« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Romeo eta Julietaren amodio jubilatua

2010-09-24 17:55:10 | Gorka Bereziartua

Aktore ez-profesionalak dira Addicted to love filmeko protagonista

Kasualitatez-edo, Liu Haok Sail Ofizialean aurkeztu duen pelikularen titulua, ingelesera itzulita, Robert Palmerren kanta baten bera da: Addicted to love. Baina pelikula ikusi ondoren “addicted” hori gehiegizkoa iruditu zait. Ez baikaude pasio kontrolaezinen eremuan. Lakoniko samarra da filmaren tonua.

Gai zentrala laburbiltzeko, zilegi bekit konparazio erraza: erretreta hartu duten Romeo eta Julieta dira Haoren filmeko protagonistak. Elkarrekin egon nahi dute baina seme alabek (batez ere emakumearen alabak) uzten ez. Romeo txinatarra burugogorra izan ordea, eta erosketak egiterakoan ez bada, ilobaren bila haurtzaindegira joatean, lortuko du Julietarekin egotea. Bien arteko elkarrizketek garai zaharrak oroitzeko balioko dute hasieran; gero, komedia txikirako.

Istorioak puntu bateraino ez dauka arazorik, baina behin protagonistek elkarrekin egotea lortzen dutenean bukatu beharko litzateke, nire ustez. Horren ordez, Haok beste ordu erdi luzatu du, harremana nola garatzen den erakusteko, debalde. Momentu batean alzheimerra azalduko da (Zinemaldi honetako modako gaitza: Bicicleta, cullera, poma; Poetry; Barney's version) eta sukaldetik agurearen gela erakusten duen enegarren planoaren ostean bukatuko zaigu filma. Azken ordu erdiaz, nik behintzat, ezin izan dut ondorio garbirik atera.

Azpimarratzekoa kameraren lana, nahiz eta, bukaerarako,  estilo-marka  errepikakorregia bihurtzen den plano batzuk beti leku beretik grabatzeko joera. Pelikularen aberastasun kromatikoak ere arreta deitzen du. Zahartzaroko maitasunari buruzko gogoeta interesgarria eskain zezakeen. Artaziak erabili behar, ordea. Eta agian, Palmerren ordez, Joy Division aukeratu: “love... love will tear us apart...”.

SAIL OFIZIALA
Addicted to love
Zuzendaria: Liu Hao.
Aktoreak: Niu En Pu, Jiang Mei Hua.
Txina.
112 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403