Ainhoa Agirreazaldegi, bertsolaria.
rtea sendo hasteko modua da Bertso Eguneko saio esperimentala, eta 2011n bertsolaritzaren egokitze gaitasuna izan zen kantugai. Bertsolaritza gaur egun dagoen tokira kamaleoi izaten asmatu duelako iritsi omen, ekosistemaren arabera (antzoki, zinema, taberna, frontoi, gaztetxe...) azala aldatzeko duen gaitasunagatik. Bada, bai, kamaleoia bertsolaria; akaso hurrengo batean saiotik saiora aldatzen ez duen horretaz kantatuz osa liteke Bertso Eguna.
Otsaila hasieran iritsi ziren Umorez jardunaldiak, Bertsozale Elkarteko Genero Batzordearen eskutik. Heziketa tradizionalak gu guztiongan duen eragina aztertu, barne-egiturak deseraiki eta pertsona aske eta aberatsagoak izateko aukeratan sakondu nahi du batzorde horrek, pertsonen aldaketa prozesua bultzatuz. Bertsolaritzari ekarpen handia egin dio dagoeneko eta, poliki-poliki, sortzaile eta zaleen begirada kontzienteagoa ekarriko duela seguru nago. Oraingoz, Emozioen hizkuntza (J.M. Hernandez), Maskulinitate berriak (X. Odriozola), Umorearen bilaketa (L. Ibarguren) eta Ornitorrinkus sailkaezina (M. Lujanbio & J. Montero) ekarri dizkigu jendaurrera. Ahantzi ezin dudan gertaera bat ere utzi zuen: hitzaldi jendetsuak izan ziren eta Bertsozale Elkarteak antolatutako ekitaldi batean, lehen aldiz bildu ginen gizonezko baino emakumezko gehiago.
Negua amaitu aurretik iritsi zen hurrengo ekitaldi garrantzitsua ere: IV. Bertsolamintza. Bertsogintzan gaur egun egon daitezkeen inertziak identifikatu eta aztertzeko ahalegina egin zen bertsolaritzak autoanalisirako lan-tresna dituen jardunaldi horietan. Hainbat ikuspegi azter zitzaketen lagunengana jo, eta galdera zehatzak egin zizkioten Bertsozale Elkartetik. Bertsolarien proiekzioa, gaien garrantzia, gizonezkoen genero-rolak, txapelketek sormenean duten eragina, inertzia ideologikoak, bertsokerak, bertso-eskoletan ikasi eta desikasi beharrekoak… Gogoeta eta proposamen interesgarriak jaso genituen 10 hizlarien eskutik; ea hurrengo urteetan hezur-mamitzen diren.
Urte honetan bat egin dute, halaber, www.bertsoplaza.tv eta www.bertsoa.com proiektuek, azken horren izenpean bilduta; eta aurten argitaratu da Bertsolaritzaren Datu Basea (http://bdb.bertsozale.com/); horren bitartez, Xenpelar Dokumentazio Zentroak bere katalogoa Internet bidez gizarteratu eta maila guztietako ikerkuntza bultzatzen du. Etorkizuna elikatzeko ezinbesteko lan-tresna, dudarik gabe.
Manex Agirreren Arabako txapela, Julio Sotoren Nafarroakoa eta Aitor Sarriegiren Gipuzkoakoa ere ez nituzke aipatu gabe utzi nahi. Hiru txapel hauen atzean, txapeldun bakoitzaren lan izugarria eta bertsolari, bertsozale eta antolatzaile koadrila itzela ditugu.
Neguarekin hasten da urtea eta neguarekin amaitzen. Urte amaieran Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikako V. Kopla Txapelketa izan genuen, bizi-bizi, ziritik eta zorotik, mamitik eta mimotik. Gaztetxea jendez lepo, elkarlan ikaragarri batek giro are ikaragarriagoa sortzen du. Eta neguan biltzen dugu hurrengo urte osorako indarra!
![]() |
Urria |
![]() |
1 | 2 | ||
3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
31 |
© 2009 ARGIA.com