« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Meskita, ideologiaren objektu sublimea

2010-09-20 18:12:26 | Gorka Bereziartua

A Jamaa filmeko eszena bat

Mohak bere lurra alokatu die zinegile batzuei, pelikula bateko dekoratuak han eraiki ditzaten. Eta dekoratuetako bat meskita baten erreprodukzioa da. Baina filma bukatuta, herritarrak han otoitz egiten hasiko dira, eta Mohak lurra galduko du. Daoud Aoulad-Syad zuzendari marokoarrak botere-harremanei buruz zer pentsatua ematen duen lana erakutsi du gaur Sail Ofizialean: A Jamaâ (Meskita).
 

Abiapuntu absurdu xamar horrek tokiz kanpo utziko du Moha. Bere lur pusketatxoa landuz ateratzen zuen bizimodua, eta orain kanpoan aritzera behartuta dago. Hala ere, badirudi inork ez duela jabetu nahi bidegabekeriaz. Pertsonaiaren ethosa klasikoa da: Moha gizarteko arauek itotzen duten pertsona bakartia da. Gainera, ez dauka modurik egin diotena esplikatzeko eta “dena zinemaren errua da” errepikatzen du etengabe. Bitartean benetako errudunak (meskitan meza ematen duen Imana eta herriko agintariak) konbentzitu nahian alferrizketan ariko da.

Norbaitek Islamaren kontrako kritika antzemango du filmean. Ez da hori, nire ustez. Edo ez hori bakarrik. Termino zizekiarretan esateko, ideologiaren objektu sublimea da meskita. Zinemarako prestatutako dekoratu ezdeusa, fantasia ideologikoari esker leku sakratu bihurtu da eta Mohak ez dauka zereginik horren kontra. Baina egin dezagun ariketa: Islamaren ordez jar dezagun totem gisa garapen ekonomikoa; meskitaren ordez AHT bezalako proiektuak; Moharen lurraren ordez, hainbat euskal herritarri desjabetutako terrenoak. Mekanismoak berdin-berdinak dira Marokon eta hemen, eta mekanika hori esplikatzeko abildadean dago Daoud Aoulad-Syaden filmaren unibertsaltasuna.

Halere, nahiago izango nuen absurdua muturrerago eraman izan balitz. Indarra falta zaio pelikulari; ikusle hau behintzat ez da protagonistaren larruan sartu inongo momentutan, beharbada zuzendariak kontatzeko modu aseptikoegia aukeratu duelako.

SAIL OFIZIALA
A Jamaâ.
Zuzendaria: Daoud Aoulad-Syad.
Aktoreak: Abdelhadi Touhrach, Bouchra Hraich, Mustapha Tahtah.
Maroko.
85 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403