2010-09-18 12:51:56 | Gorka Bereziartua
Aspaldi pantailan hainbeste odol ikusi gabe, ezta hain modu anitzetan isuria ere. Kim Jee-Woonen Akma-Reul Bo-at-da (euskara jatorrean, Deabrua ikusi nuen) bi film ezagunen nahasketa gore samarra iruditu zait: David Fincherren Seven eta Don Siegelen Dirty Harry.
Poliziaren emaztea hil eta zitzikatuko du hiltzaile gupidagabe batek. Haren burua ibaian aurkituko dute eta, senarrak hiltzailea bilatzeari ekingo dio. Baita azkar putan aurkitu ere. Baina mendeku arruntaren ordez (dezente sufriarazi ondoren patrifilioak egin), vendetta eternala bilatuko du, emaztea kendu zion gizon hori Sisifo berri bihurtu nahian-edo. Bizkarrak ederki berotuta libre utziko du, baina berriz gaiztakerian hasi bezain pronto polizia azalduko zaio, muturreko eta ostiko entsalada banatzeko. Gero kontua kontrolaezina bihurtuko da poliziarentzat, eta uste baino jende gehiagok bukatuko du sator artean.
Antagonistak, sarreran esan bezala, Seveneko John Doe ekarri dit gogora, biktimak kalitzeko hoztasuna dela-eta. Polizia, aldiz, Harry Callahan korearra izan zitekeen, justizia interpretatzeko modu berezko eta etikoki zalantzagarri horrekin.
Aukeran luzexka, Kim Jee-Woonen filmaz ezingo da esan tentsioa falta duenik behintzat: behin baino gehiagotan salto eginarazi dit eserlekutik. Baina gehiegizkoa da zenbait aspektutan. Poliziaren emaztea hil ondoren melodramara hurbiltzen da eta indarkeria ere esplizituegia iruditu zait; hainbeste, azkenerako barregarri bihurtzen dela, ketchup gehiegi duten B Saileko filmen tankeran. Eta, analisi sakonagoa mereziko lukeen arren, ez zait sinesgarria egin emakumeek, oro har, pelikulan betetzen duten rola: ardiak hiltegira nola, halaxe doaz killer-en atzaparretara, autodefentsa posible izango ez balitz bezala; salbazio bakarra gizon karatekaren bat azaltzea balitz bezala.
SAIL OFIZIALA
Akma-Reul Bo-at-da.
Zuzendaria: Kim Jee-Woon.
Aktoreak: Lee Byung-Hun, Choi Min-Sik.
Hego Korea.
141 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403