Mugaldekoak 40ko hamarkadako lehenengo urteetan dago girotua, mugaren alde honetan Gerra Zibilaren zauriak oraindik irekita zeuden eta bestaldean Alemaniako armadaren okupaziopean bizi ziren garaian. Comète sarea da ardatz nagusia, Bigarren Mundu Gerran Nafarroako mugan kokaturiko fenomenoa: etsaiaren lurraldean eroritako hegazkinlari ingelesen ebakuazio klandestinoa. Hegazkinlariak Alemaniako armadaren lerroetatik Ingalaterraraino eramaten zituzten, Frantziaren eta Espainiaren arteko pasabide arriskutsua zeharkatuz, kontrabandoaren ohiko bideetatik. Sareak nazioarteko partaideak zituen: ingelesak, frantsesak, belgikarrak eta, batez ere, euskaldunak. Gerraondo giro horretan, herri baten eta bertako familien bizitza pribatuen historiak ere ezagutuko ditugu: maitasuna, gorrotoa, leialtasuna, traizioa, sekretuak, gezurrak, aitorpenak, aurkikuntzak, eta abar... Zuzendariek 2006an Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuten Kutsidazu bidea, Ixabel filmearekin. (Zinemaldiko webgunetik hartuta)
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.