Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Sarrera orokorra

Hitzarmen berri bat, jauzi berri baterako

Zer ote da irakurleak liburuxka mardul honetako orrialdeetan topatuko duena? Euskal kultura, euskal kulturgintza, euskaraz egindako kultura, Euskal Herriko kultura, kultura besterik gabe… Euskal Kulturaren Urtekariaren egileok argi genuen orain artean, baina ezbaian jartzen ari da, eta aurrerantzean hausnarrari leku egin beharko diogu. Bai behintzat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik ernaldutako Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua aintzat hartzen badugu.

Tituluak kulturei egiten die aipamen, baina testuak batez ere kulturaz dihardu oro har, kulturak eta hizkuntzak badirela onartuz, baina guztiak plano berean jarriz, kultur orokorraren planoan. EAEko elebitasuna elebitasun orekatuaren eremura eramanez eta kulturen arteko harremana eta egoera simetriaren lurraldera eramanda. Euskara, hiztun komunitatea, Euskal Herria, lurra… bazter batera metahizkuntza den hori eta gora euskalduntasunaren irudi ireki eta unibertsala. Urtekari honek deskribatzen duena zer ote?

Gaztelaniazko Wikipedia jakintsuak argiago ditu kontuok: ikusi cultura española-z zer dioen eta nola aberasten eta osatzen duten berau “las diversas manifestaciones regionales” delakoek. Edo ikusi, berbarako, “la literatura española” zer den.

Aski ez baduzu, jo Espainiako Kultura Ministerioaren webgunera. Harritu nau Espainiako beste hizkuntzek duten lekua, eta hala ere, funtsean, dagokiena da: itxurakerien ondoren, hizkuntza nagusian denok primeran elkar ulertzen dugulako. Gaztelania hizkuntza dinamikoa da, bizia; besteak estatikoak. Halako izaeratik halako legeak eta egoerak, eta halako kultur kontratuetatik halako legeak etorriko diren beldurra. Denborak esango du.

Urtekari honetako bere artikulu mamitsuan irakurriko duzun bezala, literaturaz jardutean, musikaz, dantzaz… Iñigo Aranbarrik badirudi argi samar duela eta praust egin du jauzi ausart: “Dagoeneko, ezer ez da lehen zena. Garai batean hizkuntzaren batasunarekin eman zen adinako pausua edo handiagoa ematen ari da kulturgintzan”.

Besteak beste, eta datozkigun kultur joerei kosk eginez, Lurreko Telebista Digitala eta kalitateaz ari zaigu Bingen Zupiria; Pello Zubiriak hedabideen kontsumoari buruzko doan-ordainduaren tira-birak josi ditu; eta Xabier Olarrak atzerriko autoreen itzulpengintzarekin jarraitu beharra azpimarratzen du, sarean bai baina –garaiotan hara ezustekoa–… batez ere paperean.
Sormen maila ona ei du euskal kulturak, kalitatezkoa, baina ez da behar legez heltzen kontsumitzailera, balio katean arazoak ditu eta merkatuak ezikusiarena egiten du, ez da behar moduan hedatzen. Hori da MUko HUHEZIren Sorguneak ikertegiak Gipuzkoan egindako ikerketa kualitatibotik atera duen ondorio nagusietakoa. Eta irtenbideei begira, “herritartasun kontratuarekin” zerikusi gutxi duena: “Bistan da beharrezkoa dela euskal kulturaren aldeko kultur politika eraginkorra artikulatzea”. Eta hari horri tira egiteko, Euskal Kulturaren Sailaren iradokizuna.

Hedapenean arazo eta euskarazko hedabideak arazoekin. Ba ote loturarik? Zalantzarik ez, baina euskarazko komunikabideak, finean, euskal kultura beraren isla dira, bere aurrerapen eta aje guztiekin. Azken 30 urteotako erraldoien jauziaz jabetuta ere, krisiak lepotik heldua du sektorea eta zutoin bakarrik ez bada ere, argi dago herri erakunde publikoen sostengua dela garrantzitsuenetakoa. Instituzioei egindako eskaera argia da: beste jauzi bat emateko ordua da eta horretarako egungo sostengua handitu behar da. Gizarteko beste sektore askotan egiten den moduan. Ez da txarra aldarrikapenerako biltzea eta, akaso, beste elkarlan maila batzuetan jarduteko hausnarketatik aterako da bestelakorik ere. Ez da samurra izango, baina ahaleginak mereziko du.

Esku artean duzun Urtekaria bada garenaren ispilu bat, eta bertan, batez ere, proiektu txiki eta ertain askoren bilduma islatzen da. Hori gara, eta kultur desarrollismoak ez gaitu horretatik aterako. Txikia eta ertainaren alboan beti izango da handirik, baina gure kulturaren etorkizuna lehen bietan dago, bai gure izaera halakoxea delako eta baita ere edozelako aniztasun ondo moldatzen delako klabe horietan.

Garai berriak usaintzen dira Euskal Herrian, eta euskal kultur eragileok ere egokitu beharko dugu horietara. Bada oraindik ezagutzen ez ditugun ateak gurutzatzeko ilusiorik. Kultur eta hizkuntzen armonien Itakarik ez dela jakinda ere, bakea behar dugu. Euskal kulturak ere eskertuko du.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan