« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Zehatzago izan ezean, nekez iraultzarik

2010-09-17 18:23:32 | Gorka Bereziartua

Daniel Martinez, Chicogranderen rolean

Egin beharreko aurreneko galdera da: Mexikori buruz bakarrik ari ote da Felipe Cazals Chicogranden? Besteren herrian muturrak sartuta dabilen soldaduari sortzen zaizkion kontraesanak islatzen ditu hoberen Sail Ofiziala zabaldu duen filmak; herren egiten du, ordea, alor nagusietan.

Juan Manuel Bernalek antzeztutako mediku militarraren bidez azaleratzen dira zalantza moralak: familiari idazten ikusten dugu, esanez gerra baino, basakeria dela Mexikon egiten ari direna. Pancho Villa atxilotzeko aitzakian, herritarrak ari dira preso hartzen eta torturatzen. Ezin eraman, baina isildu behar: AEBetako armadari egindako zinak behartzen du.


Horri esker gaur-gaurko pelikula da Cazalsena. Kendu 1916, jarri 2001 edo 2003; kendu Mexiko, jarri Irak, Afganistan; kendu Villa, jarri Bin Laden, Hussein. Antzekoa da inbasoreak aurkitzen duen problematika, lupa behar bezainbeste urrunduz gero.

Baina Bernalena bigarren mailako pertsonaia da, eta hari nagusia makalagoa. Villari lagundu nahi dioten bi gerrillarien antzezpena oso beratza iruditu zait, laua; eta sasian dabilen inoren bizimodua sinesgarri egiteko, tentsioa faltan bota dut. Haiek ehizatu nahian dabilen Mayor estatubatuarrarena (Daniel Martinez) aldiz, gehiegizkoa. Gaiztoaren gaiztoz karikaturara hurbiltzen da.

Bildu pertsonaia horiek westerna izan gura lukeen zerbaiten barruan eta hor doa pelikularen enborra salatarien, puten eta soldadu mozkorren artean noraezean. Amaieran dator zuzendariak eman nahi zuen mezua: Villaren partidua zergatik hartu zuen azaltzen du Chicograndek (Damian Alcazar). Baina nire irudiko, testuingurutik erabat kanpo geratzen da, inork egin ez duen galderari erantzungo balio bezala. Gai gehiegi, ordu eta berrogei minutu eskasetan txukun kabitzeko. Ezetz: horrela ez dugula iraultzarik egingo, ez Mexikon, ez Donostiako Zinemaldian.


SAIL OFIZIALA
Chicogrande.
Zuzendaria: Felipe Cazals.
Aktoreak: Damial Alcazar, Juan Manuel Bernal, Daniel Martinez.
Mexiko.
100 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403