Inozentzia zirtziltzen duten sekretuak
2010-09-22 09:59:12 | Gorka Bereziartua
Hamaika pelikula egin dira 36ko gerraz eta beste hainbeste gerraosteaz. Liburuak zer esanik ez. Eta zaila da, honezkero, garai horretan kokatutako film batekin ezer berririk esatea. Agusti Villarongaren Pa negrek asmatu du ordea. Beharbada, 1940ko hamarkadan kokatu arren, ez delako film historiko edo politikoa. Osagai horiek beste zerbaiterako erabiltzen ditu.
Emili Teixidorrek Kataluniako Literatura Sari Nazionala eskuratu zuen 2004an pelikula hau inspiratu duen nobelarekin. Abiapuntua: hilketa basoan; ezezagun batek zaldi eta guzti botako du amildegian behera gurdia, aita-semeak barruan. Andreuren aitari (gerran ezkerbidea hartutakoa) egotzi nahiko diote hilketa.
Inozentziaren galeraz, iragana ezkutatu nahiaz, familia harremanez... hitz egiten du pelikulak, genero ugari nahastuz, batzuetan fantasiaz, beste batzuetan detektibe-filmen osagaiekin. Andreuren ingurua gezurrez eta egi-erdiz beteta dagoela ikusiko dugu. Haurrak misterio horiek argitu ahala, azukrea uretan bezala desegingo zaizkio inguruko pertsonaiak; filmaren amaierarako, bere burua aurrera ateratzeaz landa, ez zaio geratuko inolako heldulekurik.
Zer kendua ere ez zaio falta: pertsonaia oso bat, Andreuk basoan biluzik korrika ikusten duen gazte tisikoa, alferrik dago nire ustez. Eta zer konpondua: agian umea, une batzuetan, helduegia da daukan adinerako; eta agian gai batzuk (maisuaren pedofilia, kasu) arinegi pasatzen dira.
Oro har ondo funtzionatzen du pelikulak, halere. Puzzlearen piezak behar bezala sartu ditu Villarongak eta irakurketa maila anitzeko lana osatu du. Baten batek esango du middlebrow erako filma dela, zuzendariak ez duela arrisku handirik hartu. Baina, festibalaren puntu honetara iritsita, nahiago batez besteko publikoarentzako film txukunak ikustea, Sail Ofizialean sartu duten zerri-jana (Eat, pray, love, El gran Vázquez) edo zuzendari batzuen megalomania (Raul Ruiz, Misterios de Lisboa) agoantatzea baino.
SAIL OFIZIALA
Pa negre
Zuzendaria: Agustí Villaronga.
Aktoreak: Francesc Colomer, Marina Comas, Nora Navas, Roger Casamajor.
Katalunia.
108 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403