Arg.: Eli Gorostegi
ARGIA astekariko zuzendaria
Azken bizpahiru urteetan itxi dira euskarazko zenbait hedabide: Ttipi-ttapa telebista, Geu, Txaparro, Maxixatzen eta Nabarra. Asko larri dabiltza, 2011 oso estua izan da eta 2012rako datuak are gorriagoak dira. Ez dago Euskal Herriko euskarazko hedabide ez publikoen datu ofizialik, baina publizitate salmenta eta argitalpenen salmentak behera jarraitzen du oro har. Eta 2012koa okerragoa izango den zalantza gutxi dago: Nafarroako Gobernuak ez die inolako diru-laguntzarik emango –bai, ondo irakurri duzu, zero euro– euskarazko hedabideei eta Jaurlaritzak %11 murriztu du hedabideen laguntza; Gipuzkoako Diputazioak duela bi urte egindako murrizketa handia mantendu du.
Interneteko hedabideetan bakarrik igoko da Jaurlaritzaren laguntza, %27, baina guztira eskaintzen dena oso urria da, 105.000 euro bakarrik, noiz eta azken urteetan instituzioetatik Internet komunikazioa, ezagutza eta berrikuntzaren garraio ezinbestekoa dela aspertzeraino barreiatu denean. Txostenetan eta pulpituetan oso ondo geratzen dela argi dago.
Gaur gaurkoz, hala ere, lortzen ari gara euskarazko prentsari eusten. Eta zergatik diot hori? Guk ez dugu gure datu zehatzik, baina Espainian 2005etik gaurdaino 7.000 kazetari langabezian geratu dira. Hemen oraindik oso urruti gaude halako odol jariotik, baina gauzak nola dauden ikusita ez du esan nahi gertatuko ez denik. Zer esan nahi du horrek? Euskarazko hedabideek gaitasun handia dutela krisi egoera orokorrei eusteko, ez berez oso indartsuak direlako, bai ordea, egoera estuan aritzen ohituak daudelako.
Krisiaren onura garrantzitsuenetakoa da sektorea biltzera eraman duela. Hedabide ia guztien lehen editorial bateratua egin zen 2011ko otsailean, eta printzipioz kanpaina baterako batze hura iraunkorragoa gerta liteke aurrera begira. Argia, Berria, Bidasoa Media, Goiena, Sustatu eta Topagunea ari dira sektoretik tiraka. Sektorea egituratu litekeen ari dira aztertzen, besteak beste, baina kontu handiz aritu beharko da, bakoitzak bereari ozta-ozta eusten dionean, beste egitura bati eustea korapilatsua izan daitekeelako.
Publizitatearena da emankorra izan litekeen beste eremua, batez ere instituzionala eta, teorian bederen, bada hor ibilbiderik: publizitate instituzionalaren %7 bakarrik doa euskarazko hedabide ez publikoetara. Hori Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza onartu zirenetik 30 urtera.
Adreilua, porlana, autoak, zapatak, elektratresnak, altzariak… dena da krisian, eta kostu humano eta ekonomiko itzelak eraginda, baina gai horiek errekuperatuko dira, beti da hala. Komunikazioaren munduan, euskara inoiz baino duinago eta sendoago agertu da azken hamarkada honetan, eta krisiak lan horren zati handi bat irenstea arduragabekeria itzela litzateke. Badakit adibide hau erabiliegia dela, baina hor dago, beti, harritzar gisa, gorputz eta arimak zanpatuz: 10.000 milioi euro gastatuz AHT sare berri bat 10 urtetan egin liteke Euskal Herrian. Zenbat balio du, denboran eta eurotan, euskarazko hedabide sare duin eta moderno batek? Ez gaitezen arduragabeak izan.
© 2009 ARGIA.com