2010-09-25 17:34:42 | Mikel Garcia
Eta horregatik ez du ulertu/baloratu nire obra handia. Kultur ezjakintasun orokorraren aitzakia hartuta justifikatu ohi du hainbat zuzendarik bere filma ikusleen gustuko ez izatea. Ados, jaialdietako zinema desberdina izaten da, ez hain komertziala eta mastekatua, eta arreta eta ahalegina eskatzen dizkio ikusleari, baina zabarkeria franko ere egin da esperimentazioaren izenean. Horregatik, zein ona den kritikak eta publikoak bat egiten dutenean, kalitaterik gabeko obrak ez baitu historian luzaro iraungo, baina ikuslerik ez duena ere ez da urrun iritsiko.
Aurtengo Zabaltegik batasun hori lortu du orokorrean: Publikoaren Saria jasotzeko hautagai izan diren hamabi filmetatik bederatziri 7 notatik gora eman diete ikusleek. Aldi berean, film horiek goraipatu egin ditu kritikak, oro har. 8,879 notarekin, Barney’s Version izan da publikoaren garailea. Poetry fina,Tuan Yuan bitxia, Carancho basatia aurretik jarriko nituzke nik, baina Barney’s Version ere gustatu zait: Barney Panofsky bizizale eta alkoholikoaren gorabeherak kontatzen dizkigu komedia dramatikoak, eta aktoreen lana bikaina da, batez ere Paul Giamatti protagonista handiarena.
Zabaltegin banatzen den beste sari nagusia zuzendari berri onenarena da. Carlos César Arbeláez kolonbiarrak irabazi du, Los colores de la montaña lanagatik. Aipamen berezia egin diete La vida útil eta Nothing’s all bad pelikulei. Ezohikoak dira, argumentuagatik, eta batik bat kontatzeko eragatik. Eta orijinal izatea kontuan hartzeko ezaugarria da, inondik inora.
Azkenik, dokumentalek aparteko protagonismoa izan dute aurtengo edizioan, eta eskertzekoa izan da, ondo landutako obra ederrak ikusi baitugu, errealitatea hizpide: hala nola, Guest bidaiaria, Bin Ladenen bizkartzain ohia protagonista duen The Oath, eta Saturrarango kartzelari buruzko Debekatuta dago oroitzea mingotsa.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403