« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Poesia ere garratza izan daiteke

2010-09-17 20:15:25 | Mikel Garcia

Poetry-ko protagonista.

Bizimodu eder, lasai, zoriontsu eta inuzentea darama Mija andereak. Arazo bat du, baina: poesia egin nahi du, eta ezin olerkirik idatzi. Agian, horixe da arazoa: koloretsuegia iruditzen zaio egunerokoa, baikorregia, errazegia. Errealitateak bortizki astinduko duen arte.

Eta orduan, bere mundua eroriko da, sexu bortxaketak, dirua, gezurrak, heriotza tarteko. Krudela baita bizitza, eta krudelkeria osoz harrapatuko du Mija. Errealitate gordina, hala ere, poesia handiz landu du Lee Changdong zuzendari hegokorearrak, ankerkeria ere mimoz kontatu daitekeela erakutsiz, detaileetan arreta jarriz, begiradetan, harremanetan. Lasai eta geldo doa pelikula, Mija bezalatsu, baina erabaki sendoak hartuz, bidean galdu gabe, beti aurrera, etorriko dena amildegia izan daitekeela jakin arren. Aukeran filma laburragoa ere izan zitekeen (bi ordutik gora irauten du), baina ez da astun egiten, besteak beste adineko protagonistak (Yun Junghee) maisutasunez antzezten duelako inozentziaren eta etsipenaren arteko nortasun konplexua.
 
Azkenean, egoera berriak eragindako sentimendu parrastak lagunduko dio Mijari poesia egiten; poesia samina, latza, bizitza bera bezalakoa. Ziurrenik, hobe luke arazo bakarra balu: poesia egin nahi eta ezin izatea.
 
 
ZABALTEGI SAILA
Poetry
Zuzendaria eta gidoilaria: Lee Changdong
Aktoreak: Yun Junghee, Lee David, Kim Hira, An Naesang
Hego Korea. 139 minutu.

 

  • Erantzunak (2)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • User Gravatar Mikel Garcia - 2010-09-21 20:31:52: Guztiz ados, Ekhiñe. Oso bukaera irekia du, zuk diozun moduan ziurrenik ikusleak munduaz duen ikuspegiaren araberakoa: gehienek zioten gaizki bukatzen zela (ikusi ez duenari ezer ez aurreratzeagatik, ez dut gehiago zehaztuko), baina protagonistak berak elkarrizketetan adierazi du bere ustez positiboegia eta alaiegia dela Mina, gertatutakoa gertatuta ere bizitzari baikor begiratzen ez jarraitzeko.
  • User Gravatar Ekhiñe - 2010-09-21 13:19:20: Ederra da amaieran zuzendariak ikusleari bere interpretazio propioa egin dezan uzten dion aukera. Emakumearen izaera baikorrak bizirik dela ulertarazi digu batzuei. Agurearekin duen harremana eta gaztearekiko joera, berriz... etsipena ala pena?... filmeak gogoan dirauen zaporea uzten du, zaporea ere ikuslearen araberakoa.
ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403