ere badago. Adibidez, nire obra bat ez zuen inork programatu, tristea zela ziotelako; alegia, gauza tristeen aurkako zentsuratzaileak ziren.
(Gara, 10-07-26)

"Pastorala turisten gauza bilakatzen ahal da, erroak ahazten badira"

Patrick Queheille, ‘Xahakoa’ pastoralaren idazlea

Pentsatzen dut zonbaitek historia jarraikitzen dutela zorrozki. Eni iduritzen zait ildo horretatik behar dela puska bat urrundu. Pastorala antzerki bat da, kantatua, baina antzerkia. (...) Ohitura zaharrak genero hau biziarazi du. Baina nahi badugu iraun dezan behar da puska bat berritu. (...) Pastorala folklore edo turisten gauza bilakatzen ahal da honen erroak, kultur erroak ahazten badira. (...) Ildo txarra diruarena da. (...) Pastoralak ez du gauza handiegi bat bilakatu behar izugarrizko jendea biltzen duena.
(Le Journal du Pays Basque,  10-07-22)

“Denbora askoan, publikoari ez diogu jaramonik egin”

Pio Ortiz de Pinedo

Politika nagusitik urrun, herritarrengandik gertu lan egiten dugunok, pertsonaia publiko eta pribatuak, maiz tokiko agente esku-hartzaile txikiak izan ohi gara, eta aspalditik egoera berean egonda, ez gara gai sektorearen irtenbide bakarra gure sistemen batasuna eta integrazioa dela ulertzeko. Eskastasunera itzulita, denbora-tarte bat irautea lortuko dugu seguru asko, eskasiaren garaian asmamena zorroztearen ondorioz obren kalitate artistikoa hobetu egiten dela entzuten dugun bitartean; zerbait egin behar duela badakien, baina arazoa konpontzeko ezer egiteko asmorik ez duenaren ohiko hitzak. (...) Denbora gehiegi eman dugu gure zilborrari begira eta publikoari –egiten dugun lanaren hartzaile nagusiari– jaramonik egin gabe. Arte eszenikoen biziraupenerako eredu berria sortzeko gai ez bagara, lehenago edo beranduago, eskuetatik ihes egingo digu publikoak.
(Eskena.com, 10-03-25)

Krisia, euskaraz ez programatzeko aitzakia

Agurtzane Intxaurraga, antzerki idazle eta zuzendaria

Programatzaileek begiratzen dute zenbat jende eramango duzun. Ikuskizun handietarako publikoa badago, baina kulturaren eguneroko kontsumo hori, ez; eta antzerkian, gutxiago. Hori sortu egin behar da, jendeari erakutsi. Alderatu albistegietan kirolari eta kulturari eskaintzen zaion denbora... eta, niretzat, biak dira beharrezkoak. (...) Orain, krisia dela-eta herri batzuek erabaki dute ez dutela euskaraz programatuko; krisiarekin aitzakia aurkitu dute ez programatzeko. Baina nora goaz?
(Berria, 10-03-26)

“Euskal Herrian ez da hainbeste idazten”

Maite Agirre, Zuzendari eta aktorea. Max sariaren irabazlea

Euskal Herrian ez dugu hainbestek idazten, eta Max sariek jartzen duten baldintza medio –antzezlana 30 emanalditara heldu behar da– euskarazko obra kopurua mugatua da.  (...) Max saria aitorpen bat da, dudarik ez, eta konpainia bat poztu egiten da bere lana aintzat hartzen dela ikustean, baina egunean eguneko lanak eta taldeak dute garrantzia; horri esker egiten duzu aurrera.                        (Noticias de Gipuzkoa, 2010-05-05)

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan