« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Testigantza gordina, mingarria... eta kementsua

2010-09-22 13:09:16 | Mikel Garcia

Filmeko irudia.

Ondo eginiko dokumentalei nekez gailenduko zaie fikzioa: errealitateak erakusten digu irudimena baino boteretsuagoa dela askotan. Gerra Zibilean eta frankismoan Saturrarango kartzelan izan ziren emakumeek bizitakoa horietako kasu bat da: historia gogorra da, garratza, min ematen duen horietakoa, baina dramatismorik gabe kontatu du Debekatuta dago oroitzea dokumentalak, negarrik eta imintzio handirik gabe. Eta horrek are boteretsuago bilakatzen du dokumentua.

Preso egon ziren emakumeei eman diete ahotsa zuzendariek, eta protagonisten kemena da hain zuzen pelikulari indarra ematen diona. Natural azaltzen dituzte kartzelan igarotako urteak, umorearekin zenbaitetan, patxadaz, denbora hartuz. Hainbeste urteren ostean, ulertuko zuten akaso gorrotoak eta saminak kalte baino ez diela egingo, eta pairatutako ankerkeriak ezagutaraztea izan daitekeela moja kartzelari frankisten aurkako mendeku onena, jendeak hura guztia ahantzi ez dezan. Pasadizo latzak dituzte hizpide: hildako alaba, gosea, esplotazioa, zikinkeria, gaixotasunak. Baina egunero lagunen bat lurrera ziplo erori eta hilda zegoela jakitea, edo laurogeitaka urterekin berriz dilistak ezin jatea (kartzela garaiko harrez beteriko dilista nazkagarriak ezin dituelako ahaztu), horrelako detaileek osatzen digute izugarrikeria haren koadroa, bukaerarako ikuslea arnasarik gabe uzteraino.
 
Ez dago hitz handi eta potolorik emakume borrokalari hauen kontakizunetan. Bizitakoa baino ez dute azaldu, “bizitza horrelakoa baita”. Baina horietako bati entzuteak askatasuna munduko gauzarik handiena dela, horrelako esperientziak aditu ostean hartzen du benetako esanahia.
 
ZINEMIRA SAILA
Debekatuta dago oroitzea
Zuzendariak: Txaber Larreategi, Josu Martinez.
Euskal Herria. 53 minutu

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • User Gravatar Lander A. - 2010-09-22 17:31:25: ze gogoak ditudan ikustera joateko!
ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403