Don Vito eta lagunak, argentinar erara
2010-09-20 19:18:14 | Mikel Garcia
Ez dago espagetirik, ez zaldi bururik ohean, ez behatz mozturik. Baina istorio mafiosoen esentzia mantentzen du Carancho filmak. Sopranotarren eta Al Caponeren mundua baztertu eta egungo Buenos Airesen kokatzen gaitu pelikulak, estilo propioa garatuz, baina zinema beltzaren keinu onenak kontserbatuz.
Auto-istripuetako biktimak harrapakin errazak dira, gero aseguru-etxeei ahalik eta diru gehien zukutzeko. Pikareska moduan hasten dena, ordea, negozio handia da ondoren, ustela, korruptua. Eta dirua (diru asko) jokoan dagoenean, barruan daramagun Vito Corleone ateratzen zaio bati baino gehiagori. Tiroketak ez dira falta, ez eta zonaldea kontrolatzeko botere borroka, mehatxuak, kontu-garbitzeak, traizioak, joko zikina, diruz betetako maletina, ironia fina (argentinar moldeekin)…
Beltza, oso beltza da pelikula. Eta oso argentinarra. Buenos Aires megalopolisean, pertsonaia identifikagarriak eta ondo landuak irudikatu ditu Pablo Trapero zuzendariak (Sail Ofizialeko epaimahaikideak), baina bizitzaren bihurgune ilunek hankaz gora jarriko dute euren eguneroko lasaia. Protagonista aurpegi ezaguna zaigu jada: Ricardo Darin aktorea, film argentinarretan beti hain presente. Eta hala ere, sinesgarria da bere lana, kontu nahasietan korapilaturiko gizon tristearen rolean.
Zinema mafiosoa faltan botatzen baduzu, aukera ona da Carancho, argentinar kutsu berezkoarekin, gainera.
ZABALTEGI SAILA
Carancho
Zuzendaria: Pablo Trapero
Aktoreak: Ricardo Darín, Martin Gusman, Carlos Weber, José Luis Arias, Fabio Ronzano.
Argentina-Txile-Hego Korea-Frantzia. 107 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403