Net hurbil
GERRA OSTEAN IRAKEN HONDAMENDI EKOLOGIKOA
Kalkulu asko
egingo zituzten Irak erasotzera doazen potentzia handiek erabaki
latz hori hartu dutenerako. Kalkulu ekonomikoak bidenabar.
Baina bestelako kontuak atera dituztenak ere badira: milaka
heriotzekin eta hondamendi ekonomikoarekin batera, triskantza
ekologikoa ere handia izanen baita ondoko hilabeteetan Iraken.
Ehun milaka kontatu beharko dira
Iraken gerrak eragingo dituen heriotzak. Eta munduko petrolio
erreserbarik handiena oinpean duen herrialde horretan guduek
eragingo dituzten kalte ekonomikoek ere zenbakia izanen du
laster. Denbora asko baino lehen, Estatu Batuek gerra abiarazteko
erabakia aspaldi hartua dute-eta.
Gerrari ekiterakoan epe laburreko
etekinak hartuko zituzten kontuan estratega militarrek, gehienetan
bezala, eta ondorengo bi hamarkadari begira Estatu Batuen
energia beharren kalkuluak ere erabakiorrak izan dira jauzi
berri honetarako. Irak eta inguruko herrialdeetan gerrak eragingo
dituen kalte ekologikoak ez dirudi inork asko baloratu dituenik,
eta aldiz horiek oso ondo neurtuta daude duela hamaika urte
burutu zen Golkoko Gerratik. Ordukoa errepika baitaiteke oraingoan...
baina neurri askoz handiagoan.
“Exon valdez” bider 150
Gerra haren atal ezezagun horiek
aztertu dituen erakunde bat baino gehiago bada. Washingtongo
American University-k dituen Mandala izeneko proiektuen barruan,
bada bat gatazkek ingurumenean dituzten ondorioak aztertzen
dituena: "Inventory of Conflict and Environment" (ICE) data
baseak munduko 110 gerra eta gatazka ikertzen ditu ekologiaren
ikuspegitik. Beste erakunde bat Mikhail Gorbatxovek sortutako
Gurutze Berdea da. “Friends of the Earth” (Lurraren Lagunak)
elkarteko bi kidek oso informe garrantzitsua argitaratu dute
berrikitan "The Guardian" egunkarian. Eta gerra hartan hain
ugari erabili zen uranio pobretuaren eraginei buruzko oso
informe zehatza Amsterdameko “Laka” fundazioak eskaini du.
Ikertzaile guztiek azpimarratu
dute kutsadura kimikoaren garrantzia. Hasteko, petrolioak
Kuwaiten eragindako kutsadura izan zen ondorio oso nabarmena.
Saddam Husseinen tropek Kuwaiteko putzuetako iturriak irekita
utzi zituzten beren ihesean, eta horren eraginez historiako
petrolio kutsadurarik handiena gertatu zen. 60 milioi upel
petrolio isuri zen orduan, Alaskan "Exon Valdez" ontzi famatuari
ihes egin zion kopuruaren 150 halako.
46 kilometro koadro hartuz, 246
aintzira beltz eta bizigabe sortu ziren isuri horiekin guztiekin.
Petrolioa hein batean Golkoko uretaraino ere iritsi zen eta
han isuri ziren 11 milioi upel, "Exon Valdez"en 20 halako.
1.500 kilometro baino gehiagoko kostaldea geratu zen luzarako
zikinduta. 80 itsasontzi baino gehiago hondoratu zen gainera
itsaso horretan, eta denetara hamarkadatan konponduko ez den
hondamendia eragin zuten.
Putzu horietako askori, gainera,
su eman zioten irakiarrek etxerantz ihes egiterakoan. 613
petrolio putzu sutu zituzten, eta horien kearen eraginez eskualde
zabal bateko tenperaturak bederatzi hilabetetan 10 gradu hotzagoak
izan ziren.
Eta hori gutxi balitz, Saddamen
kontrako erasoa egin zuten aliatuen makineria militarrak ere
bere mugimendu zamatsuan gogor kaltetu zituen ekosistema oso
ahulak diren desertuko hareak. Gerra bukatuta, Kuwaiteko arduradunek
aitortu dute duna higikorrek aurretik hartzen zuten zabaleraren
bi halako dutela geroztik, eta harea eta hauts ekaitzak orain
gogorragoak direla.
Irakiarrek isuritako petrolioaren
heren bat lortuko zuten berriro biltzea kuwaitarrek. Gainerakoa
hondarretan lurperatu zen, herrialde horretako ur edangarrien
erreserben erdiak luzarako pozoituz. Ingurumenean petrolioaren
atal honek bakarrik 40.000 milioi dolarretako kostea eragin
zuela kalkulatu da. Irak askoz handiagoa izanik, hastear dagoen
gerra are garestiago aterako zaio naturari. Eta hori, kontuan
hartu gabe oraingoan beste eragin kimiko ezberdinak ere izanen
direla: egia bada irakiarrek arma kimikoak badituztela, bai
horiek erabiltzeak edo bai horiek erasoan leherrarazteak eragingo
dituztenak.
Uranio urrituzko munizioak, modako
herio tresnak
Golkoko gerratik nahikoa nabarmendu
ez den beste kaltea uranio urritu edo pobretuz egindako proiektilek
eragindakoa da. Batzuen ustez 300 tona uranio erabili zen
gerra hartan eta beste batzuen iritziz 800. Hainbat ikertzailek
kalkulatu du 50 tonaren erabilerak milioi erdi bat pertsonaren
minbiziak sorraraz ditzakeela ondorengo urteetan. Balkanetako
gerretan ere erabili da munizio mota hau, eta gero eta garbiago
dago Estatu Batuetako soldadu beteranoak berak ere ari direla
horren ondorioak nozitzen.
Uranio oxido hautsa tankeak edo
gotorlekuak zulatzeko munizioetan erabiltzen da, eta AEBetako
armadaren "Abrams" tanke batek horietako "pepino" bat botatzen
duen bakoitzean 900-3.400 gramo uranio barreiatzen du haizean.
Hauts fin hori inguruan daudenek arnastuko dute, edo kilometrotaraino
urrunduko du haizeak, urruti dauden pertsonen biriketaraino
eramanez.
Erasoan doazen tropak ezin dira
behar hainbeste babestu hauts horretatik, eta are gutxiago
arerioak eta inguruan diren zibilak: hauen biriketara bezala
edango duten uretara edo janarietara hedatuko dira hauts pozoitsu
horiek.
Gero eta gehiago erabiltzen da munizio
mota hau, bai tankeen eta helikoptero edo hegazkinen kanoietan,
baina baita soldaduen proiektil ttikiagoetan ere. Horiek ukitutako
lurrak deskontaminatzeko kosteak? Izugarriak: AEBetan egin
zen saio bat froga gisa eta 69 tona jaurti ziren 200 hektarea
uranio oxido hautsetik garbitzeko. 4.000-5.000 milioi dolar
beharko zela kalkulatu zuten. Saudi Arabia, Kuwait eta Iraken
gutxienez 300 tona erabili baziren...
Landareak, animaliak... eta gizakiak
Aipatu ditugun erakunde horiek gainean
dugun gerra honen bestelako eraginak ere aztertu dituzte.
Herrialdeko bioaniztasunak jasango du eraso gogorra. Nazioartean
garrantzitsutzat katalogatuta daude 33 padura edo zingira
Iraken. Hainbat animaliaren berezitasuna ere azpimarratu izan
da, dortoka ugarirena adibidez. 1991ko Golkoko Gerrak erakutsi
zuen zer nolako kalteak jasan zituzten itsasoko plankton eta
animaliek pozoiketa zela medio. Hain famatuak diren hango
ganbak ikaragarri urritu ziren hurrengo urteetan, adibidez,
beste arrainak bezala.
Eta ororen buru, gerraren kalte
ekologiko nagusia gizakien heriotz, zauri eta lekualdatzeek
osatzen dute. Duela mende erditik hona, edozein gudutan hamar
hildakotik zortzi baino gehiago dira zibilak. 1991ko gerrak,
Saddam Husseinen errepresioak eta zigor ekonomikoek Iraken
bost milioi gizaki ihes egitera kondenatu zituen, eta beste
milioi bat herrialde barruan lekualdatzera. Orain Irak lurrez
eraso eta inbaditzen badute, zenbaiten kalkulutan 300.000-400.000
herritar bihurtuko dituzte biktima.
Batzuek arma beldurgarriekin erasoz,
besteek munduko taktikarik zaharrena erabiliz -"etsaiaren
eskuetan utzi baino hobe dena kiskaltzea"- lurraren osasuna
eta milioika gizakirena hondatuko dituzte erremediorik gabe,
urtetarako.
Pello
Zubiria
|