argia.eus
INPRIMATU
Bigarren saioan ere ez dute Pasaiako Sarraskiko poliziarik identifikatu
  • Joseba Merinoren familiak eta defentsak eskatu dute hilketen garaiko argazkiekin izan dadila hurrengo identifikazio saioa. Deituta zeuden hiru polizietatik bakarra agertu da, beste biak hilda baitaude polizien defentsaren esanetan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 18a
Lehenbiziko saioan ere egin zuten mobilizazioa epaitegiaren aurrean. Argazkia: Pasaia Argitu

Ostegunean izan da Pasaiako Sarraskiko poliziak identifikatzeko bigarren saioa, baina Joseba Merinok ez du identifikatu Donostiako epaitegira agertu den polizia. Merinoren familiak eta abokatuak epaileari eskatu diote hurrengo identifikazio saioa hilketen garaiko agiri ofizialetako argazkiekin egiteko.

Berez, hiru polizia ohi zeuden deituta, baina beste biak hilda daude. Santi González familien abokatuak azaldu du orain eman dietela besteen heriotzen berri, nahiz eta defentsak ez duen heriotza agiririk aurkeztu.

Martxoaren 28an egin zuten poliziak identifikatzeko lehen saioa, baina orduan ere Merinok eta Rosa Pajuelok ez zituzten ezagutu aurkeztutako poliziak. 

Gaurko identifikazio saioaren harira, Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean kontzentrazioa egin dute; alde batetik Pasaia Argituk, eta, bestetik, Sare Antifaxistak. Pasaiako Sarraskia ikertzeko eskatu dute. Bertan egon da Pello Aizpuru, sarraskian hildako Dionisio Aizpururen anaia. Naiz-ek jaso duenez, Aizpuruk hedabideen aurrean erakutsi du 1984an kasua artxibatu zuteneko papera, Eduardo Calvo Rojas epaileak sinatua, "ez zelako justifikatu deliturik egon zenik". ARGIAk Aizpuru elkarrizketatu zuen martxoan, eta orduan salatu zuen instituzioek ez dutela "berdintasunez jokatzen" biktimei dagokienean.

EHUren ikerketa

Martxoan jakin zuten biktimen familiek EHUren ikerketa frogatu zuela Pasaiako Badiako hilketak "operazio estrajudizial" baten ondorio izan zirela. ARGIAk txostena eskuratu du, eta gako nagusiak bildu ditu. Duela bi hilabete egin zuten publiko, baina aurretik hiru urte egin zituen kaxoi batean gordeta, familiak salatu zuenez. Ikerketaren aurrean, Aizpuruk instituzioen isiltasuna salatu du. "Txostena ezkutatu ziguten, eta orain instituzioen aitortzaren zain gaude".