Bin Ladenen bizkartzain ohiak badu zer kontatua
2010-09-21 19:15:38 | Mikel Garcia
Dokumental soila da The Oath, klasikoa, informatiboa, efektu eta estilo azpimarragarririk gabe. Baina ez du gehiago behar, materiala harribitxia baita: Osama Bin Ladenen bizkartzain ohia. Kazetaritza lan handi honetan, yihadismoaren muinetara gerturatuko gaitu zuzendariak, Bin Ladenen zerbitzura lan egin zuen yihadista eta preso-ohiaren eskutik.
Edozein kazetariren ametsa bete du Laura Poitras zuzendariak (eta Sail Ofizialeko epaimahaikideak): Abu Jandal-en bizitzan sartu eta bere egunerokoa filmatu du. Gaur egun, taxilaria da Jandal, atentatu batean parte hartzeaz akusatuta Yemengo kartzelan egon eta handik atera zenetik. Aurretik, Bin Ladenekin egin zuen lan; Afganistanera iristen zirenei ongi-etorria emateaz arduratzen zela dio, eta gero ekintza batera edo bestera bideratzen zituen. Irailaren 11ko atentatuan parte hartu zuten 19 lagunak, adibidez, ongi ezagutzen zituen protagonistak. Borroka yihadistaren inguruan asko daki Jandalek, eta ziurrenik dena kontatu ez badu ere, dokumentalean luze eta zabal ari da erlijioaz, AEBen politikaz, borrokaz, familiaz, Bin Ladenengandik jasotako irakaspenez, ekintzak gauzatzeko eta elkarrekin komunikatzeko zuten metodologiaz, erabiltzen zituzten armez, helburuez. Harritzekoa da gai batzuei buruz hitz egiteko duen naturaltasuna, hain da sekretua informazioa. Aldi berean, Jandalen koinatuari gertatutakoa ere kontatzen du dokumentalak: Salim Hamdan Bin Ladenen txoferra zen, eta Guantanamora eraman zuten AEBetako militarrek. Prozesu judizial guztia eskaini digu Poitrasek.
Dokumentalek protagonismo berezia dute Zinemaldiko aurtengo edizioan. Atzerabegirakoetako bat genero honi eskaini zaio, eta bai Sail Ofizialean, bai Zabaltegin film bat baino gehiago dira dokumentalak. Batzuk ausartagoak dira, edo berritzaileagoak, edo ikuslea hunkitzea dute xede. The Oath zuzena da, soila, informatiboa. Baina hori informazio puska!
ZABALTEGI SAILA
The Oath
Zuzendaria: Laura Poitras
Aktoreak: Abu Jandal, Salim Hamdan.
AEB. 96 minutu.
Ez dago erantzunik.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403