argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzen prezioetan nola eragingo du Donostiako Udalaren neurriak?
  • Hotelei eta etxebizitza turistikoei muga jarriko die Donostiako Udalak urte betez. Baina zer eragin izango du neurri horrek etxebizitzen eta alokairuen prezioan? Zenbait ikerlanen arabera, etxebizitza bat eskuratzea zaila izango da oraindik herritarrentzat, interes tasek eta hipoteken prezioek gorantz jarraituko dutelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko martxoaren 10
Etxebizitzen alokairu bilatzaile batetik harturiko planoa. Donostia Hego Euskal Herriko hiriburu garestiena da.

Donostiako Udalak ez du etxebizitza turistikoak eta hotelak irekitzeko baimenik emango urtebetez. Hala iragarri du Eneko Goia alkateak asteazken honetan

Neurria martxo amaieran udal plenoan onartzen den unean jarriko da martxan –udal hauteskundeetatik bi hilabete eskasera–, eta Hiri Antolaketareako Plan Orokorra onartu bitartean nahi dute indarrean egotea.

Eustatek 2022an emandako datuen arabera hoteletako logelek %44 egin dute gora Donostian azken bost urteetan, aldiz, turismoa %16,5 hazi da. Donostiako turismo bulegoak egindako inkesta batetik –Naiz.eus-ek argitara emana–, ondoroiztatu daiteke donostiarren bi herenek uste dutela turismoak "goia" jo duela hirian.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan Goiak azaldu du erabakiaren helburua "jarduera arautzea eta orekatzea" dela, eta ez duela uste etxebizitza turistikoentzako baimenak eteteak etxebizitzen prezioa jaitsiko duenik. Horrela izango al da?

Etxebizitzen prezioak gora... alokairuenak ere bai

Haritik Hirira geografo taldeak Donostian egindako ikerlanak garbi adierazten du etxebizitza turistikoen ugaritzeak alokairuen prezioa igoarazi duela: orokorrean igoera azken bost urtetan %23,26ko izan da, baina Airbnb plataformak eskainitako etxebizitzen prezioak epe berean %60,72 igo dira.

Bestalde, etxebizitzen salmenta prezioak ere goraka doaz. Espainiako Estatistika Institutuak aste honetan publiko egindako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pasa den urtean %6,4 egin zuen gora etxebizitzen prezioek batez beste, eta Nafarroan berriz %7,3; 2007 urtetik izandako igoerarik handiena da. 

Aldiz, hipotekek sekulako beherakada izan dute. Diario Vasco-k emandako datuei kasu egiten badiegu, urtarrilean sinaturiko hipotekek %22,7 egin zuten behera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; eta %27,4 Nafarroan.

Analista zenbaiten arabera, prezioen igoeren ondorioz etxebizitza bat erosteko eskaria gutxitu ahala, alokairuenak gora egingo du are gehiago

Europako Banku Zentralak interes tasak berriz igoko dituela iragarri izanak eta Euriborraren igoerak –jadanik %4ra iristeko zorian da–, etxebizitzen merkatua hoztea ekarri du: hipotekak ez ezik, salmenta kontratuek ere behera egin dute urtarrilean, egunkari horren arabera.

Hala, analista zenbaiten arabera, prezioen igoeren ondorioz etxebizitza bat erosteko eskaria gutxitu ahala, alokairuenak gora egingo du are gehiago. Pompeu Fabra Unibertsitateak egindako ikerlan batek horixe ondorioztatu du: "Alokairuaren prezioen gaineko presioa igoko da, eta horietara bideratuko litzateke eskaria".

Gaur egun, Donostia da Euskal Herriko hiriburu garestiena zentzu horretan, eta hilean 911 euro ordaindu behar ditu maizterrak batez beste.

Hortaz, ez dirudi alokairuen prezioak epe ertainera jaitsiko direnik. Igotzen jarraituko dute, baina ez etxebizitza turistikoek eraginik ez dutelako, EBZk interes tasak igo eta energia nahiz elikagaien kostuak herritarren bizkar jarri dituelako baizik: etxebizitza erostea gero eta ezinezkoagoa da, eta herritar askok halabeharrez alokairura joko du, alokairua ordaindu dezakeenak noski.