Jon Torner (ARGIA.com-eko kazetaria)
Joan den urteak Interneten eman duena gainbegiratzean, konturatu gara sarearen jarioa hertsiki loturik dagoela Euskal Herriko aktualitate sozio-politikoa markatu duten gertakariekin. Horien berri zuzenean eman dute hedabide, kolektibo eta norbanako ugarik, euren webgune eta blogetan, Twitter eta Facebooken, foroetan... Unean-uneko informazioa zintzilikatu dute, argazkiak, bideoak, audio artxiboak, grafikoak… bakoitza berean, baina elkar elikatuz. Zuzeneko narrazioak hartu du protagonismoa, gertatzen ari dena garrantzitsuagoa da gertatutakoa baino, eta ingurumari horretan, zeresan franko dute geroz eta baliabide gehiago eskaintzen dituzten gailu mugikorrek, smartphone eta abarrek.
Pentsioen Erreformaren aurkako greba orokorra, Sortu legeztatzeko Bilbon egindako manifestazioa, Udal eta Foru Hauteskundeak, herritarrek Baionan Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa eragotzi zutenekoa, Bilboko Kukutza gaztetxearen aurkako polizia operazioa, Donostian egindako Nazioarteko Bake Konferentzia eta handik hiru egunera, urriaren 20an, ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuenekoa, azaro hasierako uholdeak, Espainiako presidentetzarako bozak, Amaiurren talde parlamentario propioaren afera...
Horiek guztiak –eta beste zenbait– zuzenean jarraitu ahal izan zenituzten ARGIA.com-en, etxe barruko kazetarien eskutik batzuetan, kolaboratzaile sare zabal batekin elkarlanean besteetan. Ez gara bakarrak izan, ezta gutxiago ere, euskaraz lan egin duen komunitateak aktiboki parte hartu du etengabeko informazio jarioan.
Eta horrexegatik hain justu, urtearen errepasoa egitean, zaila da egitasmo edo webgune konkretu batzuk azpimarratzea. Izan dira ekimen aipagarriak, baina horiek ere handituz joan beharko litzatekeen kolektibo baten bultzadaz egingo dute aurrera.
Twitter euskaratzeko kanpainak ditugu horren adibide. Otsailean ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek atxikimenduak lortzeko egitasmoa abiatu zuen, Kataluniako ereduari jarraituz. Bederatzi hilabetetan ia 1.900 lagunek eman zioten babesa ekimenari, eta kopurua hazten doa oraindik. Bigarren kanpaina Joseba Kamiok hasi zuen azaroan, Maite zaitugu, maite gaitzazu zuk ere lelopean. Kanpaina abenduaren 3an amaitu zen, eta haren helburua zen euskal erabiltzaileek egunero mezu bat bidaltzea Twitter-eko administratzaileei, haien itzulpen sistemak euskarari ere ateak ireki diezazkion. Hauxe zen mezua:
"We love u. Please, do love us back". "One twit per day" campaign to get @twitter in basque language. Help us meet the future #basquetwitter
Litekeena da, bestalde, ICANN erakundeak lehen mailako domeinu berriak eskatzeko aukera jada zabalik izatea. Ea ‘.eus’ domeinuak datorren Euskal Kulturaren Urtekari honetan merezi duen lekua hartzen duen...
![]() |
Iraila |
![]() |
1 | 2 | 3 | 4 |
5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
© 2009 ARGIA.com