Net hurbil
Indiako herri medikuntza piraten beldur
da
Indiako herri jakintza liburutegi digital
batean dokumentatzeko planak zenbait kritikoren protestak
piztuarazi ditu, nahi gabe biopirateria lagundu dezakeelakoan.
Internet eta bertan islatzen den informazioaren erabileraz
hainbat polemika izan bada, Mendebaldeko herritarrok askotan
pentsatu ez dugun ikuspuntu batetik kritikatu dituzte digitalizazioaren
eta mundializazioaren ondorioak Indian.
Indiako ahots kritiko horien iritzian, atzerriko konpainia
handiek erraz eskuratuko lukete herri txiroen jakintza tradizionala,
farmaindustria eta informazio konpainia handi horiek produktu
berriak garatuko lituzkete -botikak adibidez- eta bertako
herritarrekin ez lituzkete beren onurak partikatuko.
Liburutegiaren aldekoek aldiz uste dute hori era irekian antolatzea
dela kanpoko konpainiek patente bidez Indiako antzinako jakintza
ustiatzeari bidea ixteko manera. Horrela lortuko luke Indiak,
Ikerketa Industrial eta Zientifikoen Kontseiluko burua den
Raghunath Mashelkar-ek dioenez, konpainia horiekin patente
borroka latzetan ez sartzea. Bi jarreren arteko polemikari
leku egin berri dio Hirugarren Munduko gaiei garrantzia berezia
eskaintzen dien SciDev.Net zientzi guneak.
SENDAGAI AYURVEDIKOAK
DIRU ITURRI. Traditional Knowledge Digital Library
(TKDL) proiektua aurrera badoa, senda belar eta landareen
database egoki bat egongo da bai DVD formatuan eta bai Interneten.
Eta bere bultzatzaileek diotenez, mugimendu honekin erdietsi
nahi dute errotik moztea Indiako hainbat produkturen gainean
patenteak izatea, hala nola basmati arroza, turmeric -edo
kurkuma- edo neem delakoari buruzkoak.
Aipatu ditugun izen horiekin irakurle askok ez zuen askorik
ulertuko, baina bai noizbait Ekialdeko sendabelarrekin edo
zehatzago Ayurveda medizina edo terapiekin harremanen bat
izan dutenek. Estatu Batuetan eta etorkin hinduek garrantzia
duten lekuetan -Britainia Handian, kasurako- gero eta erabiliagoak
baitira medikuntza alternatibora jotzen duten herritarren
artean.
Proiektuarekiko kritiko direnen artean dago Devinder Sharma,
New Delhiko Bioteknologia eta Janarien Segurtasunerako Forumeko
lehendakaria. Bere ustez, indigenen herrialdeetako ezagutza
-luzaz hizkuntza eta kulturazko hesiek babestu dutena- "orain
farmaziako industriari plater digital batean eskainiko zaio
oso erraz eskuratzeko moduan". Alor horretan gero eta
diru gehiago jokatzen da, eta osasunbide alternatiboei lotutako
komertzioetako produktuei pitin bat erreparatu beharrik ez
dago horretaz jabetzeko.
Chennai hiriko M.D. Nair patente kontsultoreak ere zalantzak
ditu liburutegi horrekin Indiako jakintza tradizionala babestu
ahal izateaz, gaurkoz ez dago-eta hortik eratorritako ezein
inbenturen patente eragozteko modurik. Honen ustez, TKDLk
Indiari onuraren bat ekarriko dio bakarrik aldez aurretik
konpainiekin adosten bada liburutegi horretako ezagutzaren
gainean oinarritutako edozein inbenturen etekinak partikatzea.
Bere ustez hori jadanik gertatzen ari da bioteknologiako zenbait
alorretan, industriak eta estatuek sekuentzia genetikoak erabiltzeko
royalty sistema adostu dutelako. Baina ez du uste biopirateria
saihetsi ahal izango duenik TKDL honek.
HERRI JAKINTZAREN SOSAK NORENTZAKO?
Proiektuaren aldekoek behin
eta berriro diote beldur horiek debaldekoak direla, baina
badaezpada eransten dute TKDL hori ez dutela konpainien esku
utziko segurtasun mekanismo guztiak lotu artean, Jabego Intelektualaren
Munduko Erakundearen garantien arabera.
Antzeko izena baina izaera ezberdina duen Jabego Intelektualaren
Eskubideen Batzordeak -Londresen du egoitza honek- irailean
eman du bere ebazpena eta Indiako kritikoenen argudio batzuei
kasu egin diela dirudi. Beste zenbait arauren ondoren, etekinen
partikatzeari buruz zera dio batzorde horrek: patente bat
ezartzen duenak argi utzi behar duela erabiltzen dituen material
genetikoen jatorri geografikoa eta elkarturik daraman ezagutza
tradizionala, eta bermatu behar duela bai gai edo produktu
baten lehen ezagutzaileak bere baimena ematen duela eta bai
material horren etekinak zuzen partikatuko direla.
Liburutegi birtual horrek osatua egon behar zuen joan den
irailerako, baina horrelako egitasmoetan askotan gertatzen
den gisan -eta polemika honekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik-
berandutu egin da. Ingeles, gaztelera, aleman, frantses eta
japonieraz -hindi hizkuntzaz gain- egongo da liburutegi hau,
eta Nazioarteko Patente Sailkapen Sistemari lotuta egonen
da.
Heldu den urterako berriz 35.000 Ayurbeda -belarretan oinarritutako
medikuntza sistema antzinakoa- formulazio izanen da irakur
gai sarean, eta jadanik lan guzti horren hiru laurdenak burututa
daude.
Jadanik Mendebalde aberatsa Hirugarren Munduaren jakitateaz
baliatzen ari da: ikusi besterik ez dago Indiako eta Txinako
osagarri tradizionalek zernolako indarra hartu duten herrialde
hauetan. Orain afera zera da: jakitate hau Mendebaldean era
ezberdin batean etiketatu eta patentatu ondoren, irabaziak
partikatu ez eta gainera Hirugarren Mundura ez ote den itzuliko...
ordainduta, gainera.
Pello
Zubiria
|